Zarautz, kostaldean pedalka!
Zarautz, kostaldearen xarma!
2014-06-07
Barrualdekoontzat kostaldera joate hutsa berezia da, itsasoa behatu, itsas-haizearen brisa usaindu eta harekin gozatu, uda hasierako turista zuri-gorrien itxura xelebrearekin harritu, terraza batean eseri eta hondartzara begira egon… ; gaur, ordea, Azken Portutik abiatuko da hondartza, eta han ez brisarik, ez itsasertzaren ikusmirarik, ez turistarik… terraza, baina, aurkitu dugu. Hala ere, Zarautzen gaude, eta Zarautz Zarautz da, eta egoteko primerako eguraldia dugu.
Kafea hartuz egin dugu arratsalderako plana. Gutako batzuk irteera ikusi, Meagas ingurura joan eta Garateko azken igoera ikustea erabaki dugu; besteek irteera, Meagas eta helmuga ikusiko dituzte. Aukeraketa ez da erraza, Urtetako bukaerak ere merezi duelako, baina Garateko mendatea gogorragoa eta luzeagoa denez, gu Getariko balkoira joango gara.
Lasterketa ez da luze-luzea, baina, esan bezala, gogorra bai: Meagas igo beharko dute Oikiako aldetik, gero Garate Getariatik, eta bukaera Urteta gainean. Guztira 77 kilometro, eta hura osatzeko esperantzarekin 66 txirrindulari. Tropel txikia beraz!
Ohi denez, ziztu bizian abiatu dira, eta gu ere horrelaxe abiatu gara Muniosorora. Luzatuta baina osorik pasa da taldea. Gainera jo dugu, tropelak Oikiako bigarren buelta egin baino lehen. Eta dagoeneko ikusten da igoeran gauzak aldatu egin direla. Gure parean abantaila txiki-txikiarekin dator Mikel Paredes, atzean baina oso gertu 20-25 laguneko taldetxo bat duela. Denak pasa direnean, Muniosorora jo dugu, berriro buelta eman eta Garate igo aurretik.
Ez dugu denbora askorik itxaron Dani Maiora, Xuban Errazkin eta Unai Orbea iritsi diren arte. Hiru dira aurrean, baina oso tarte txikia dute lehen aipatutako taldetxoarekiko. Hortik atzera doazen guztiek dagoeneko ez dute zer eginik, bukatzea helburu eta amets.
Ikusmiran egoteko toki bikaina aurkitu dugu Garaten. Getaria azpi-azpian dugula gaude, Itsaso zabalari begira, mendatearen bukaera aldera, ia igoera osorik ikusten dugula. Eguraldia dugu lagun eta eguzkizalea ez garenontzat pare-parean dugun arbolaren itzala ere bai. Berriketan pasa zaizkigu minutuak, ia konturatzeke, han behean lasterketa irekitzen duen autoa ikusi dugunerako.
Urrutira ikusten ditugu mutilak. Ia banan-banan datoz, baina urrutiegi daude zeintzuk diren jakiteko. Gerturatu ahala argitzen zaizkigu gauzak. Cyril Barthe dator lehenik, baina gertu du Mikel Alonso, eta gertu ere Aratz Olaizola eta Xabi Contreras, eta Aritz Kortabarria ez da urruti, eta ez ditu urruti ere Unai Orbea eta Xuban Errazkin. Hortik atzera bai, jada tartea handia da. Beraz, gureak gaur ere hamarren barruan sartzea lortuko du. Bejondeiola.
Bistan denez gure parean dena dago erabakitzeko. Guztiak pasa direnean, helmugarantz goazela, jaso dugu teléfono-deia. Aritzek zazpigarren egin du, irabazlearengandik 50 segundora, Podiumean, berriz, Ciryl Barthe, Aratz Olaizola eta Mikel Alonso, bukaera gogorra izan arren, hirurak sprinta jokatuta, denbora berean!! Urteta ere Zarautz da, eta brisa badabil, baina mutilen aurpegietan ez da nabari. Ohi denez, Coca Cola eta ura bukaerako errege!
Argazkiak, doan eta kalitate handian, hemen: https://www.dropbox.com/sh/y0ro82y1fo6h6sx/AABkwykfO5bsSUc-hQZJuTFGa?dl=0
Iruzkinak
Utzi iruzkina: