Mundua geldi, niri begira

No profile photo Crohnikak 3.0 | 2022-06-15 09:59

22 urterekin nire mundua gelditu zen... Bueno... gelditzen hasi zen eta bi urte geroago hilerrirako bidean nire burua ikusi nuen.

Baina horiek iraganeko kontuak dira, sarritan gogora ekartzen ditudanak, ni naizena egikaritu nindutenak eta horiei esker ni orain naizena bihurtu nautenak.

Lasai, nire mundua biraka jarraitzen du, eta, beste askoren antzera, lehentasunak markatu ditut zailtasunei aurre egiteko. Betaurreko berriak ditut garai hartatik hona, garai askotan aldatu ditudanak. Bizitzak traba asko jartzen dizkigu eta, horien aurrean, betaurrekoak aldatu izan ditut. Orain era askotariko betaurrekoak ditut, zaharberrituak, esperientziaz beteak.

Blog honen asmoa, nire gaixotasun kronikoari ahotsa jartzea da. Sarritan ez gara konturatzen ondoan ditugunak nola bideratzen dituzten euren arazoak, nahiz eta askotan ezer gertatuko balitz jokatu. Nire kasuan, gaixotasun kronikorik ez dut izan nahi, eta hori adierazi ohi dut, normalean. Baina Crohnikoa denean, egoera batzuk normaltasunetik kanpokoak izaten dira.

Bizitzaren legea da. Tokatzen zaiguna kudeatzen jakin behar dugu. Baina nola kudeatu kudeatu ezin dena? Nola kontrolatu kontrolatu ezin dena? 

Nire metodoak kontatuko dizkizuet, baina, kontuz! Ez zaizkit guztiak baliagarriak izan.

Normala naiz, bai, zu ere bai!


Utzi iruzkina: