pilota
Abel Barriola. Aspeko pilotaria Eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta sei hilabete egin beharko ditu jokatu gabe. Leitzako pilotaria, baina, baikorra da, eta hantura jaits dadin irrikan dago berrindartze prozesua hasteko. «Azken finean, bizitzako beste irakaspen bat da, eta nik hala hartzen dut» Imanol Magro. Donostia Umoreko dago, etxean eta ezer egin gabe, baina umoreko. Bi aste egin behar ditu geldirik, hantura jaits dadin, eta Abel Barriola denbora hori pasa dadin irrikan dago berrindartze lana hasteko (Leitza, Nafarroa, 1978). Halere, badaki belaunak jarriko dizkiola epeak, eta ez du burua estutu nahi lau t'erdikorako sendatzearekin. Zer moduz zaude? Moralez ondo nago. Ebakuntza ondo irten zen, eta, oraingoz, dena ondo doa. Medikuak esan zidanez, berrindartzea oso garrantzitsua da, eta gorabehera asko izanen ditut. Astebete baino ez da pasatu, eta dagoeneko nabaritu ditut gorabeherak. Ebakuntzaren ondoren, egun bakar batean joan naiz berrindartzera, baina gorabeherak nabaritu ditut minarekin. Egun batzuetan oso itxura ona du belaunak, eta, beste batzuetan, handituta dago, eta oinaze handia ematen du. Alde horretatik, nahiko lasai nago, garrantzitsua orain hantura jaistea delako. Hurrengo bi asteetan, hantura jaisten saiatu behar dut, eta benetako lana horren ondoren hasiko da. Izotz poltsa gainetik kendu gabe zabiltza orduan. Atsedena, etxean egiteko ariketa arin batzuk, eta izotza. Izotz mordoa eta hanturaren aurkako botika batzuk. Egun batzuk pasatu dira ebakuntza egin zizutenetik, aztertu al duzu hotzean prozesu guztia zer izango den? Gogo ikaragarria izanda ere belaunak aginduko duela onartua dut. Badakit nik ahalegin guztiak egingo ditudala errekuperatzeko, eta badakit ere hala izanagatik belaunak aginduko duela, eta horren erritmora joan beharko dudala. Lehen aste honek frustrazio pixka bat sortzen dizu, nahi bai, baina ezin duzulako ezer egin, eta hori une txar eta onak egongo direla jakinda. Sei hilabete denbora asko da. Bai, baina azken finean bizitzako beste irakaspen bat da, eta nik horrela hartzen dut. Noski orain zalantza dudala ondo jarriko naizen, dejadetara iritsiko naizen, aurrekora itzuliko naizen, fisiko aldetik jaitsiko naizen... Baina hori guztia dakarte lesioek. Baina, tira, buelta gehiegirik ere ez diot ematen, gauza horiek guztiak lesioaren zatiak dira. Aurretik ere izan zenuen lesio larri bat eskuan, esperientzia horrek hau pasatzen lagunduko dizu. Hura pasatu izanak lagunduko dit; eskuarena, gainera, larriagoa zen, beldurrezko une horietan informazioa garrantsitsuena delako, eta niri eskuarena gertatu zitzaidanean informazio oso gutxi nuen. Patxi Eugi zen kasik ebakuntza egina zuen bakarra, eta, ondoren, harri kozkor bati jo behar diozu. Zalantza nuen berriz ere pilotari izango nintzen ala ez. Oraingoan, berriz, informazioa badut, kirolari askok hots egin didate, eta denek esan didate gehiago edo gutxiago kostata aurrera egingo dudala. Juan Rekalde palistarekin hitz egin omen duzu gehien. Hortik pasatu den jende askok hots egin dit, Enrike Galarzak, Ritxar Tirapuk, Juan Rekaldek, Tiko futbol jokalariak... eta animoak eman dizkidaten guztiei eskertu nahi nieke. Kirolariok halakoetan elkarri laguntzen diogu, pilotari bati eskuetako ebakuntza egiten diotenean niri ere gustatu egiten zait deitzea, esperientzia horretatik pasatu naizela azaldu eta laguntzeko. Ebakuntza pantaila batean ikusi zenuen; adorea behar da, gero. Eta hori ni beldurtia naizela! Halako gauzak ez zaizkit gustatzen, baina egia da pertsona bat larri dagoenean beti azaleratzen dela ausardia puntu bat. Gero ere, anestesia epidurala izan arren, buruan ere efektu pixka bat egingo zidala uste dut, eta ikusi nuen. Esperientzi berri bat zen, polita, eta nire herriko mediku bat, Javier Eskubi, dena azaltzen aritu zen. Telebistan agertzen dena ez duzu ulertzen, eta hark esaten zidan: orain hezur-muina zulatzen ari dira, torlojua jartzen edo dena delakoa... Ikusten duzu artista batzuk direla eta arotz lana dela. Min hartu zenuen jokaldia ikusi duzu? Unea ez duzu ahaztuko. Bai, ikusi dut. Gogoratzen dut berehala nabaritu nuela labana sartu balidate bezala, eta batez ere soinua, halako krask bat egin zuela. Nik meniskoa izango zela uste nuen; ez zela larria izango, eta hurrengo egunean jakin nuen larria zela. Hasieran mundua gainera jausten zaizu, baina berehala egiten duzu aurrera. Oso garai txarrean hartu duzu min, gainera; buruz burukoa asko maite duzu, eta uda atarian gaude. Lesionatzeko ez dago garai onik, baina, tira, desira bat aukeratzekotan nirea eskuz banakako txapelketa berriz irabaztea da, eta prestakuntza dezente aurreratuta nuen honezkero. Bizkarrekoa izan da, baina, tira, gauzak hala etorri dira, eta esperientzia oso onak izan ditzaket, edo ikaragarri txarrak. Baina bizia, azken finean, misterio bat da. Hasiera batean desgraziak diruditen gauzak gero eskertu egin ditzakezu, eta une txar horietatik zerbait ikasi. Lau t'erdikoari begiratzen al diozu? Nire lehentasuna belauna erabat osatzea da. Horrek urrira iritsi eta belauna ondo osatuko dela ziurtatzeko lau t'erdikoari uko egitea esan nahi badu, utzi egingo dut. Aurreneko gauza osasuna da, eta ez dut horrekin jokatu nahi. Baina egia da ere burutik pasatzen zaidala lau t'erdikora iritsiko naizen, eta txapelketan sartzeko aukera izango dudan. Orduan hitz egin buruz burukoaz. Irekia dago, baina nik larunbatean erakustaldi handia ikusi nuen. Irujo sasoi betean badago bere aurka irabaztea oso zaila dela dirudi, baina horrek ez du esan nahi irabaziko duenik. Faboritoak despistatzen badira, behetik datozenak ezustea eman dezakete.