L.urrean bueltaka

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2015-04-01 17:17

Aspaldiko partez, nahiz eta kostaldean ibili, busti barik ibili zen tropela pasa den larunbatean Deban; lehorrean. Eta denboraldi honetan lehen aldiz, irteeran Gipuzkoako taldeak ziren nagusiki, Bizkaia taldeko pare bat neska eta iparraldetik etorritako talderen bat albo batera utzita.
Lasterketaren ibilbideak egokia ematen zuen tropela mila zati egin eta lehertzeko, Itziar bi aldiz pasatu eta Iraeta inguruko aldapak igarotzeaz gain, helmugara iritsi baino lehen Kalbarioko gaina igo beharko zutelako txirrindulariek.
Ikuslearentzat ere lasterketa aproposa da, apur bat mugituz gero toki baten baino gehiagotan ikustea dagoelako. Irteerarik ez genuen guk ikusi, txirrindulariei Mendaroko aldapatxoan itxarotea erabaki genuen-eta. Oraingo honetan bot ginen espedizioan: Arregiren gurasoak, Aritzen gurasook eta haren arreba.
Hamarretatik denbora gutxira agertu zen tropela. Buruan, egurrean, Iturriagakoak. Normala, Elgoibartik, etxetik, lehenengo pasatzeko asmoa zuten! Nahiz eta gutxi batzuk atzean geratu, txirrindulari gehienak pasa ziren taldean.
Horrenbestez, Itziar aldera mugitu ginen. Etxola-baserri baten ondoan utzi genuen autoa, zelaian zeuden hiru ahari bikainen begiradapean. Postal ederra osatzen zuten, atzean Kantauri itsasoa zutela.
Geunden tokia ez zen aldapatsuena, baina tarte handia ikusteko aukera ematen zuen. Horrela, musikaren ondoren, ihes egindako laukote bat agertu zen beheko bihurgunean. Arbola artetik ez zen jarraitzen zien inor antzematen. Laukotea gure parera iritsi zenerako ere, beheko bihurgunean inor ez. Tarte handi samarra hartuta zetozen. Eta arriskutsua izan zitekeen ihesaldia, taldetxoa Koldo Velasco, Iñigo Altuna, Alvaro Arratibel eta Aitor Zurdok osatzen zutelako!!
Horrelako batean, ia bi minutura, tropel burua agertu zen. Luze-luze eginda zetorren, esnatzen ari zirenaren seinale. Gure parera iritsi baino lehen, Julen Umerezen erasoa, haren gurpilera Peio Manterola irten zen, eta segituan Aritz. Erraz iritsi zen beste biena, eta fin-fin ikusten zitzaion. Tropelean aldiz, ezinean geratu zen jende asko. Arregi bera, puzka pasatu zen, hauspoa berotuta. Eta haren atzetik jende asko zetorren. Ander Teran taldekidea horietako bat, ezinean. Eta atzerago jende gehiago oraindik; begi bistakoa zen triskantza.
Txirrindulariak Iraeta aldera eta gu, berriz, Mutrikurantz. Iaz Kalbario mendatearen erdialderaino igo ginen, baina gero helmugara iristeko larri baino larriago ibili ginenez, aurten herrian geratzea erabaki dugu. Eta baita asmatu ere! Berdel-eguna da Mutrikun, eta tabernan berdelarekin egindako pintxoak eman dizkigute. Txakolinaz lagunduta, ondo baino hobeto sartu zaizkigu. Mendate gainean dauden lagunei ere pasa diegu abixua, jaisteko, berdel-eguna dela, baina goian geratzea erabaki dute.
Hurbildu gara aldapara. Eta toke bat eman diogu autoan doan entrenatzaileari, Riberori, ea erretiratu den Gurutzen berri duen. Deba inguruan ikusi duela, lasai egoteko. Baina berri txarra ere badauka: Aritz erori egin da. Ez ei dauka minik, baina bizikleta hondatuta jarraitu ezinik geratu da. Amorratuta behar du, seguru. Hain ondo ikusi dugu gainera! Arregiren berri ere eman digu, aurretik 15 lagun inguruko ihesaldia dagoela, eta Arregi atzetik doan tropelean pasa ei da Itziartik.
Laster ikusi dugu taldetxoa, eta Arregi bertan dago! Kristoren jaitsiera egingo zuen.
Aldapa hasi baino lehenxeago jo du Julen Umerezek, eta hanka egin du. Taldea luze-luze doa, eta Arregi azkena. Erritmoan igotzeko ohikatu diot, bere martxan! Nahiz eta aurreko postuetan joan, Mikel Salaberriak oihua egin dit: "Aritz erori egin da". Gauza bera egin dit Oier Ibargurenek. Eskerrik asko eta animo!! Hauek bai lagunak!! Eta txirrindularitzan horrelako asko dago!!
Tantaka pasa dira lasterketan pasa diren txirrindulariak. Autoa hartu eta Debarantz joan gara. Mesede egin digu aparkalekua zaintzen ari den antolakuntzakoak, gaizki aparkatzen utzita. Eskertzen da, ez baita denbora askorako izango. Helmugara hurbildu gara. Aritz han dago, hotzez, baina ez du txamarrarik nahi. "Vaya temporada!" bota dit, erdia penaz eta beste erdia amorruz. Ez zaio arrazoirik falta: lehen lasterketan sillina askatu, bigarrenean bolak igo, hirugarrenean zulatua zirkuituko bigarren itzulian, laugarrenean giharretako arazoak, seigarrenean hamaikagarren postua, zazpigarrenean erorketa...eta kitto, hau izan dadila denboraldi honetako inflexio-puntua.
Ea Umerez datorren lehenengo!! Hori dut buruan, irabaztetik gertu sarritan ibili delako, baina irabazi ez duelako inoiz egin. Gaur ere ez, zortzi laguneko taldetxoa agertu da zuzengunean, eta bera ez dator muturrean. Iñigo Altunak irabazi du, Gari Lagnet bigarren, eta Xabi Murgiondo hirugarren. Hirurak lehen urtekoak! Gero Altunak esan dit bera jota zihoala, mendiko sailkapena irabazita zuenez erabaki duela esprintean ez sartzea, baina jendea oso urrutitik  hasi dela joten eta konturatu dela ezinean geratzen zirela, azken metroetan frantziarra gainditzea lortu duen arte. Jarraitzeak asko balio duela.
Esan bestela Arregiri, bigarren taldean zetorren, berotuta, baina taldeko esprintean berak gurutzatu du helmuga lehenik, eta bederatzigarren sailkatu da!
Hark helmuga gurutzatu du, eta gurutzatu ez duenarekin Gurutze Gorrira joan gara dutxatu ostean. Sekulako zauri eta kolpe piloa dauzka: sorbaldetan, bizkarrean, ukalondoetan, eskumuturrean, eskuetan, gerrian, mokorrean, hanketan... Chapa y pintura esaten dute, erraz esan, baina mina, daramanak jasan behar du.

Gurutze Gorriko egoitzatik irtenda, minez dagoen beste batekin egin dugu topo; kasu honetan, baina, arimaren mina da, hainbeste desiratzen duzun hori ia eskuetan daukazula azkenean ihes egiten dizula ikusteak. Elkarri eman diote eskua Julenek eta Aritzek.

Oraintxe, asteazkena, erabaki du bihar ez dela Durangon izango; ea domekarako sendatzen den!!!

 

Argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/z5bkhm8s8m5eq51/AABrq2ftRNZ77whUn_XBRDk0a?dl=0


Utzi iruzkina: