Mendiko Kriteriuma, Oñati

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-10-22 23:04

Erosketak eginda, gaurko afaria eta biharko bazkaria prest, afalduta eta harrikoa eginda… dagoeneko ordenagailuaren aurrean. Oroimena dantzan, eta atzera begirako bide honetan Mendiko Kriteriuma parez pare.

Aurrekoan bezala, bi jardunalditan jokatuko da. Lehendabiziko etapa Oñatin eta bigarren Liernin; azken hau, gainera, bi zatitan egingo da: lehenengo errepideko proba eta bigarrena erlojuaren aurkakoa.

2014-09-06, Oñati

Lasterketa 10:00ak aldera hasiko den arren, kuadrillako bat eta biok 9:00ak aldera abiatu gara Antzuolatik, autoz. Taldeko mutilak, berriz, lehenago joan dira, bizikletaz, irteerara berotuta iristeko.

Udazken bero honen egun bero bat gehiago izango da gaurkoa karreristentzat. Helmuga inguruan hara eta hona dabiltzan bitartean, ohi denez, laguna eta biok kafetxoa hartzera joan gara. Bidean zein tabernan hainbat ezagunekin egin dugu topo, tropeleko jendearen tartekoak gehienak.

Zer moduz? Hementxe! Badakik! Ea gaur…! 

Kafe bikaina atera digute, benetan.

Gaur irteerarik ez ikustea erabaki dugunez, autorantz goaz. Ibilbideak 88 kilometro, hiru mendate (Udana behin eta Atagoiti birritan) ditu, eta Santipillauko tranpa, helmugatik bost kilometro ingurura dagoen aldapa labur eta pikoa, mendate kategoriarik ez izan arren hainbat mendate baino dezente gogorra dena.

Autora bidean koinatuarekin eta Julen ilobarekin eta haren lehengusuarekin egin dugu topo. Gaur Unai, beste iloba bat eta Julenen anaia, partaideen artean da. Berez kadete-mailakoa da, baina hurrengo denboraldian gazte-mailan egongo direnek, denboraldi bukaerako lasterketetan parte hartzeko aukera dute. Hala ere, gaur ez dago tropel bereziki handirik, Euskadiko selekzioarekin daudenak falta dira eta Gipuzkoatik kanpoko talderik ere ia ez da etorri.

Koinatuak helmuga inguruan geratzeko asmoa dauka, ez du eta uste Unaik lasterketa bukatuko duenik. Julen eta lehengusua hartu ditugu autoan, eta Zubillaga aldera joan gara. Espero zen moduan, tropelean pasa dira aurretik. Gure taldeko Martin Telleria ikustea lortu dut eta baita Ander Teran ere, baina Mikel Arregi, Unai Prieto eta gure Aritzen arrastorik ez. Ez da harritzekoa, hain bizkor joaten dira lauan! Hor izango ziren!!

Udanarantz goaz. Han ikusiko ditugu pasatzen lehenengo, eta gero Atagoitin. Udana mendate luze samarra da, zazpi kilometro ingurukoa, baina baita biguna ere, erritmoan igotzeko modukoa. Erritmoaren bortitzak, jakina, egiten du gogor ala bigun.

Badatoz, pare bat lagun aurretik, eta horietako bat etxekoa, txantxikuarra, Julen Umerez. Fin dabil, nahiz eta ez duen lasterketarik irabazi. Berarekin batera frantziar bat doa, eta handik oso segundu gutxira, 25 lagun inguruko tropeltxoa. Triskantza egon denaren seinale, irteeran 70 lagun inguru izan ei dira eta. Tropeltxoan dira Aritz, adi-adi, eta Mikel Arregi taldekidea, kadetea hau ere. Apur bat atzerago azaldu da Ander Terán, eta Martin Telleria eta Unai Prietoren arrastorik ez dago. Matxuraren bat edo erorketaren bat izan ez badituzte, bota egin dituzte, kanporatu alegia.

Erratza daraman autoa pasa ahala abiatu gara gu, gu eta beste asko. Denen helburua Atagoiti gaina. Orain alde laburretik ariko dira igotzen, Legazpitik Ormaiztegira, eta bueltan, Ormaiztegitik Legazpira, luzeera gogorragoa izango dute. Beraz, jende gehienaren helburua Atagoiti gaina ikustea dela pentsatzen dugu.

Pentsatu eta asmatu. Ez Tourrean bezala, baina hemen ere Mundua dago. Nahikoa lan autoak bide bazterrean uzteko.

“Aurrera segituko juau, autoa puerto erdixan laga, eta gero kotxe-eskoban atzetik etorriko gaittuk”. Utzi dugu bada autoa mendate erdialdeko baserri-bide batean, eta apur bat itxaroten egon ondoren, megafonía-autoa aditzen da (hobeto urrutitik ondotik igarotzean baino). Ertzainen hasiera autoa, ertzainen motoak, bestelako motoak, epaileen autoak… eta hor datoz lehenak. Lau dira: frantziar biak (bikiak bide batez), Xabi Contreras Limousin taldekoa eta Xuban Errazkin, Bazpikoa; atzerago, 15 segundu ingurura, beste lau: Laguntasunako Aitor Zabaleta, Ulmako Julen Umerez, Ampoko Mikel Paredes, eta, larri doala dirudien arren, Aritz, eusten. Hortik aurrera, mutil-errosarioa; beraz, irabazlea aurreko zortzikotean dago.

“Igual Aritzek irabaziko dau” esan du Julen ilobak. Kuadrillako Juanshik ezetz esan dio, itxura eskasarekin pasa dela. “Akaso –begibistan duena ikusi nahi ez duen aita baten ikuspegitik berba eginez­- atzetik aurrera etorri eta berotuta juango zuan”. “Ah, baleikek” faltsu batekin erantzun dit lagunak.

Ezin erratz-autoaren atzetik sartu. Baserri-bidetik jaitsi den beste auto bat aurreratu zaigu, eta oso motel doa gainera. Fijo auto asko sartzen zaizkiola bidegurutzeetatik. Ba hori, fijo. Lasterketaren atzealdea ezin ikusita goaz Oñatirantz, erratza daraman autoa ikusten dugu, txirrindulariren bat edo beste aurretik daramala, baina beste ezer asko ez.

Horrela iritsi gara Oñatira. Autoa aparkatu eta kanposantu ondoko biribilgunean urrutitik pasatzen ikusi ditugu lehen laurak, lehengo berak; beraz, atzekoek ez dituzte harrapatu. Helmugan Xuban izan da lehena, Contreras gero, eta frantses biak ondoren. 20 segundu ingurura Julen Umerez eta Aitor Zabaleta, eta 10 segundu beranduago Mikel Paredes eta Aritz. Mikel Arregi eta Ander Terán taldekideak ere, helmugara iristea lortu duten 32ren artean daude, baina minutu batzuetara.

Mutila ez dago pozik. Goiz osoa arrastaka pasa ei du, erritmoa hartu ezinik, puntutxoa faltako balitzaio bezala. “Lasai Aritz, biharkoa geratzen da eta”.

 Argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/d1c0a9ku5izmy6n/AAAvp4NqqYXHfsGlconKcp9La?dl=0

 


Utzi iruzkina: