Gatika, Euskal Herria torneoko azkena

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-12-06 18:08

Gatika, Bizkaian noraezean

2014-07-04

 

Egia esan, ez dut oroitzapen garbi garbirik Gatikan egindako lasterketaren inguruan.

Gogoan daukat ostirala zela, bero egiten zuela, eta, nagusiak eta biok, eguerdiko ordubata aldera bilera bat genuela Bilbon. Bilera bukatuta, Gatikarantz abiatu ginen, han zain baigeneukan inguruetan bizi den lagun bat. Ez dakit zein jatetxetara eraman gintuen, baina, benetan, menu bikaina eman ziguten. Ahazten ez den horietakoa!

Lasterketa hasi baino orduerdi bat lehenago Gatikan ginen. Taldeko autoan etorritako mutilei bisita eginda, Jexus lagunarekin elkartu eta kafearen ohiko erritoa bete genuen. Ostiral arratsaldea izanda, aste eguna alegia, ohi baino guraso eta laguntzaile gutxiago ikustea espero nuen. Ni neu txiripaz nengoen han, lan-bilera egun eta ordu jakin batean jarri zidatelako... baina garbi dagoenez, seme-alabek majo tiratzen gaituzte!

Irteera-orduan, mutil pila galanta irteera-lerroan! Eta ez da harritzekoa, lasterketa Euskal Herria torneoarentzako baliagarria zelako. Horren adierazgarri Oier Ibargurenek soinean zeraman liderraren maillot zurixka.

Esan bezala, irteera-lerroan mutil mordoa. Eta burmuina zer den, oraintxe gogoratzen dut, ordua iritsita nola tematu zen irteeran zegoen ertzaina: lehenengo metro batzuk atzerago joateko txirrindulariei (zentimetro batzuk egin zuten atzera), gero metro batzuk atzerago egin arte ez zuela irteteteko baimenik emango (beste zentimetro batzuk atzeratu ziren), eta gero... atzerago egiteko edo bestela bertan behera utziko zuela lasterketa! Mehatxu gero eta handiagoak, gero eta ozenago, gero eta zakarrago... protagonismoa zer den!! Horrelako batean, beste apur bat egin zuten atzera, eta, bere autoritate-erakustaldiarentzat nahikoa zelakoan, nonbait konformatu zen uniformedun gizontxo harroputza! 8

Beraz, atzerapenarekin abiatu zen ia 85 kilometroko lasterketa. Ez zen oso seinale ona, beharbada gero ikusiko genuenaren aurrerapentzat har zitekeen.

Tropelak martxa egin zuen, eta guk ere bai. Hango laguna, Jexus, nagusia eta laurok abiatu ginen, hango lagunaren aginduetara, giputxok inguru haien berri handirik ez geneukan eta!

Bat-batean, biribilgune batera iritsi baino lehen, ustekabean gerarazi gintuzten.

-          “Zelako arraroa” dio lagunak, “ibilbidearen arabera, oraindk ez ziren hemendik pasatu behar”.

Bada ez bada galdera egin genion bidegurutzea egiten ari zenari, bai handik zetorrela, eta libre uzteko bidea, hain zuzen gu geunden tokitik irtengo zirela biribilgunetik. Hori entzunda, bada ez bada biribilgune erdian geratu ginen, argazkiak ateratzeko toki onean.

Megafonia daraman autoa iritsi zen lehenengo eta, desde luego, biribilguneko irteera ez zuen egin bidegurutzekoak esan zigun bide hartatik. Ezta ondoren etorri ziren, moto eta autoek ere, ez eta tropelak. Bistan denez, bidegurutzekoak ez zekien oso ondo non zegoen!

Gogoan daukat ihesaldi-saiakerak ikusi genituela biribilgunean, baina tropela ber-bertan zegoela, eta aurretik baino zatituago zetorrela atzetik; hau da, egurrean hasi zirela.

Handik nora jo? Ibilbide erdian zegoen ermita batera iristeko nahikoa denbora izango genuela, han apur bat itxaron eta gero Gatikara bertara etortzea izango zela egokiena. Horrela egin genuen, baina ez ginen ermita aurrean apurtxo batean egon, bi apurtxo, hiru apurtxo... luze joan zitzaigun itxaronaldia, hanka sartu genuela pentsatzeraino, ez zirela handik etorriko.... urrutira musika entzun lehenengo, eta segidan autoak agertu ziren arte.

Aratz Olaizola beste pare batekin tropelari aurre hartuta, tartean beste norbait, tropela gertu, eta lehen bezala, atzetik hainbat talde. Horra hor une hartako argazkia.

Denak pasa ondoren, eskoba-autoa ere bai, helmugarantz joatea erabaki genuen, bukatu baino lehen beste behin ere pasatzen ikusiko genituelako. Harantz gindoazela, ustekabean gerarazi gintuzten bidegurutze batean, auto-ilaran noski. Hantxe geundela ikus genituen pasatzen abantaila apur bat hartuta zeukan taldetxo bat, tropela gero eta atzetik zetorren hainbat talde txiki. Eskoba-autorik pasatzen ez genuen ikusi, baina bidegurutzea ireki , paso eman zigutenez eta ilaran atze samarrean geundenez, pentsatzekoa da pasatuko zela.

Hori uste genuen, baina, nonbait, oker geunden. Izan ere, gure aurretik zihoazen autoak hango eta hemengo bidegurutzeak hartuta paretik kendu zirenean, motorrean zihoan ertzain batekin eta hainbat txirrindularirekin egin genuen topo. Lasterketa barruan geunden! Batek daki nola, baina hau irakurtzen duen orori zin egiten diot ez genuela une bakar batean ere geunden tokian egoteko ahaleginik egin, bidegurutzetakoek sartu gintuzten.

Sartu gintuzten bezain bizkor irten ginen handik. Eta helmugan itxaron genion lasterketari. Hortik aurrera bitxikeria gehiago ez: taldetxo bat pasa zen aurrea hartuta lehen aldian, tropela pare bat minutura zuela. Lana eginez gero, izan zezaketen ihesaldia bertan behera botatzeko aukera. Baina ez zen horrelakorik gertatu, gogoa edo indarra falta.

Helmuga Mikel Alonsok zeharkatu zuen lehen postuan, beste behin erakutsiz maila honetan capo-etako bat izan dela (Ez dut uste gerora amateurren mailarako fitxatu duten Euskadi EDPkoak damutuko direnik). Haren ondoren, Aratz Olaizola, Dani Mayora, eta Paul Ormaetxea iritsi ziren. Euskal Herria torneoko azken proba zen, eta Gotzon Martinek ordura arte soinean zeraman maillota kendu zion Oier Ibargurenek.

Lokatzako bi iritsi ziren helmugara: Aritz Kortabarria (25garren, bi minutu eta 40 segundura, eta Ander Terán 66garren 5 minutura. Haiek bezala, beste 82 mutil izan ziren helmugara iristeko gai; 90 ez ziren iritsi.

 

Eta kitto! Oroitzapen garbi garbirik ez edukitzeko, a zelako txapa!!!

 

Ohi denez, lasterketako irudiak doan eta kalitate altuan jaisteko moduan helbide honetan.

 

https://www.dropbox.com/sh/p7ugrfz8hi496n3/AAC8aptFam8UZn0G3Rl2mN5da?dl=0


Utzi iruzkina: