Grisetan griseenetakoa

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2015-03-23 19:36

 

Eguraldi txakurra!! Horixe izan zuten pasa den larunbatean Uzarragako igoerari aurre egiteko, Antzuolako irteera-marran lerrokatu ziren 144 neska-mutilek. Ibilbide gogorra eta ohiko abiada handia nahikoa ez, eta gainera une bakar batean bakerik eman ez zuten euri txikia eta hotza kontrario!!

Txirrindularitzaren epikaz hitz egiten denean, txirrindularien beste pasta bateko gizaki izaeraz jarduten denean... atzean ez daude soilik Terminillo elurtuaren edo Stelvio erraldoiaren igoera entzutetsu eta amaiezinak. Poligonoetan egiten diren gaztetxoenen lasterketa bortitzetan, kadete- eta gazte-mailako proba ero eta gogorretan, eta, zer esanik ez, elite, sub23, master eta abarretan ere, istorio epiko ugari dago. Ez dira heroien istorioak, gure txiki-handiak hezur-haragizkoak dira-eta, baina badute heroizitate-puntu hori.

Uzarragako igoera esandakoaren erakusle izan zen. Irteeran, esan bezala, 144 ameslari. Ez da kopuru txikia, lasterketa honek badu bere ospea eta! Abiatu bezain laster, Oier Ibargurenen saiakera. Beti ari da ihesaldi-bila, eta duen historialak argi azaltzen du temati jarduteak ere balio duela honetan.

Zubillagatik bueltan tropel “handia” agertu zen Antzuolan. “Handia” baina ez osoa, izan ere sekulako abiada zeraman lehiak eta, gainera, Bergaratik Antzuolara igotzeak min egiten du. Horren ondorioz, tropel nagusiaren ondoren txirrindulari mordoska agertu zen, taldetxoka eta banaka ere bai. Gureetatik, ez Gurutz ez eta Ander; Arregi eta Aritz, berriz, bai. Biak aurre samarrean,lasterketa zainduz. Laster agertuko zen Ander, zulatua eduki eta lasterketa utzita,

Modu ikusgarrian jaitsi zuen tropelak Bergararantz, nahiz eta eguraldiaren grisak apenas uzten zuen kolorerik ikusten. Ordu-erdi inguruan bueltan ziren txirrindulariak. Metro batzuk hartuta bi lagun, Oier horietako bat, nola ez, eta zornotzar bat berarekin. Atzean, tropel buruan eta zaintza lanetan Unai Orbea taldekidea zuen Oierrek, eta haren inguruan gure biak, aurpegi lasaiarekin.

Kontu pertsonalak tarteko, errepide bazterra utzi beharra nuen denbora batez, baina bukaera Uzarragan bertan ikusteko asmoa nuen. Uzarragako bidegurutzean nintzenerako, gutxi gorabehera 5 minutu falta ziren lasterketa-burua iristeko. Beraz, gora txirrindulariak baino lehen iritsi nahi banuen, bizkor ibili beharra neukan,

Jende asko zegoen bide bazterrean txirrindularien zain eta asko eta asko ezagunak, “Semea ondo, eh!”. Ez dakit zenbat jendek esan zidan, eta nik erantzun: “Lehen bai; orain ikusi egin behar”. Barrutik, hala ere, banuen esperantzatxoa, aldapan gora ondo moldatzen delako Aritz. Eta ez ahaztu, herriko karrera da.

Arimendira iritsi baino lehen hasita zegoen ertzain-auto, motor eta abarren prozesioa. Ni izerditan blai nindoan, eta kanpotik ere bai euriaren erruz. Garbi zegoen ez nintzela goraino iritsiko eta Lausagarreta pasa eta laster, Azkarateko bidegurutzera iritsi baino lehen, harrapatu ninduen Unai Orbeak.

“Benga Unai, ez dauzkak urrun, baina etxak asko falta!”-animatu nuen. Eta egia zen, hamar metro pasatxoko abantailatxoa zeukan talde txiki batekiko. Taldetxoaren atzetik, txirrindulari-errosarioa, gutxi edo asko, denak sufritzen, eta aurpegian nabaritzen zitzaien. Horrelako baten Arregi agertu da, beste pare batekin, galdezka: “Aritz?”. Ez dakidala esan diot, nik ez dudala pasatzen ikusi. Askotan pasa izan zait aurretik ikusi gabe, baina tropel handietan; horrela, maldan gora ez ikustea… ezinezkoa! Horrelako pentsamenduekin nago jendea pasatzen ikusten, eta horrela ikusi dut jendea indarrez justu-justu, aurpegi larriz, lasterketa bukatuko duen neska bakarra ere pasa da, Maria San Jose, eta laster eskoba-autoa eta anbulantziak ikusten ditut, aurretik datoz Mikel Salaberria, puzka eta sufrimendu aurpegiarekin, eta Aritz, autoari helduta eta ezezko keinu nabarmenak eginez.

Esperantza bagenuen, baina gaur ez zen tokatzen. Goraino igo naiz, nola dagoen jakiteko, baina beherantz dator, presaka, etxera joan eta dutxa hartzeko gogoz. Seguru disgustotxoa duela. Arrebak ere izango du, nahiz eta ez dion aitortuko, gaur sariak emateko enkargua zuen-eta.

Gora iritsita lagunekin eta emaztearekin egin dut topo. Beraiekin jaitsiko naiz, eta jaitsieran anbulantziari egin behar izan diogu tokia, mutilen bat eraman omen dute, ahuleziak eta hipotermiak jota. Eskerrak kalean autoentzako prestatu den tokia estalita dagoen!

Etxera iritsi naizenerako Aritz dutxa hartuta dago, baina ezin berotuta. Bergaratik Antzuolara bidean, tropelaren buruan zetorrela bolak igo ei zaizkio bat-batean, ia geratzeraino. Handik helmugara Aste Santuko penitentzia aurreratua beraz. Eta igandean beste lasterketa bat!

Helmugan, berriro Elosegi izan zen garaile. Coterillo kantabriarra bigarren eta Iñigo Landaluze hirugarren. Podiuma osatzen, herriko lehena, Mikel Arregi, bere urtebetetzea ospatzen, Datuetan aipatzekoa, ia 40 kilometro orduko batez-bestekoa eta 73 txirrindulari helmugan; 71 erretiratuta,

 

Argazkiak eta kronika hemen:https://www.dropbox.com/sh/caxsxoy27pyq2ay/AAAFjdNvafGpkrdnobwjq_S4a?dl=0

 

 

Oharra: Azpeitin egoterik ez nuen izan,hortaz ez dago kronikarik, baina Zumarragan pasa zirenean argazki gutxi batzuk atera nizkien. Paredesek irabazi zuen, Aritz hamaikagarren izan zen, Arregi 25. eta Ander Teran 52.

 

Argazkiak hemen daude: https://www.dropbox.com/sh/9vlnpjme0lwakfl/AAAzwa6NRv4VQx8IpsO71VJBa?dl=0


Utzi iruzkina: