Egurra eta kitto!!!

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2015-03-12 21:50

2015/03/08 (Emakumearen Nazioarteko Eguna)

Errenteria

 

Egurra eta kitto!!

 

Buff, lana zer den! Aste osoa kronikatxoa idazteko tartetxoa hartu nahi, eta ezin!

Tira, ia astea joan bada ere, ostegun gauez, 21:30etan ordenagailuko erlojuan, lerro gutxi batzuk pasa den domeka arratsaldean Errenterian burututako lasterketari buruz.

 

Egurra!!! Labur esanda. Irteeran 174 txirrindulari, helmugan 81, erretiratuak beraz 93. Triskantza horren arrazoiak? Batez-bestekoa, alde batetik, 42,53 kilometro ordukoa; ibilbidea bestetik, 77 kilometroko zirkuitua, bi igoera gogor samarrekin, baina laburregiak puskatzeko; eta, azkenik, partaidetza. Izan ere, Euskal Herriko talde guztiez gain, kantabriarrak eta asturiarrak ere baziren irteeran,

 

Osagai horiekin guztiekin, lasterketa eroa izan zen. Erasoa erasoaren ondotik, talde tixkietan abantaila txiki-txikiak hartzeko. Horrela tropela ezin hautsi eta ezin atzean utzita aritu ziren arratsalde osoan, baina tropelaren atzealdean, atzera geratutako txirrindularien errosario etengabea eraginez aldi berean. Hortik erretiratutako txirrindulari-kopuru handia,

 

Lasterketaren argazki horrekin, bukaera espero zitekeena izan zen: tropel handiaren esprinta. San Justoko Coterillo izan zen tropeleko bizkorrena, eta haren atzetik Olaizola eta Aranburu zarauztarrak. Tropela itxiz, 59. tokian, gutar bat, Mikel Arregi. Hustuta iritsi zen, baina ihesaldietan bere burua erakutsi zuen. Hura baino hustuago, lau minutu ingurura iritsi zen Aritz, berriro ere giharretako arazoekin, iazko denboraldi hasierako lasterketatan bezala. Helmugara iritsi ez zirenak Ander eta Gurutz; Anderrek bi itzuli baino gehiago osatzea lortu zuen; Gurutz, berriz, lehenengoan geratu zen atzean. Hasiberriaren patua! Hobetuko du!!

 

Ah! Izenburukoa Azpeitin egon zen musika-talde baten izena da, baina nik dakidala ez zuten copyright-ik!!

 

Argazkiak, hemen: https://www.dropbox.com/sh/qzkitc7feto7fl0/AAAx5WIzywF8J10NxO3x-CaQa?dl=0


Utzi iruzkina: