Mendiko Kriteriuma, Lierni

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-11-03 22:46

Tartetxo bat egin dut idatzi barik. Batek daki zergatik, gogorik ez zait falta-eta. Tartean, ordea, berri on bat: datorren urtean txirrindulari-talde profesional euskaldun bat izango dugu, Jon Odriozolaren eskutik. Zorterik onena!.

2014-09-07, Lierni

 

Gogoratu atzoko Oñatiko etapak ez zuela guztiz erabakita utzi Kriteriumeko sailkapena, baina badira abantailatxoa lortu zuten batzuk. Atzoko irabazleari, Xubani, karrera bukatu eta gero galdetu nion: bihar zer Xuban? "Más y mejor" erantzun berak. Ikusi egin behar.

55 kilometro, Ergoene behin igoko dute, Zerain beste behin, eta Lierni hiru aldiz, azkena helmugan. Hori lehen saioan; bigarrenean, sailkatzen diren guztiek erlojuaren aurkakoa egin beharko dute, Seguratik Lierniraino, 4 kilometro.

Goitik behera ekin diote lasterketari izena emandako 70 mutilak. Goizeko 9:30ak dira, eta hiru ordu laurden joango dira tropela Liernitik berriro pasatzerako. Kafea hartzeko behar beste denbora daukagunez, mutilak ikustera etorri garen 6 lagunok tabernarako bidea hartu dugu. Ondo ezagutzen dugu hemengo jira, denboraldian Lierniko mendatea izan baita gehien igo dutena. Ez dakit zenbat aldiz igo duten, baina askotan! Gehienak Ormaiztegi aldetik, eta mendate gogor-gogorra ez den arren, egiten du galbahe lana.

Kafetxoa hartuta itzuli gara bide bazterrera, gehienak bezala. Kristoren jende piloa bildu gara gaurkoan ere Liernin, Tour txikia dirudi. Badator tropela luze-luze eginda lehen igoera honetan. Lasterketa ez da puskatu aurrekaldean, baina atzealdean jendea majo ari da igartzen aldapa. Lokatzatik hiru besterik ez dira geratzen karreran, Aritz, Mikel eta Ander. Ordena horretan pasa dira gainetik.

Beste ordu-erdi eta bigarren igoera. Dani Maiora dator aurretik, tartetxoa eginda. Dirudienez, Ergoeneko jaitsieran jo du eta inork ezin izan dio gurpilik hartu. Gainera atzo denbora galduta dago. Ez da harritzekoa jaitsieran jo izana. Ormaiztegikoa da Dani, Maioratarren kastakoam eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu inguru hauek. Auskalo zenbat aldiz jaitsi duen Ergoene. Seguru begiak itxita ere jaitsiko lukeela!

Hala ere, jo eta gero eutsi egin behar zaio, eta Dani gai da horretarako. Atzetik, denbora gutxira lehenengoen tropeltxoa, eta buru-buruan, triskantxatxoa eraginez, Aritz. Ondoan ditu, hala ere, atzo aurrean ibilitako gehienak.

Jaitsi, Zeraina igo eta helmugarako igoera egitea besterik ez zaie geratzen. Teorian, badago tartea iheslaria harrapatu eta lasterketa atzean erabaki dadin ere, baina kostako zaie, ziur. Azken igoera, eta Maiora bakarrik dator oraindik. Gertu dauka Urki Rojo, eta apur bat atzerago datoz Xuban eta frantziar anaia bikietako bat, eta segidan Julen Umerez eta Aritz, eta segidan Contreras, beste frantziarra, eta Mikel Salaberria. Hortik aurrera txirrindulari errosarioa, banan banan helmugaratzen, 45eko kopurura arte. Gainerakoek utzi egin dute.

Ordubete zain egon eta gero, erlojuaren aurkako proba. Mutikoek berotzen eman dute denbora; eta guk ere bai, baina tabernan, Lierni gaineko tabernako pintxoak ez dira-eta nolanahikoak,

Erlojuaren aurkakoak ez du iraultzarik eragingo sailkapenean, Xubanek irabaziko baitu, eta horrekin batera baita Mendiko Kriteriuma ere berak eramango du. Iraultzarik ez eragin arren, berezia da proba, bakarkako lanak bakarkako animoak baidakartza. Gustura ikusten dugu, eta egin ere seguru gustura egiten dutela!!

Errepideko argazkiak, hemen: https://www.dropbox.com/sh/yun39ampxoo74vk/AADjph18v4uuh3Mhr1nmGzvJa?dl=0

Erlojuaren aurkako argazkiak,  hemen: https://www.dropbox.com/sh/zojgmerpzw5yc3v/AAAMsx7qvFQD77zN-HpD9JaIa?dl=0


Utzi iruzkina: