Gipuzkoako Txapelketa, eskalatzaileentzat

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2015-02-02 22:00

Unbe, bukaera tentea!

2014-06-15

 

Egia esan, ez dut gauza gehiegi gogoratzen karrera honen inguruan. Ibilbideari begiratu eta ikusi dut 101 kilometroko lasterketa izan zela, Lastur, Kalbarioa Mutriku aldetik eta Unbeko bukaera tartean zituela.

Ibilbidea ikusita, esperantza bageneukan, azken kilometroak igotzaileentzako egokiak zirelako. Hori bai, indarrez iritsi behar bukaerara, bestela kitto.

Gogoan daukat berandu samar abiatu ginela Eibarrerantz. Soraluzeko aldapara iritsi nahi genuen, baina ertzainek Osintxun eman ziguten altoa. Kotxea bazterrean utzi, eta han ikusi genuen lasterketaren pasaera. Tropela sakabanatu samar pasa zen gure aurretik, Soraluzen egurra egon zenaren seinale, fijo!

Handik Lasturrera  joatea erabaki genuen, gero helmugara joateko. Lasturren oraindik talde handia zihoan aurrean, baina talde txiki ugari atzean ere bai. Edozer gerta zitekeela alde egin genuen handik; hortaz, esperantzari eusteko motiboa egon bazegoen. Gainera, mutila aurre samarrean eta lasai samar ikusi genuen.

Umben tartetxoa hartu genuen pintxoa eta tragotxoa egiteko. Izan ere, oraindik txirrindulariei Kalbarioko buelta osoa falta zitzaien. Sabelari poz txikia emanda hurbildu ginen helmugara.

Lehen autoak, lehen ertzainak… eta behealdean lehen txirrindularia: Unai Orbea. Eskalatzaile fina eta indartsua. Horrelako norbaitentzat Unbeko bukaera egokia da oso (igo dudalako diotsuet), motza eta oso gogorra delako! Garaipenarekin batera, lehen esan ez badut ere, Gipuzkoako Txapelketa eraman zuen. Podiuma osatzen, berriz, Lizarteko Carlos Ruiz eta Andoaingo Mikel Alonso, hurrenkera horretan. Gure Aritz, hustuta, dena emanda, hemezortzigarren, ia hiru minutura. Hala ere, ez dugu esperantzarik galduko!.

 

Argazkiak, hemen: https://www.dropbox.com/sh/ew342a070kpd63x/AACntIBYE5MUzJJSQqmqgCwFa?dl=0

 


Utzi iruzkina: