Maitasunaren puzzlea
Gaur akordatzen egon naiz eta irri adina negar egin dut. Irria ukendu magiko, malkoak zaurientzako sendabelar. Oroitzen naiz zure eskuen neurrira eginak zeudela nire sekretuak, hala erraten zenidan beti. Gogoratzen dut irri egiten nuela zurekin, eta haserrarazten ninduzula tarteka. Oroitzen naiz gure oinek belar hezea, lur bustia eta elur erori berria zanpatzen zutela zerutik hurbil eta izarrak ukitzen genituela. Gogoratzen dut zure azalaren usaina, Marrami bildotsa eta Horixka gorila. Gogoratzen ditut mendien soslaiak, hasierako bertsoak eta aireportuetako telefono deiak. Oroitzen naiz zeinen gozo leitzen zenidan lokartu aitzin. Gogoan dut Herri Urrats hura, zure esperimentatzeko zaletasuna sukaldean, urtebetetzeetako opari guziak eta Getariako antxoak. Le Soire eta Paris, Igeldo eta Larraul. Rainierreko harria eta Lujblianako patioa, eta patioko kandelak, eta zure begiak eta zure ezpainak. Frontala arratsetan, Zurriolako paseoa, tomate-roquefort bokata eta Remelluri. Gogoan dut dena. Bihotz beratu ninduzun, eta zintudan. Zuk atera zenuen nire onena, zuk ohitu ninduzun maitasunera, zuk erakutsi zenidan maitatzen.
Aste honetan Iñaki Otxoa Oltzaren heriotzak hunkitu nau izugarri, eta gomutarazi dit. Iraganari atxikitzeak ez du deusetarako balio baina noizean behinka bisitaren bat egitea osasungarria da, oraina ordenatzen laguntzen du. Joan direnek egiten diguten azken oparia dira oroitzapenak, puzzle bateko piezak. Pieza bakoitza bere tokian paratzen asmatzea da zaila, baina sanoa.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: