Poz-pozik bizi bizi haiz, Ardantza jauna...

bazkaltzaindia 1456131403093 Bazkaltzaindia | 2007-10-30 10:16

Horixe abesten dute Piritx eta Porrotx pailazoek: poz-pozik bizi bizi naiz, ...eta horixe etorri zaigu burura zugan pentsatzean, Ardantza jauna, oso pozik bizi zarela, alegia. Eta, nola ez bada?

Pozik bizi zara Euskalteleko Presidente izateko oposaketak aurrera atera zenituenetik, cum laude aipamen eta guzti atera ere. Pozik ikusten zaitugu enpresako agintari goren moduan, negozioaren gora-beherak direla eta, beste telekomunikazio-enpresetako “marrazoekin” lehia bizian ikusten zaitugunean. Merezitako soldata zurea. Gainera, nola ez zara bada pozik egongo Euskaltelen, bere garaian, zu izan zinenean egitasmo horri sostengu eta bultzada eman zeniona Lehendakari zintuen Jaurlaritzatik, eta inolaz ere, esaten duten bezala, EAJko Euskadi Buru Batzarra. Hori da hori igerle izatea, eta ez Alberto Suriorena.

Egia aitortu behar badugu, zalantzan geunden: ez genekien lerro hauek Fernado Savater pentsalariari finari edo zuri zeurorri opa, baina zure alde egin dugu, zure umore honaz kutsatuko garenaren itxaropenean.

Ogibidea alde batera, baduzu pozik egoteko arrazoirik, asteburuetan Urdaibain duzun etxetxoa esaterako, eraikin bat ingurune babestu batean nola ezarri behar delako eredu dena. Inork baino gertuagotik bizi duzu natura, Urdaibaiko biosferako erreserba paregabean. Hori da zortea!

Eta politikan zer esanik ez. Poztu egiten duzu jendea. Poztu egiten gaituzu herritarrok, baita PP-koak. Edota PP-koak batez ere. Zeurekin baizik ez omen dute izan eurek ere Lehendakaria. Zu izan omen zara inoiz izan duten Lehendakari bakarra. Pozik egoteko modukoa lortu duzuna, alajaina. Geuri ere ez zaizkigu berehalakoan ahaztuko Lehendakari zineneko urte haiek, Ajuria-eneako hitzarmenaren garai hura. Beti bururatzen zitzaizuen zerbait berria. Zure agerraldietan zer esango zenuen igertzea ezinezkoa zen, zinez. Hura zen gaitasuna hura herritarren arreta erakartzeko. Pozik bizi ginen orduan ere, gaur bezalatsu. Denborak erakutsi digu zuk sasoi hartan adierazitako bidea izan dela honera pake-itxaropen aldiak, su-etenak eta horrelakoak ekarri dituena. Ajuria-eneako irudimena eta konponbide-eredu hura faltan sumatzen dugu, eta zu buru, gu guztion bizitzak alaitzen.

Hain bizi zara pozik, zeure alderdiari aholku emateko gai ikusten baituzu zeure burua (“PP eta PSOEkoei ezin zaie bizkarra eman”), zeure ongizate hori EAJraino iristarazi nahien seguruenik ere. Beti izan zara esker honekoa eta ez gaitu harritzen. Ez da lehenengo aldia. Horrexegatik hurbildu zitzaizun zuri, eta ez beste inori, Migel Buen Eusko Legebiltzarrean Ibarretxek bere galdeketa egitasmoa aurekeztu zuen egunean, betiko moduan, aztoratuta dagoela eta errieta egin nahi duela adierazi nahiean bezala; bazekien Miguelek une hartan, Ibarretxe entzun ondoren, biok gauza bera sentitu zenutela eta, nolakoa zaren jakinda, zuk bakarrik poztu zeniezaiokeen bizitza, guri pozten diguzun bezalaxe. Miguel Buen eta zu, biak umore oneko pertsonak.

Segi horrela, Pirritx, Porrotx eta beste askok hain ongi egiten duten bezala, gu guztion bizitza pozten. Poz-pozik bizi bizi haiz,..

Koldobika Soto

Bazkaltzaindiako Mahai Nazionaleko Kidea

 

 


Utzi iruzkina: