Ezkion, mirari zain
Ezkion, mirari zain!
2014-08-26
Ezkion Amabirjina agertu zen sasoi batean. Milaka erromes joan ei zen bertara, erreguka mirari eske.
Gu, ohi denez, lasterketa ikustera hurbildu gara ekaineko azken asteburuan. Egia esan, oraindik ez gara bertaraino hurbildu, ibilbidea ikusita erabaki dugulako hobe dela lasterketari Eitzaga gainean itxarotea. Eitzagako gain hori, Atagoiti, Gabiri, eta Ezkioko azken igoera ditu ibilbideak. Lasterketa bukatu, ez da Ezkio auzoan bertan bukatzen, erdialdean baizik, Igartubeiti baserriaren parean. Beraz, igoera ez da luzea, baina bai gogor samarra. Kontuan hartu behar da gainera, 81 kilometro dituela, eta sargoria dela nagusi.
Eitzaga gainera aurrea hartuta iritsi da taldetxo bat. Espero genuen, Eitzaga ere laburra baina pikoa delako. Kantabriar bat, talde handi samar bat, eta hortik aurrera tropela zatituta dator. Pasa direnerako, autoa hartu eta Atagoitin itxaron diogu lasterketari. Gijondik etorritako mutil bat dator aurrena, eta atzetik dauka lehengo taldetxoa, are eta taldetxoago bihurtuta orain. Gureetatik, Aritz pasa da aurrean, Jon Fernandez atzerago, eta gero Ander Terán.
Berriro ere, autoa hartu eta Gabiriako igoeran gaude zain. Gure parean Dani Maiora pasa da lehena, metro batzuk atzerago kantabriar bat duela. Handik minutu eta erdi ingurura Aritz, bakarrik. Hortik aurrera zatitua dator kontua, ia banaka datoz denak, talde txiki batzuk salbu.
Lasterketa bukatzeko ez da asko falta, baina Gabiriako gaina hartu ondoren, jaitsi eta azken igoera hasi arte, badituzte lauan egin beharreko kilometro batzuk. Ezkioko igoeran gaude, Igartubeiti baserria baino 100 metro batzuk lehenago, helmugatik gertu beraz. Aritzek zaila izango du aurrekoekin bat egitea, baina ez dago jakiterik, gainera esperantza esperantza da. Mirariak, hala ere, gertatzen dira.
Ez ditu ez, lehen biak harrapatu. Urrutira ikusi ditugu, gauden tokitik igoera osoa ikusten baita. Tarteari eutsi ote dio? Laster ikusi dugu ezetz, ihes eginda datozenen atzetik datorren taldetxoan sartuta dator. Harrapatu egin dute beraz!
Bien bitartean, lehen biak gure parean dira. Argi ikusi dugu Dani Maiorak metro batzuk kendu dizkiola iheskideari; beretzat garaipena!
Pare bat minutura iritsi da taldetxoa. Sprint gogorra jo dute eta gureak zortzigarren egin du. Hustuta iritsi da. Haizea izan ei du kontra, bestela ez zutela harrapatuko eta gainera hantxe agortu zaiola indar gehiena. Gehiena, baina ez dena, ez baita taldeko azkena izan eta hirugarrenaren denboran sartu da gainera. Beraz, lasterketa ona. Guk, benetan, gozatu egin dugu ihes eginda ikusi dugunean, tristetu ere egin gara bakarrik ez zetorrela jabetzean, eta sprinta berarekin batera jo dugu, bultzaka eta hortzak estutuz. Begira zeuden gainerakoak bezala, jakina, baina bakoitza berearen alde.
81 kilometro, ia 40 kilometro orduko batez bestekoa, eta abiatu diren 69 txirrindularietatik 33 baino ez dira iritsi helmugara.
Kitto gaurkoa. Autoan sartu eta segundo batera, sekulako erauntsia hasi da. Ez gara busti, mirariz!!
Ohi denez, argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/501qldc1cg5vmzx/AAAjhawVHJ_MbDfmntMfXrCda?dl=0
Iruzkinak
Utzi iruzkina: