Aizarnazabal, gora eta behera

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-11-12 19:36

2014-08-17, Aizarnazabal


Iaz arte ez nuen herria ezagutzen. Ondotik askotan pasa bai, baina geratu, sekula ez! Herri txikia da Aizarnazabal, eta karreren ondoren ibiltzen garenontzat bikaina: erraz aparkatzen delako, muino batean dagoenez eta herritik lau aldiz igarotzen denez autoa mugitu beharrik ez dagoelako, taberna edo soziedadea edo biak zabalik egoten direlako eta pintxoak, txorizodunak behintzat, bikaina direlako. Beraz, domeka goiz pasa ederra egiteko baldintza guztiak ditu!

Jai-eguna denez, emaztea, Garazi alaba, lagun bat eta hirurok hurbildu gara lasterketa ikustera. Gu, eta taldeko Mikel Arregi eta Martin Telleriaren gurasoak, Eta esateko ordua da: Agur emazteari aurten hasi zaio txirrindularitza tilin egiten. Orain arte, infantiletan Aritzek zirkuituetan ibiltzeari ekin zionetik, gozatu baino sufritu egin du lasterketak ikusten. Guraso askoren kontua da hori: hor gaude beti, ahal dugun guztian laguntzen diegu, aupaka hartzen ditugu, animatzen ditugu, ez etsitzeko esaten diegu... baina, aldi berean, erorikoen beldurrez egoten gara, gehiegi sufritzen dutela iruditzen zaigu, bizikletan ibiltzeko bero edo hotz handiegia egiten duela, ibilbidea ez dela batere egokia, zorua gaizki dagoela... Esango nuke askok gozamenaren eta ikararen arteko soka estutik zintzilika ikusten dituztela lasterketak.

Gaurkoa ere lasterketa gogorra da, Aizarnazabalgo igoera gogorrei Iraeta inguruko aldapa tenteak gehitu behar zaizkio eta. Abuztuaren erdialdean gaudenez, irteeran ez dago karrerista gehiegi. 63 daude guztira, eguraldi bikainaren laguntzarekin aurrez aurre dituzten 80 kilometroei aurre egiteko prest!

3,2,1... 0 neutralizatua aldapan behera. Ibilbide-orriaren arabera, 25 minutuz behin pasatuko dira herri erditik. Paperean jartzen duena betez, zubi txiki parean ikusten da tropelaren burua, tira-tira eginda. Egurrean datoz, eta buru-buruan, aldapa hasieran, Mikel Arregi taldekidea. Aldapa bukatzerako, ordea, tropelak jan du haren ahalegina. Goiztxo jo ote duen!!

Bigarren itzulia. Urrutira ikusten dira hiru lagun ihes eginda, eta tropela ez zaie atzetik ageri. Gerturatu ahala, bat Aritz dela ikusi dut, eta beste biak... Unai Orbea eta Ibai Azurmendi. Ez da ihesaldi txarra, hirurak igotzaileak dira eta!

Poztu naiz mutila hor ikusita. Egia esan berak ere bazuen gogoa lasterketa honetarako, iaz laugarren sailkatzea lortu zuelako. Zorte pixka batekin, gaur hirugarren izatea lor dezake. Izan ere, hirukoteak abantaila nabarmena du tropelarekiko. Ondo konpotzen badira, uste dut eutsiko diotela.

Txorizo-mutur bikaina eta txakolin fresko-freskoa hartuta, prest gaude hirugarren itzulia ikusteko.

Mekagüen zotz!!! gurerik ez dator aldapa hasieran. Ibai eta Unai bai, baina haien atzetik ez da inor ikusten. Horrelakoetan, lehen aipatutako beldurrak iltzatu zaizkigu pentsamenduan orain: matxura, erorketa, ezina... bukaeran jakingo dugu!

Aurreko itzulian baino tarte handiagoa dute iheslari biek. Elkarrekin lan ona egin duten seinale!! Txaloka hartu ditugu, jakina, gurea tartean ez izan arren.

Bi minutu pasatxoko abantaila dute erdi-zatituta datorren tropeltxo bat agertzen den arte. Hortxe dator Aritz, beste hainbatekin batera: Sarasola, Zabaleta, Contreras, Unanue, Ibarguren, Irazu, Irigoyen, Umerez, Velasco, Salaberria, Mayora... Bueno, gutxienez erorketa arrastorik ez dauka!!!

Azkenaurreko itzulia, eta gauzak ez dira ia aldatu. Ibaik eta Unaik, abantaila apur bat gutxiagorekin bada ere, aurrean jarraitzen dute, elkarlanean; eta atzetik, luze-luze egindako tropeltxo. Lasterketa aurrean dago, ez dago dudarik.

Hurrengo muga, beraz, helmugan. Beste aldeko aldapatik sartuko dira helmugara. Hura ere aldapa luzea da, eta oso tentea. Gauzak aldatu ez badira, lauan egurrik egon ez bada, Unairen eta Ibairen arteko sprint saioak erabakiko du irabazlea.

Biak batera datoz. Aldapa hastearekin batera, Unai Orbeak erritmoa bizitu eta jo egin du, baina ez du Ibai Azurmendi askatzea lortu. Hala ere, erritmoari eusten dio, Ibai sagar helduak bezala eroriko den esperantzarekin. Usteak erdi ustel, azken bihurgunea baino lehen Ibaik erasoa jo eta erraz utzi du Unai. Berea da lasterketa.

Minutu pasatxora dator tropel txiki bat, Laguntasunako Aitor Zabaleta metro batzuk aurretik duela. Banan banan igaro dira gure aurretik, batzuk ezin-ezinean, ia igo ezinda. Helmugara 27 lagun soilik iritsi dira, eta Aritz 15. izan da.

Zulatua izan du. Zorte txarra! podiuma ia eskuan zeukan eta!!

 

Argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/wgc5h0r87h2l0ba/AABCU0X1CgjRuZQrcPVOIyg3a?dl=0


Utzi iruzkina: