Artaldea

No profile photo Barrutik kanpora! | 2026-02-03 10:38

goikoetxeaander@gmail.com 1770128387376

Egunero, nire logelako pertsiana igotzen dudanean, nire etxe aurreko landa ikusten dut. Landa horretan, zaldiak, akerrak eta ardiak daude. Atzo, esnatzerakoan, artzaina ikusi nuen animalia horiek ukuilura eramaten. Momentu horretan hotza eta euria ziren nagusi.

Gosaltzen nenbilela, ardi-txakur lehiaketetan pentsatzen hasi nintzen. Ez dakit zer eraman ninduen horretan pentsatzera. Agian, aurreko irudia geratu zitzaidan burmuinean grabatuta, artzainak animalia horiek ukuilura eramatearena, alegia.

Suposatzen dut, jakin badakizuela ardi-txakur lehiaketa bat zertan datzan. Txakurrek ardiak bildu eta gidatu behar dituzte eta artaldea bide jakin batetik eraman, nola ez, artzainaren aginduak momentu oro betetzen.

Askotan, nik neuk filosofatzen hasten naiz eta zalantza bat sortu zitzaidan. Nolakoak izango ote dira ardien arteko elkarrizketak? Haiek transmititzen duten irudiarekin pozik egongo al dira? Animalia inozoak direla eta beste ardiei itsu-itsuan jarraitzeko joera dutela, alegia.

Gaur egun oso modan dagoen termino bati erreparatu nion. Konfort-zona delako horri. Burura etorri zitzaizkidan, zenbat mezu jasotzen ari garen etengabean sasi-psikologo eta sasi-coachen eskutik. "Arriskatu zaitez!", "ez al duzu jakin nahi zer dagoen atearen bestaldean?".

Bat-batean, bi ardien arteko elkarrizketa bat irudikatu nuen. Elkarrizketa horren erdian otsoa agertzen da eta predikari bat balitz bezala, ardiak animatzen ditu artzainaren hitzei jaramon ez egitera eta txakurrak markatutako bideari ez jarraitzea.

-Arriskatu zaitezte ukuilutik ateratzen!

Bi ardietatik nagusiena zenak hau erantzuten dio:

-Hotza eta euria nagusi den garai hauetan, noiz da arriskua bertute bat, baldin eta helburua bizirik jarraitzea bada?


Utzi iruzkina: