Bigarren mailako herritarrak

josebagaraiaek@gmail.com 1622051187242 Apatxerria | 2021-05-26 19:40
1

josebagaraiaek@gmail.com 1622233350866

 

Frantziako Konstituzio Kontseiluak plazaratu berri duen ebazpenarekin, Paul Molac diputatuak proposatu legearen baitan esperantza handiak emanak genituenek zafraldi handia bildu dugu. Izan ere, ez zen batere ohikoa, gobernua sustengatzen duen taldeko zenbait partaideenak barne, Asanbladako 247 diputaturen aldeko bozka. Gertakaria erranahi eta hein politiko handikoa zirudien, bereziki, bozkaldia Frantses hezkuntza ministroaren gogoaren kontra egina izan delarik.

 

Konstituzio Kontseiluaren erabakiak beraz, artikulu eta gai horientako sesitua ez izanik ere, urak berriz ere Frantziako nazionalismo gibelkoiaren eiherarat ekarri ditu, hots, betidanik izan diren lekura, konstituzioaren 2. artikulu ospetsuak ongi babesten duen urbidera hain zuzen ere. Oraiko ebazpenaren balizko nabardura juridiko eztabaidagarrien aukerak bazterrean utzirik, argi da 1992ko ekainean gertatu erreformak, zoinetan konstituzioan Errepublikako hizkuntz ofizial bakar gisa frantsesa xedarritzen den eta 1996ko gehigarrian, eremu publikoan bereziki frantsesaren erabilpenari buruz, delako Toubon legeak zizelkatzen dituen oinarriek ez dietela eskualdeko hizkuntzei jokatzeko leku handirik uzten. Ingelesaren eragina oztopatu nahi omen zen eta Eskualdeko mintzaira desberdinei kalterik ez ziela ekarriko zioten garai hartako agintariek. Haatik, Errepublika jakobinoaren oinarri ideologikoak sendotzeko xedearekin eta beste hainbat arlotan gertatu bezala, frantses hizkuntzaren nagusitasuna harlauza baten gisan erabilia da erresumako beste hizkuntzen aurka.

 

Harrigarria bada ere, XXI. mendeko Frantses estatua, oraino ere, ez da gai bere lurraldearen baitan, elkarrekin bizi diren behialako kultur, nortasun, mintzaira eta adierazpide ainitzen onartzeko. Agintarien iritziz, badirudi frantsesa dela balore unibertsalak bideratzeko eta ezagutarazteko hizkuntza bakarra. Erresumako beste mintzaira horiek aldiz tipiagoak omen dira, ez-gauzak, erakustoki batean gordetzeko ondasunak baina garatzeko ahalmenik gabekoak. Honela beraz, bigarren mailako herritarrak sortarazten ditu estatu honek, eskualdeko hizkuntzak erabiltzen dituzten herritarrak eskubide eta lege babesik gabe utzirik. Publikoki aldierantzizkoa adierazten badute ere, euskara bezalako hizkuntzak desagertzera kondenatu nahi dituzte ongi kalkulaturik den jukutria erabiliz.

 

Zorionez ez gira duela berrogoi urteko egoera berean. Euskara irakatsi eta euskaraz bizi diren eskolak, erakundeak eta elkarteak gero eta indartsuagoak dira. Bestalde, gutxi dira Euskal Herrian euskararen irakaskuntza eta hedapena gaitzesten dutenak. Hemengo, hautetsi eta agintari politiko gehienek, edozoin koloretakoak izanik ere, euskararen aldeko jakinarazpenak egin eta izenpetu ohi dituzte behin baino gehiagotan. Aldaketa aire baten seinale, Frantziako Asanbladako deputatuen bozka bera ere historikoa izan da. Aurkakoen indarra ezagutuz, gutxik espero genuen emaitza hein hortakoa izan zitekeenik.

 

Berriki, Euskal Herriko hautetsi batek desobedientzia zibilaren bidea erakutsiz aditzera eman duen bezala, gure oinarrizko printzipio moral eta demokratikoen kontra doan legeak ez gaitu ordezkatzen eta ondorioz ez girateke horren betetzera behartuak. Hats luzeko borrokaldia da euskararen ezagupenaren eta ofizialtasunaren alde eramaten duguna. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak sorturiko egoera abiapuntu berria izan daiteke Iparraldeko euskalgintzarako. Eskubide guziak hizkuntza guziendako aldarrikatzeaz gainera, euskararen ofizialtasuna fermuki galdatuz, arrapizt dezagun beraz gure kemena!

 

 


Utzi iruzkina: