Euskara(z) elikatu

No profile photo Gurasoen Euskara Batzordea | 2009-12-09 16:24

Ariketa egitea eta ondo elikatzea omen dira edozein pertsonak osasuntsu egoteko dituen bide nagusiak. Hizkuntzekin ere gauza bera gertatzen da. Hizkuntzen kasuan, ariketa egiteak erabiltzea esan nahi du: zenbat eta gehiago erabili, orduan eta indartsuago. Elikatu, berriz, hizkuntzak familian, lagunartean, telebistan, bideo-jolasetan... entzuten dugunetik, liburuetan irakurtzen dugunetik eta abarretatik elikatzen dira.

 

Hori dela eta, Gabon hauei begira, Gurasoen Euskara batzordetik zuen eta maite dituzuenen euskara elikatzeko eta aberasteko lagungarri izango zaizkizuen proposamenak aurkeztu nahi dizkizuegu.

 

“Ikastolen ikasmaterialak” katalogoa

 

Gaztetxoenei begira, lagungarri dugu urtero bezala “ikastolen ikasmaterialak” katalogoa. Bertan era ezberdinetako material didaktikoa aurkitu dezakegu, beti lelo bati indarra eman nahian: “ Euskaraz jolastu, euskaraz bizi!”. Eskola materialaz gain, hemen ikus ditzakegu ahaztu ezingo ditugun olentzero, bere bilduma zabalarekin, eta nola ez, Argitxo, gure humeen laguntxoa. Panpinak gurekin hitz egin dezake, eta bere abestia irakatsiko digu, beti, berak esaten duen bezala, euskeraz mintzatzen garenean kriseilua pizten zaiolarik. Argitxok ere baditu ipuin, jolas, cd eta abarrak, denak bere txapeltxo gorriarekin koloreztuta. Nola ez ditu ba umeen aurpegitxoak alaituko?

  

“Euskarazko produktuen” katalogoa

 

Iritsi zaigu ere 2009-2010eko “euskarazko produktuen katalogoa”. Bertan: musika,  aldizkariak, liburuak, jokoak eta abar. Eskaintza zabalak askotan nahasten gaitu; “guzti horren artean, zer aukeratu?”

Aukeratzeko lehenengoz eta behin norbere ezaugarriak aztertzea izaten da komenigarria.  Adibidez, nerabezaroan dagoen semearentzat opari aproposa izan daiteka “Musuen gustua”, Aizkorri editorialaren liburua.

Ahoan aparatoa (ortodontzia) duen hamabi urteko neskatila batek musuen gustuaz arduratuta dabil……Tono atseginez eta umore finez aztertzen ditu adin horren ardura batzuk.

 

Durangoko Azokako berriak

 

Baina, guretzat, gurasoontzat ere apartatu beharko dugu zerbait eta, horretarako, onena Durangoko Euskal liburu eta disken azokatik bueltaxka bat ematea da. Urtero bezala, bertan era guztietako nobedadeak ikusi ahal izan ditugu liburu, aldizkari, musika eta bideo argitalpen eta argitalpen elektronikoen artean: hasi betiko euskal kantuen bildumetatik eta edozein jakintza-arlo edota arlo profesionaletarako testu liburu eta hiztegietara.

Libururen bat aukeratzekoan, hika ikasteko metodo bezala, Anjel Lertxundiren azken liburua –Lasterbideak- eta hain famatua egin den eta euskaraz argitaratu berri den Zenbaki lehenen bakardadea.  Nobelen artean zalantzan ibili ondoren, Lidya Flem-en Nola banatu nintzen nire alabarekin eta nire semearekin liburu txikia izan daiteke Gabonetako oporretarako aukerako liburua; interesgarria izan daiteke-eta seme-alabak gurasoongandik aldendu behar diren uneari buruz egiten duen hausnarketa.

 

Beraz hemen dituzue aukera desberdinak eta badakizue Gabonetako oporrak euskera elikatzeko ere erabili!!!


Utzi iruzkina: