Kitto! Amaitu da!

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-10-14 20:39

Amaiera iragartzen duen titularrarekin hastea ere! Ba horrela kontuak. 2014ko Gipuzkoako gazte-mailako denboraldiari irailaren 14an eman zaio amaiera, Ibarrako lasterketarekin; hortaz, gogoeta egiteko une aproposa da.

Nik, bide bazterretik gozatu egin dut. Aitortu beharra dago. Ohi denez, pedalei eraginez laehiatu diren neska-mutilek gorriak eta bi ikusi dituzte: busti egin dira, egarria pasa dute, zartakoren bat edo beste hartu duenik ere bada, jaisten zein igotzen aldapa latzak gainditu dituzte... baina baita ihesaldietan sartzea lortu, sariren bat eraman, saririk gabeko borrokatxoak irabazi, lasterketak amaitzea lortu, gurasoen eta ezagun zein ezezagunen animo hotsak gertu gertutik sentitu, eta benetako lagunak egiteko aukera izan dute. Ikuspegi horretatik begiratuta, chapeau!

Esan bezala, Ibarrako lasterketak itxi zuen Gipuzkoako gazteen egutegia. Baina, horri aipamena egin baino lehen, bezperakoari erreparatu behar zaio, bi lasterketen emaitzak kontuan hartuta osatu baitzen sailkapen orokorra. Beraz, asteburu bikoitza.

 

2014-09-14, Larratxo (Donostia)

Kontu pertsonalak tarteko, lasterketa hasita iritsi gara Larratxora. Kosta egin zaigu gainera. Izan ere, probintziakook Donostiara hurbiltzean ez dugu inguruetako auzoetara gerturatzeko ohiturarik. Erdialdea, Anoeta, hondartzak, ospitaleak eta, batez ere, Alde Zaharra izan ohi ditugu helmuga.

Kontuak horrela, helmugatik urruti utzi dugu autoa, urrutiegi. Ordu laurden oinez ibili eta gero, aldapa luze bat igota, biribilgune batera iritsi gara. Kafetegia dago ondoan, eta lasterketa zirkuito erakoa denez, bertan geratzea erabaki dugu. Ondo pentsatua, autoa urrun dago eta herrira, Antzuolara, garaiz itzultzea komeni zaigu.

Kafea hartzeko ia betarik gabe, badator musika daraman autoa, eta ondoren txirrindulariak. Taldetxoa, Bost lagun dira, tartean gure Aritz, Aritz Kortabarria, Lokatza taldeko antzuolarra. Berarekin lau makina: Andoaingo Mikel Alonso, Azpeitiko Oier Ibarguren eta Unai Orbea, eta Ibai Azurmendi, leitzarra uste dut. Taldetxotik 30 segundora, gutxi gorabehera, Xuban Errazkin, Buruntzazpikoa; eta minutu ingurura tropela.

Tropel txikia da. Gaur 47 lagun baino ez dira irten. Eta lasterketa ere ez da oso luzea, ia 48 kilometro, baina bai bereziki gogorra.

Ibilbide honen gogortasunaren seinale izaten ari da lasterketaren bilakaera. Itzuliak osatu ahala, aurrekoei atzetik zetorkien tropela murrizten ari da, modu oso nabarmenean gainera.

Garbi dago tropel osoak ez duela taldetxoa harrapatuko, baina taldetxoan ere ustekabea gertatu da. Oier Ibargurenek ezin izan dio eutsi erritmoari. Harritzekoa, berea aldapa piko-pikoak ez izan arren, gogorretan gogorrenatakoa delako azpeitiarra. Egun txarra, aurreko asteetan Euskadiko selekzioarekin egindako egonaldia, denboraldia azkenetan egotea...

Kontuak kontu, aurrean lau lagun geratu dira. Apur bat lasaitu eta konturatzerako, aurreko taldetxoan sartu zaizkie Xabier Contreras tolosarra eta Peio Manterola andoaindarra. Gainerakoak oso atzean datoz, eta tropela gero eta gehiago txikitzen.  

Lasterketa amaierara hurbiltzen ari dela, eguneko bigarren ustekabea: Unai Orbeak etsi egin du. Itxura denez, giharretako arazoak izan ditu. Pena, Unai, zerbait bada, batez ere eskalatzailea delako.

Hortaz, bost lagun aurrean direla ekin diote azken itzuliari. Gure parean tarte txikiarekin pasa dira bostak. Informazio horrekin abiatu gara autorantz.

Ordu erdi ingurura, etxerantz gatozela, mugikorrera deitu diogu. Umore gazi-gozoarekin erantzun digu, laugarren egin du, Xabi Contrerasekin denbora berean baina postu bat atzerago. Laugarren postua ona da, baina podiuma hain gertu edukita ez eskuratzea, helmuga ere ez ei zegoen ondo markatuta... Kontuak kontu, ez dago kexatzeko motiborik: lasterketa bikaina egin du, eta Contreras, tipo jatorra baina arerio gaiztoa da. Hobe aurretik atzean utzi izan balu. Portzierto, Mikel Alonsok irabazi du, Iban Azurmendirekin sprint estua eginda, biak denbora berean. Boskarren Peio Manterola, eta atzerago beste zazpi mutil. Hamabik bakarrik bukatu dute!!!

 

2014-09-21, Ibarra.

Gaur 85 txirrindulari irteeran, eta 75 kilometroko ibilbidea. Bukaeran Altzo eta Leaburu igo beharra helmugara iritsi aurretik.

Nik joaterik ez dut izan; mutikoa, beraz, taldekoekin joan da. Mutikoak esan didanez, bezperan aurrean sailkatu zirenen artean kontrol handia egon da, eta, bukaera arte, une oro elkarren ondoan mugitu dira. Egoera horretan, ihesaldi jendetsua sortu da, eta horietako batzuk bukaera arte irautea lortu dute.

Benetako lehia Altzon eta Leaburun gertatu ei da. Mikel Alonsok erasoa jo du eta aurrekoak harrapatzeko zorian egon da, baina ez du tarterik izan. Xabi Contreras, Ibai Azurmendi eta gure Aritz elkarren segidan eta denbora berean sartu dira, 7, 8 eta 9 postuetan. Beraz, aldaketarik ez sailkapen orokorrean: Alonso irabazle, Ibai bigarren eta Xabi hirugarren. Aritz podiumetik kanpo. Ia lehertu egin ei du Contreras Leaburu igotzen, baina ozta-ozta eutsi eta gero, jaisterakoan, gorputzari buelta eman ahal izan dio tolosarrak.

Lasterketa Dorian Aramendik irabazi du, Aviron Bayonnais taldekoak, iparraldekoak, 40,76 kilometro orduko batezbestekoarekin. Bigarren Xuban Errazkin, eta gaurko podiuma osatzen Mikel Alonso. Era horretan denboraldia biribildu du Alonsok, gazteen mailako ranking-eko lehen postua eskuratu baitu.

Kitto! Bukatu dira denboraldia eta lehen idatzi hau!

Argazkiak hemen:

https://www.dropbox.com/sh/whmb85d9wtonx5m/AACI9bqLUmHukC6nB7Tvj5Y6a?dl=0


Utzi iruzkina: