BADATOR BERTAKO BASOA

basapis 1456131372713 BASAPIZTU | 2012-06-13 15:33

Gipuzkoako foru aldundia bertako basoen aldeko apustua egiten hasi da 2011-2012an. Aurtengo neguan 83 ha basoberritu dira bertako espezieak erabiliz. Honela, konifera basoek pairatzen duten egoera arriskutsuari alternatiba eman nahi izan zaio.

Erabaki garrantzitsu bezain beharrezkoa, gure basoak osasuntzeko. Lur publikoan kokaturiko zenbait pinadi bota dira, Aiako Harrian esaterako eta bertako haritz, urritz, urki, basagurbe zein Gaztain errekuperatu nahi dira besteak beste.

Planteamendu honi jarraiera emateko, mikologia gestio planak eta basoen mikorrizazioa gauzatuko dira etorkizunean, basa eremuei errentagarritasun handiagoa ateratzeko. Gizarteak eremu hauetan gozatzeko aukera izanen du berriz ere, egurraren sektorea, kultura, turismoa eta gastronomia indartzen diren bitartean.

Lan handia dago egiteke baina pausoak, norabide zuzena hartu dutela dirudi. Basogintza berritzailearen ezarpenak, guztiontzat aberastasuna suposatuko du, gure nortasunaren berrindartzea, habitat berrien sorrera, kudeaketa eta zainketa eta ekosistema eta biodibertsitatearen gorakada.

Basogintza sektorearen aktibazioa,konifera monokultiboei alternatiba emonez etorriko da nahitaez; bertako zuhaitzek ekarriko dute aldaketa eta onura. Gaur egungo ezagutzekin, basoei, errendimendu altuak ateratzeko bideak irekiko dizkiegu landaketa mixtoen bitartez.

 Etekinak lehen bezain handiak izatera iristea zaila izango den arren, kontinuagoak bilakatuko zaizkigu; abeltzantza, artisautza,  nekazaritza, frutagintza eta mikologia bezalako esparruetan ikerketa eta garapena bultzatuko dugularik, bertako kalitatezko produktuak ekoiztuz, izurrite handien mehatxua gutxituz eta basoen oreka ekologikoak errespetatuz. Erdaraz esaten den bezala: más vale tarde que nunca.





Utzi iruzkina: