Egia: Elosegiren bigarrena!

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2015-03-16 18:22

2015-03-15

Egia

 

Zortea zer den! Eta zorte txarra zer den! Eta zenbateraino den beharrezkoa bata, eta zenbat komeni den urruti edukitzea bestea!

Egia, Zumy Saria. Irteeran 114 txirrindulari neska eta mutilen artean. Aurretik 80 kilometroko ibilbidea. Lehen kilometroak 4 kilometroko t,erdiko  zirkuitu zigisagatsu eta gorabeheratsu batean, Donostia barruan. Itzuli bakoitzean, gainera, tarteko-helmugaren saria jokoan.

Panorama horren aurrean, begibistakoa zen lau itzuliak ziztu bizian igaroko zirela. Eta horrela gertatu zen. Egiako gaintxoa geunden begira, tarteko helmugaren parean. Lehen itzulian dagoeneko egurra, pare bat lagun lasterketa lehertu nahian zetozen, eta tropela gertu-gertu. Gure taldeko Aritz eta Mikel lehen postuetan, ondo kokatuta. Eta, abiadura handiaren ondorioz, tropelaren atzealdean txirrindulari-errosarioa, banaka, binaka eta talde txikietan.

Bigarren itzulia, Koldo Velasco egurrean, tarteko helmugen saria irabazteko gosearekin. Tropela gertu du hala ere, eta buruan datoz oilarrak. Aritz ez dut pasatzen ikusi, baina ez da kezkatzekoa, askotan ikusi gabe pasatzen zait-eta.

Usteak ustel. Atzean geratutakoen artean dator. Arazoren bat izan du, berak daraman abiadurak ez du-eta inguruan dituenen abiadurarekin zer ikusi handirik. Hala ere, majo kostatuko zaio tropelean sartzea.

Hirugarren itzulia. Koldo Velascok jarraitzen du aurrean, baina bertan dauka taldetxo bat. Han dira indartsu gehienak, tartean Mikel Arregi gurea. Ander Teran tropelean pasa da, eta Gurutz bide bazterrean dago, lehen itzulian erretiratuta. Aritz ere egurrean dator, lehen baino gertuago du tropela, baina hala ere urruti.

Minutu gutxira etorri da gu gauden ingurura. Epaileek bota egin dute:

- "Vas bien, pero es imposible. Párate", esan ei diote epaileek, gaztelania batuan, bistan denez.

Aritzi ez zaio batere gustatu. Bazekien tropela harrapatuz gero leher eginda iritsiko zela, dena emanda, baina uztera behartzea ez da inoren gustuko. Zulatuarekin ere ez zegoen gustura, tropelaren aurrean joanda eta bigarren itzulia izanda, autoak azkenengo txirrindularien atzean zeudelako. Purrustaka ari da. Eta honela esan dio Urretxuko taldeko lagun batek: "Gorde ezak mala ostia hori datorren asterako". Ea egia den, Egian ez bezala.

Laugarren itzulia, taldetxo bat aurrea hartuta. Seguru ez nago, baina iruditu zait on gehienak bertan zirela. Tarteko helmugena, behintzat argitu da, Velasco bigarren pasa da. Aurreko bi lehen postuekin eta bigarren honekin, saria berea da, lasterketa amaitzea lortzen badu, jakina-

Egun normala balitz, autoa hartu eta Astigarraga aldera joango nintzateke, baina dagoen eguraldiarekin helmugan egon beharra daukat, autoaren inguruan, beste norbait erretiratuko balitz, hari kasu egiteko. Beraz, ordubete inguru eman dugu helmuga inguruan, zain, lasterketako berririk izan gabe. Tartean, Teran ere agertu da, hoztuta, bustita eta amore emanda Astigarragako bigarren igoeran. Hala ere, aurreko astean baino hobeto, ba doa poliki-poliki.

Ordubatak baino lehen datoz autoak, motoak... eta lehen txirrindularia, Iñigo Elosegi bizkaitarra. Aurrea hartuta dator. Jubenil mailako lehen urtekoa izanik, nik ez dut ezagutzen, baina argi dago jarraitu beharrekoa dela, hiru lasterketatik bi irabazi ditu-eta. Atzetik sei laguneko tropeltxoa, 30 segundo ingurura. Eta horren esprintean Etxarri donostiarra bigarren, Orbearen aurretik. Laster bigarren tropel bat, eta hor Arregi, 21. postuan. Ez dago gaizki!!

Ea hurrengoan zortea lagun dugun, etxeko lasterketa da, Uzarragako igoera. 

 Argazkiak, hemen: https://www.dropbox.com/sh/busg1dk7v1cyotc/AAAk57o45Sp9SRdWWYpuUl72a?dl=0


Utzi iruzkina: