Munduko Txapelketaren Atarikoa

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-11-05 23:38

2014-08-30, Munduko Txapelketaren Atarikoa (Beasain)
Abuztuaren bukaera, eta oporrei agur esateko proba berezi-berezia: Munduko Txapelketaren Atarikoa.

Hau desberdina da, kontu askorengatik:
1)Talde eta txirrindulari-kopurua: Euskal Herriko 27 talde, eta Espainiatik etorritako 16 talde. Txirrindulariak, berriz, 197. 
2) Kilometrajea eta gogortasuna: 117,5 kilometro, eta Lierni-Atagoiti Ormaiztegitik-Lierni-Olabarria mendateak.
3) Eszenifikazioa:
- Irten aurretik, eszenariora igoarazten dituzten talde guztiak, eta txirrindulari bakoitzaren izena ematen dute bozgarailuetatik, eta talde-argazkia egiten zaie jendea agurtzen duten eta ikusleen txaloak jasotzen dituzten bitartean,
- Irten baino lehen sinatu egin behar dute.
- Bizikletan daramaten garapenen kontrola egiten zaie.
- Txirrindulari bakoitzari lasterketarako bidoi bana ematen diote, edari isotoniko horietako batekin.
- Ikusleontzako ibilbide-orri dotore-dotoreak dauzkate.
- Epaile, motozale, ertzain, taldeetako auto, laguntzaile eta abarren zerrenda ia amaigabea da,
4) Tentsioa: nabari zaie mutilei. Normalean lasai egoten dira, elkarren artean hitz egiten, bromak eginez... gaur serioago daude, epaileek irteera noiz emango!
5)...

... baina badira aldatzen ez diren gauzak ere, eta ohitura onak ez galtzeagatik kafearekin ekin diogu egunari karrera hasi baino lehen. Lasterketa luzea den arren, guk irteera ikusi, Lierniko bi igoerak ikusi (bide batez, hamaiketakoa egin!), eta helmuga ikustea erabaki dugu. Egia esan, ibil gintezkeen batetik bestera, baina gaur jende dezente etorri da mutilak ikustera, eta bazterretan aparkatu ezinda ibiltzeko, bertan geratzea hobe dela erabaki  dugu.

Horrela bada, irten eta ordubete ingurura ihes egindako talde bat dator. Jende dezente bertan, hemen ingurukoak, horrela bat-batean:Oier Ibarguren, Julen Umerez, Peio Manterola, Xabi Contreras... saltseroak. Gureak atzerago datoz. Lau irten dira eta soilik bi datoz: Aritz, tropelaren erdi-inguruan eta Ander Terán, atzean geratzen. Eta, aldaparen bat dagoen bakoitzean gertatzen den lez, ilaran datoz denak, bakoitzak ahal duen moduan. Normala da, aldapa tente samarra delako batetik; eta, bestetik, erritmoa oso altua delako. Lehen ordubete honetan ia bost minutu jan dizkiote aurreikus zitekeen denbora onenari. Ai ama!

Edozelan ere, ordubete baino gehiago beharko dute berriro hemendik pasatzeko bigarren itzulian, dagoeneko hanketan 96 kilometro eginda eramango dituztela.

Zain egon beharra daukagunez, txangotxoa egiteko aprobetxatu dugu. Meatzeetara joateko trenbide zaharrean sartu gara, Ormaiztegiko norabidean. Bide lau laua da, jende askok korrika egiteko edo mendiko bizikletan ibiltzeko erabiltzen duena. Guk egin dugun tartea pinudien artean doa gehienbat; itzalean, beraz, eta ikusmira handi barik, beraz.

Joan-etorria eginda, urrutira entzuten dugu megafonia daraman autoaren musika. Gaur txukun samarra, beste askotan ez bezala. Haren aurretik, atzetik eta inguruan, lehen aipatutako motozale, auto, ertzain... itxuraz soberan daudela ematen dutenak baina benetan beharrezko direnak segurtasuna bermatzeko.

Egurrean datoz. Atzetik datozenak ihesaldia harrapatzen ari dira oraintxe bertan, baina ihesaldiko bizpahiru lagunek eutsi egin diote mendate-marraraino. Izan ere, mendiko sailkapena dago jokoan. Sprint ikusgarria jo dute beherantz abiatu aurretik.

Aurpegi ezagun gutxi ikusi ditut lehen sailkatuen artean, oso bizkor igaro direlako eta aurrean egon nahi zuen jende asko zegoelako. Gureetatik Aritz pasa da, atzealdean, dagoeneko aurrean egoteko aukera barik, baina beste inor ez. Ea helmugara iristea lortzen duen.

Eta ea helmugara iristea lortzen dugun. Izan ere, denok helburu bera dugu, denok autoarekin gaude, eta denok norabide bera hartuko dugu, eta gainera denok helmugatik gertuen aparkatzea nahi izango dugu. Fijo!

Pazientziaz hartu dugu kontua, eta Beasainen ere, anbulategi ondoko aparkaleku handian aparkatzea erabaki dugu. Erraz asko aparkatu ere, eta oinez joanda bost minutu baino gutxiago beharko genituzke helmugara iristeko.

Helmuga baino apur bat lehenago itxaron diogu lasterketari, bihurgune gaizto baten parean. Minutu gutxi barru iritsi da lehen taldea. Hamasei lagun datoz, tartean ezagutzen dugun hainbat: Mikel Alonso (makina hutsa da, eta nire iritzi huts galanta egin zuten gero hura Munduko Txapelketara ez eramanda), Ibai Azurmendi, Gotzon Martin, Unai Orbea, Diego Perez... eta tarteka txirrindulari gehiago. Aritz ia hiru minutura sartu da, 69. tokian. Ez dago gaizki, abiatutako 197 lagunetatik 117k bukatu dute-eta.

Etxerantz gatozela esan dit tentsio ikaragarriko proba izan dela, denbora guztian elkarri lekua kentzen aritu direla, jende gehiegi zela hain bide estuetarako, Atagoitin gora Contadorren taldeak kristoren erritmoa jarri duela baina ondo eutsi diola, Lierniko bigarren igoera arte aurrean zela baina urik ez zeukanez bolak igotzen somatu eta erritmoa jaitsi behar izan duela, azken kilometroetan Salaberriak eta beste norbaitek ura eman diotela... eta ni, inuzentea, Liernin, ura eskaini beharrean hartu ez duen isotonikoa eskaintzen. Ikasiko dut horrelakoren baten!!!

 

Argazkiak, hemen: https://www.dropbox.com/sh/625938tcj2btgy0/AAA1V_vKgBIyCtUE5KEQxVTQa?dl=0


Utzi iruzkina: