Eibar, denboraldiko lehena!!!

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2015-03-02 18:54

Kontu pertsonalak direla eta, ezin izan naiz irteera ingurura gerturatu. Hala ere, Soraluzeko saihesbideko lehen igaroaldia ikustera iritsi naiz, kuadrillako Marije eta Juanshirekin batera. Suposatzen dut, gainerakoak bezala, Aritz urduri samar egongo dela. Hi,ondo? Nola hago? Fuerte habil? Beste hark laga in jok? Eta honek hirugarren urtea egitea erabaki jok eh?... Horrelako makina bat kontu esango zizkioten elkarri, fijo.

 

Baina horrek berotzealdiko kontuak dira. Dagoeneko abiatua behar du lasterketak, beraz, akabo tregua. Aurretik 78 kilometroko ibilbidea dute, sekretu handirik gabekoa. Eibartik irten, Bergaraino joan, buelta egin, Debara, handik Markinara iristeko, eta San Miguel gainetik pasata Eibarko helmugaraino . Esan erraz azaltzen da, egitea, berriz, beste kontu bat da.

 

Ohi denez, jende mordoa dago Soraluzeko aldapan. Igoera laburra baina tentea da, hanketan min egiten duen horietakoa. Asko itxaron beharrik ez dugu izan maldaren behealdean tropela ikusteko. Batera samar datoz denak. Bukaera aldera pare bat mutilek erasoa jo dute, baina gehienak ez dira asaldatu eta eutsi diete. Tropelaren atzealdean, berriz, komeriak, jendea larri samar. Kostako zaie hauei guztiei helmugara iristea. Bide bazterrean geratuta ikusi dugu Gurutz, aurten taldean sartu den mutila. Gerora jakin dugunez, erori egin da. Zorte txarra, hasiberriaren akatsa… entrenatzen jarraitzen badu emango dio buelta.

 

Hemengoa ikusita, Mutriku aldera joatea erabaki dugu. Han aldapatxoa dago, eta baita kafea hartzeko aukera ere. Bidean kostaldeko paisaiak liluratu gaitu beste behin. Barrualdekooi hori gertatzen zaigu.

 

Mutrikun erraz aparkatu eta kafea hartzera joan gara. Kafeaz gain, bazkaltzeko ogia eta etxera eramateko pastel batzuk ere hartu ditugu, Goizari behintzat etekina atera diogu!

 

Tabernako kontuak eginda, laster etorri da lasterketa irekitzen duen ertzain-autoa. Gertu gaude bide bazterrean, zain. Bi mutil aurrea hartuta pasatu dira, eta minutu ingurura tropela. Unai Orbea dator tiraka, tropela luzatuz. Gure taldeko Mikel Arregi saiatu da haren atzetik joaten, eta atzerago baita Aritz ere. Erraz irten da tropeletik eta bat egin du aurrekoekin. Ez nuen uste indarrez ondo zegoenik, baina indartsu ikusi dut.

 

Tropelaren erritmoa jarraitu ezin duen talde bat baino gehiago dator; horietako batean, Ander Teran ikusi dut. Animatu dut, baina kostako zaio!!

 

Autoan gara berriro, Kalbario-mendatetik pasa eta Elgoibarko aldapa dugu helburu. Mendatean gora, berriro harrapatu gaitu itsasoak. A zelako erromantikoak garen barrualdekook!

 

Laster iritsi gara Elgoibarrera. Pintxo bat jan eta trago bat egiteko denbora daukagu, sobran. Eta egin ere, egin dugu. Errepide gaineko zubi gainean gaude, goitiko ikuspegia lehenetsita. Ez da oso arrunta lasterketari horrela erreparatzea, baina ikuspegi panoramikoa ematen du, eta gainera denbora ematen du jendea nola doan ikusteko.

 

Errepidea eten dute eta badatoz kotxeak, motorrak, kotxeak… eta ihes eginda datorren mutil bat. Ez dut ezagutzen, kantabriarra baita. Abantaila polita du, baina apur bat nabaritzen zaio ezina. Atzetik beste lau mutil: Oier Ibarguren, Mikel Paredes, Peio Manterola eta ezagutzen ez dudan Limusineko bat. Apur bat atzerago, talde txikietan dator jendea. Hipotesia bota dugu: atzeko laurek harrapatu egingo dute ihes eginda doana, eta Oierrek eramango du sprinta.

 

Aritz ez da agertzen. Zerbait gertatu ote zaio? Lehen hain indartsu ikusi dugu!! Horrelako batean Mikel Arregi agertu da. Ea Aritzekin zer gertatzen den? Eta buruarekin diosku ez dakiela. Minutu inguru beranduago agertu da azkenean, deiadarka: “sillina mobidu jat”. “Lasai –erantzun diogu- hurrengoan hobeto”.

 

Ah, eta gure hipotesia hutsaren hurrengoa. Lehenengoa harrapatu dute, baina beste laurak ez dira ailegatu, atzetik Iñigo Elosegi bizkaitarra etorri zaie, eta lehen urtekoa izanda ere, irabazi egin die. Haren entzutea badut, iaz sekulakoak egin zituelako, baina ez dut ezagutzen. Aurrerantzean erreparatuko diot. Podiuma Pablo Benitok eta Oier Ibargurenek osatu dute, Guztira 106 txirrindulari izan dira irteeran; helmugan, ordea, 70 baino ez. Eta batez-bestekoa ez da sekulakoa izan, 37 kilometro orduko.

Argazkiak, hemen: https://www.dropbox.com/sh/jkk66srt7eq3pm9/AADZDpc9tUGT8Bi3m8XBH14oa?dl=0


Utzi iruzkina: