'Egunkaria' itxi zebela hamar urte

arale 1456130970700 Arale | 2013-02-20 21:45

Gaur  hamar urte izan zan, baiña gaur izan balitz moduan gogoratzen dot. Ez jata berehalakuan ahaztuko, ez, eta nahi be ez dot, gaiñera.  'Egunkaria'-ko lankide batzuekin afaltzen egona nintzan ordu batzuk lehenago, eta goizaldeko bostak aldera Antiguako pisu hartan telefonuak jo zabanian salto batian jaiki nitzan ohetik, eztarrixan korapillua nabala. Danok be fiñ etxeratu giñan egun hartan, eta txarrena imajinau naban, halakuetan ohi danez. Jon zan, Ordoñez. "Ainara, guardia zibillak sartu dira Egunkaria-ra. Erredakzioa miatzen ari dira. Aitak deitu dit oraintxe. Ni Andoainera noa oraintxe, Leku eta beste batzuk han daude. Abisatu ahal duzunari eta baldin bazatoz hartu NANa, guardia zibilez josita omen dago eta". Ezin naban siñistu. Egunkaria? Zelan ausartu dira, baiña?

Pisukidiak esnatu, telefonua hartu eta Gorkari deittu netsan. Bere amak hartu zestan. Gero, Ekaitzen ama esnatu naban, eta hirugarren deixa, etxera. Ordurako gure amak bazakixan. Radixuan entzun ei zaban eta eguna argittu zain zaguan, abisatzeko. Ekaitz hartu eta Andoaiñera. Goguan daukat sekulako hotza egitten zabala. Allegau, eta inguru dana guardia zibillez jositta zauan. Hantxe zeuazen lankide batzuk be, zuri-zuri eginda, zer egin ez zekixela. Ordurako bagenekixan atxilotu batzuk be bazauazela, baiña ez genkixan ez zenbat eta ezta zeintzuk be. Delegazioak ere itxi ei zittuzten. Akojonauta nauan, akojonauta geuazen. Haura zan amorrua, ulertu eziña, tristuria, beldurra, eta hotza. Euskarazko egunkari bakarra itxi zeben, euskal kultura jo zeben, eta artian ez genkixan, baiña lankide batzuk Madrillera bidian ziran, inkomunikaziua ezarritta. Egun hartan lehenengoz kolpe egin netsan pankarta bati.

Hantxe geuazen, Andoaiñen. Antolatu biharra zauan, hurrengo egunian kioskuan egon bihar genduan-eta. Pankartak egitten, atxikimenduak batzen eta herri batzordiak antolatzen jardun naban lehenengo egunetan, eta 'Egunero'-ko taldian sartu nindduen gero. Sekula ez dot ahaztuko Donostian egin zan manifestazio erraldoia. Sekula ez Antiguako zubittik urten barrittan jaso genduan txalo zaparradia. Bigarren aldixa zan pankarta bati eusten netsana. Anderrek, gure illoba zaharrenak, 4 urte zittuan orduan, eta hantxe zan be be. Goguan daukat 'atxilotuak askatu' izan zala bere gerra oihua ondorengo egun askuan.

Nekez ahaztuko dot, era berian, Hernaniko lokal hartan Egunero ataratzeko egitten genduazen lanak. Ezta taldetxo hartan sortu zan girua be. Proiektu hartan siñisten genduan, eta sekula ez beste lotu giñan alkarri. Gero etorri zan herriz herri  hitzaldixak ematen ibilli biharra. Mallabia, Ermua, Eibar, Plaentxi, Bergara, Elgeta, Elgoibar, Deba, Itziar,  Mutriku... Benetan esaten detsuet nere bizitzako egunik gogorrenak izan zirala. Kamiseta, txiskero eta bonuak hartu, eta herriz herri ibilli giñan, 'Egunkaria'-ren ondorengoa izango zan BERRIArentzako diru eske. Eta itzela izan zan. Ikaragarrixa. Fermin, Koldo, Igor, Aitor, Ane, Haritz, Auro, Imanol, Irati, Juanma, Egoitz, Gorka, Igor Rey eta Igor Ezenarro. Háretxek izan ziran otsailletik ekaiñera bittartekuan nere familixia. Hárek eta 'Egunkaria'-ko lankidiak.

Gaur, hamar urte geruago, oindiok oillo-larrua jartzen jata egun hartakua gogoratze hutsakin. Izan be, amesgaizto haura ez da amaittu oindiok.


Utzi iruzkina: