tuenti
Ia mundu guztiak bezala, sarean hainbat kontu ditut, hau da, hainbat kontutan nago erregistratuta. Besteak beste, facebook, tuenti, hi5, fotolog, messenger... Mende hau teknologiaren mendea dela esango nuke. Batetik, tekologiaren aurrerapenak ikaragarriak direlako gaur egun, eta bestetik milioka pertsona teknologiaren menpe bizi garelako. Gaur egun inor ez da bizi mugikor, ordenagailu, telebista, irrati... gabe. Edonora begiratuta ere, teknologia parez pare ikusiko dugu.
Esan bezala, hainbat kontu ditut interneten zehar. Hala ere, tuenti-ri buruz hitz egingo dut, gehien erabiltzen dudana delako, msn-arekin batera.
Tuenti-n joan zen urteko apirilean erregistratu nintzen, 2008ko Apirilaren 10ean hain zuzen ere. Hasiera batean kontua sortze aldera egin nuen eta ez nuen ezertarako erabiltzen. Jada modan bazegoen ere, nire lagunek ez zuten kontua eta zutenek ere, ez zuten erabiltzen. Aurreko urteko Azaro aldera edo hasi nintzen kontu honi probetxua ateratzen. Ikasketak egitera Eskoriatzara etorri nintzen eta Arrasateko ikastetxe nagusian dut egoitza gaur egun. Hemengo lagunak zeharo engantxatuta zeuden programa honetara. Tuenti gora, tuenti behera… Tuenti-n konektatzeko eta konektatzeko… Azkenean erabiltzen hasi nintzen.
Azpeitiko lagunekin hitz egiteko msn-a erabiltzen dut gehienbat. Baina tuentia ere komunikatzeko era on bat iruditzen zait. Tuentiri esker lengusuekin harreman handiagoa dut, bertan argazkiak komentatzen baititugu guztiok, eta gainera, aspaldiko lagunekin kontaktuan jartzeko aukera izan dut sare honi esker. Bertan elkarri mezuak idatzi, argazki nahiz bideoak igo… Gainera nahi dudanean utzi dezaket mezuren bat, bestea konektatuta egon edo ez. Eraginkorra eta erraza izateaz gain dibertigarria iruditzen zait.
Tuenti kontua bisitatzen dut, baina ez askotan. Denbora pasa erabiltzen dut gehienbat. Bisita laburrak egiten ditut, mezuren bat badago hau irakurtzen dut, baina bestela, klik azkar bat ematen dut “Salir” hitzaren gainean.
Tuenti web orria, nire ustez, beste programa askok eta askok duten intrusismotik kanpo geratzen da. Zeuk aukeratzen duzu nork ikusi dezaken zure kontua eta zeinek ez, “lagunak bakarrik”, “lagunen lagunak bakarrik” edo “tuenti guztia”. Beraz zerbait ezkutuan edo lagunartean utzi nahi baduzu aukera ematen dizu, eta norbaitek bere lagunen zerrendan eduki nahi izanez gero, baimena eskatu beharra dauka. Alderdi horretatik, orrialde seguru bat dela uste dut.
Esan bezala, sare edo kontu hau erabiltzearen arrazoi nagusia harremana mantentzearena da. Azpeitin nagoenean kalera irteten dut lagunekin egotera, nahiago izaten baitut aurrez aurreko harremana, ordenagailu edo “teknologia bidezkoa” baino, aspergarriagoa dela uste baitut. Baina Arrasaten nagoenean, haukin egoteko aukerarik ez dudanez, messenger edo tuenti bidez komunikatzen naiz gehienbat.
Esan beharra daukat tuenti web guneak duen gabezi handiena edo larriena euskaraz ez egotea dela. Euskaraz egongo balitz berdin berdin erabiliko nuke baina erosoago ibiliko nintzateke.
Hauxe tuentiko kontuarekin izan dudan orain arteko esperientzia.
Besterik gabe,
Ondo segi!!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: