Bidea luzea da eta...

continuum 1456131861536 Continuum | 2006-09-27 00:37

...nonbaitetik hasi behar. (honakoa hasiera bat ez den arren, continuum-aren puntu zehaztu gabe batean, ez aurrerago ez atzerago gauden arren).
 
Gaur gauean kaiera honi ekitea ideia aproposa dirudi. Eta bihar? Bihar auskalo zer pentsatzen dudan. Sortu behintzat sortu dut, erreza izan da. Gehiago kostako zait egunero, astean hirutan, hamabostean behin... zerbait idaztea. Edo ez. Auskalo. Zertaz idatziko dudan, nik ere ez daukat hori oso argi. Ikusiko dugu. Denetaz, gaurkoaz eta hangoez, biharkoaz, hemengoez eta nitaz,... zutaz...ezertaz...
Nekatuta nago, berandu da eta lotara noa. Okurritu egiten zait, agian hasiera urrun haretako oroitzapenak berreskuratzen laguntzen dit. Ez legoke gaizki. Edo zergatik ez, agian amaiera posible desberdinak asmatzen eta guztien artean egokiena aukeratzen. Hori mundiala litzateke. Bizkarrak min ematen dit, ez nago postura onean eta logura dut.
Baina ez, amaierarik topatzen ez nau lagunduko amaierarik ez dagoenez gero. Ziurrenik bidea egiten baino ez nau lagunduko, bidelagun izango dut, gidari ere batzuetan; bidetik atera eta bidera bueltatzen lagunduko didan arrastoa izan daiteke, bidegurutzeetara ailegatzean begiratu dezakedan mapa. Continuum-a luzea da, amaigabea diote.
Guzti hori izan daiteke bitakora hau. Edo ez. Bihartik aurrera ikusiko dugu.

Gabon.


Utzi iruzkina: