KOLONBIAKO ITXAROPENA MARTXA PATRIOTIKOA!
KOLONBIAKO ITXAROPENA MARTXA PATRIOTIKOA!!!
Kolonbian apirilak 21,22 eta 23 bitartean martxa patrioticaren aurkezpena egin da. Martxa Patriotica mugimendu politiko sozial gisa jaio da eta 1300 eragile ezberdinen babesa jaso du. Martxa patriotica aldaketa politiko-sozialerako instrumentu bezala sortu da. Sorrera honen aurkezpenean izan da Ezker Abertzalea eta bertan lehen pertsonan ikusi dugu Kolonbian sortzen ari den fenomeno berria.
KOLONBIAREN ESTATU POLITIKA:
Kolonbia biolentziak kolpatutako gizartea da, biolentzia gizartean muineraino sartua dago eta Biolentzia estrategia honen arduraduna Estatua bera da, Estatuak gerra negoziorako tresna bihurtu du. Gaur egun, Kolonbiaren Estatu politika, Amerikako Estatu Batuen (AEB) politika da. Hegoamerikan azken hamarkadan eman diren aldaketa nabarien aurrean, Kolonbia hegoamerikako Israel bihurtu dute.
1.- Herrialdearen Pribatizazioa: Kolonbiako gobernu kontserbadoreak herrialdearen aberastasunen % 80a kanpoko transnazional finantzieroen esku utzi du. Esan bezala kanpoko transnazionalak Kolonbian inbertitu dezan lehen gaien inguruko sektorea pribatizatzen ari da Estatua; petrolioa, mineria, lur latifundioak…Kolonbiak petrolioa dauka bere lurretan aldiz egun petrolioa inportatu egiten du.
Lur aberastasun guzti hori pribatizatu eta kanpoko indarrei saldu ahal izateko nekazari eta indigenak beren lurretatik bota behar dituzte, azken urteetan; 5 milioi desplazatu inguru izan dira, 175.000 erailak paramilitarren eskuetan edo faltsu positiboak bezala ezagutzen direnak (nekazariak erailtzen dituzte gerrillako kide balira bezala aurkeztuz). Basakeria hau egiteko ejertzitoa eta paramilitarrak behar ditu estatuak.
2.- Neoliberalismoaren erretaguardia hegoamerikan: Kolonbiak egun duen beste funtzioa zera da, ezkerreko alderdiak agintean dauden herrialdeak desestabilizatzea, estrategia horretan dauden indarren erretaguardia bihurtu da. Kasu; Brasil, Ekuador edota Venezuelako oligarkak Kolonbian daude asentatuak eta hemendik ari dira herrialde horien desestabilizazioa eragiten.
3.- Hegoamerikaren kontrol eta militarizazaiorako gunea: AEBak Narkotrafikoaren aurkako borrokaren aitzakiapean 7 base militar ditu bertan kokatuak eta hemendik ari da hegoamerika militarizatzen.
Alvaro Uriberen presidentetza, gerra estrategia areagotu eta alternantzia oro kriminalizatu zuen, elkarrizketa eta konponbideari ate guztiak itxi zizkion eta garai honetan hasi ziren faltsu positiboen politika ankerra zein herritarren aurkako eraso masiboak. Uriberen popularitateak ondoa jo zuen eta aldaketa eman beharra zuten. Santosek hartu zuen agintetza eta hasiera batean herritarren onarpen handia jaso bazuen ere azken urtebetean bere popularitatea %75etik %50era jeitsi da, horrela dio Kolonbiako aldizkari eskuindarra den el tiempok, pasa den astean atera berri duen notiziak. Santosek nazioartean bere irudia mantentzen duen arren kolonbian bere irudi ona pikutara doa.
ALTERNANTZIA BERRIA INDARTSU:
Egoera latz honen testuinguruan eta Kolonbiako gatazkari irtenbidea eman asmoz, azken 2 urteetan ezkerreko alternatiba bat prestatzen hasi ziren Kolonbiako eragile ezberdinak.
Urte hauetan egindako lanaren emaitza pasa den aste honetan ikusi dugu, martxa patriotikaren aurkezpena eman da bertan. Martxa Patriotikak Kolonbiako 1300 eragile ezberdinen babesa jaso du eta apirilak 21, 22 eta 23an ikusi dugun moduan milaka pertsonen babesa jaso du. Aurkezpen jardunaldietan 4000 delegatu inguruk hartu dute parte eta 23an burutu zen martxan, Bogotako kaleetan 80.000 pertsona baino gehiago bildu ziren. Indar erakustaldi ikaragarria izan zen. Kolonbian aldaketarako nahia eta aukera dagoenaren erakustaldia.
Martxa Patriotikaren 5 ardatz nagusia honakoak dira: 1.- Aldaketa politiko zein sozialerako sortu den mugimendua da, eskuinaren alternantzia izateko bokazioz jaioa. 2.- Giza eskubideak bere osotasunean bermatuko dituen proiektua defendatzen du. 3.- Lurraren erreforma: Milioika indigena eta nekazari diren beren lurretatik espulsatuak, beraien lurretara itzultzeko aukera eta modua ziurtatu behar da. 4.- Alternantzia honek Kolonbiar guztien batasuna behar du, zentzu horretan martxa patriotikoak beste eragile ezberdinekin akordioetara iritsi nahi du eta 5.- Bakearen beharra. Estatu kolonbiarrak garaipen militarraren aldeko apustua egiten du. Garaipen militarra ordea ilusio faltsu bat besterik ez da. Kolonbiako gatazka sozial armatuak sustrai politiko, ekonomiko eta sozialak ditu eta gatazka hau konpontzeko bide bakarra, bide politiko da. Martxa Patriotikoak bere konpromisoa adierazten du bide politikoen alde.
PIEDAD CORDOBAREN IKURRA:
Kolonbiako ezkerrak erreferente ugari ditu, baina egun bada erreferente nagusi bat, Piedad Cordoba emakumea. Hizlari bikaina eta bakearekiko ekintza eta konpromiso argiak hartu ditu, herritarren konfidantza irabaztera eraman dute. FARC gerrillaren bahituen askatze prozesuan jokatu duen papera, paramilitarren mehatxu eta hilketa saiakeren aurrean ausardiaz borrokan jarraitu izanak egun Piedad Cordoba lehendakaritzarako hautagai izatera eraman du.
UNION PATRIOTIKA GOGOAN:
Union Patriotika (UP) 1985ean sortu zen alderdi politiko bezala. UP jasandako errepresioa izugarria izan zen, 5000 militante inguru erailak izan ziren talde paramilitar, ejerzito eta narkotrafikanteen eskutik. Gertakari honek aukera guztiak itxi zizkion bide politikoari eta gerrillak berriro mendian babestu beste aukerarik ez zuen izan.
25 urte behar izan dira martxa patriotikaren sorrera eta kolonbiako eszenategi politikoan agertzeko. Martxa Patriotikak emandako indar demostrazioak urduri jarri du gobernua eta estatua eta bere garaian Union Patriotikaren egin zuten bezala martxa patriotikoa kriminalizatzeari ekin dio. Kriminalizazio politika hau oso arriskutsua da, berriro ere UPrekin gertatu zena gertatzeko tentazioa egon daitekeelako Estatuaren partetik. Urrutira joan gabe, atzo apirilak 29, Carlos Lozano Kolonbiako Alderdi Komunistako kidearen bizkarzaina erail dute.
Esan gabe doa, 25 urte geroago baldintzak aldatu egin direla gizartean eta egun Kolonbiako herriak bakearen aldeko hautu garbia egiten duela. Herritarren artean bake nahiak % 85ren babesa jasotzen du. Gizarteak beldurra galdu dio beldurrari.
EZKER ABERTZALEA ETA KOLONBIA:
Ezker Abertzaleak azken aldian Kolonbian burutu diren ekimen ezberdinetan hartu dugu parte; otsailean “Colombia entre rejas” izeneko foroan izan ginen, martxoan Maite Aristegik mujeres por la paz ekimenean parte hartu zuen, bertan Piedad Cordobarekin batera FARC-ek urteetan bahituak izan dituen kideak askatzea posible egin zen eta azkenik apiril honetan martxa patriotikan izan gara.
Gatazka guztiak ezberdinak dira, gatazka bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta hori ezinbestean ulertu beharreko elementua da, ez da esistitzen gatazkak konpontzeko errezetarik, esperientzia ezberdinak baizik. Euskaldunok asko ikasi dugu Hegoafrika edo Irlandako esperientzietatik eta gure ekarpenak Kolonbian lagungarri badira ongi etorriak izan daitezela.
Aurrera begira Ezker Abertzaleak Kolonbian burutzen diren ekimenetan parte hartzen jarraituko dugu. Internazionalista eta ezkertiar bezala, Bakearekin dugun konpromisoari atxikiz eta Kolonbiarrek horrela nahi dutelako, ohore eta erronka handia da Ezker Abertzalearentzat Kolonbian bake justu baten aldeko apustuan partaide izatea, gure umiltasunetik baina geurea eskainiz.
2012 apirilak 30
Iruzkinak
Utzi iruzkina: