Beti mendiko suak
Beti mendiko suak
ARGIA, 2319. alea
2012-04-22
Idatzi dut “beti”, urtero San Pantzart irian hasi eta garizuma osoan, larreak belzturik agertzen direlako, garbiak, omen. Beti, jadanik orri hauetan gaia azaldu dudan arren, orain ere errepikatuko dudalako zer tristezia ematen duten mazela alferrik karbonizatuek, Jaramendi iparraldeko malkorrak bezala, kabala gabekoa baina ezpel eta haginak dituena –hagin erresidualak, noski, besterik ez baita hemen gaindi.
Egunkariek ere aipatu dituzte aurtengo kalteak, hain baitira handiak izan. Biodibertsitatea kontserbatzeko arduratzen den Natura 2000 elkarteko ordezkariek bilkura batera deitu zituzten artzainak, ehiztariak eta mendikariak. Interes kontrajarriak dituztela konstatatu, denak aintzat hartu eta, erremediorik ezarri gabe, inor ez mintzeko moduko ondorioak atera zituzten: belarra suspertzeko artzainek bazkalekuak erretzen dituztenean, paisaia zoragarriak ekoizten dizkigute; ehiztariek, aldiz, ote, berro eta sasi gehiago eskatzen dute, ihiziendako babes lekuak; mendikariek aske ibili nahi eta gorroto dituzte lurberri hesituak.
Bost axola interes horiek mendiari. Mintzatzen ahal balitz oihu egingo luke ezin duela gehiago, lar su, lar hortz eta lar gorotz jasaten dituela, zuhaitz eta beresi gehiago behar dituela. Arrangura horien oihartzuna helarazten digute sortzaile irudimentsu eta ikonoklastaren batzuek, hala nola Okatxu komikia idatzi duen Mattin Irigoienek, Mari-Zerrama-Lur barregarri baten ahotik iragarri baitigu antzinako oihana erre zutenean ohilduak izan ziren zerriak berriz itzuliko direla iraultza egitera, eta orduan, antzina bezala, pagotxa, ezkur eta gaztainak izango direla nagusi.
Bestela, gure ingurunea aski “ikonolatra” izan ohi da –aspergarriki “ikonoplasta” maiz– eta, mendiaren hondatzea gauza nabaria izanagatik, ez da iruzkin publiko soberarik egiten, beharbada artzainei gaitzituko zaien beldur. Artzaintza euskaltasunaren mamitzat ekarria baita, aurre-historiatik hona. Hemen, neolitoaren ezaugarriak irakasteko erabiltzen diren hastapen zenbait aski txireneak dira: bi eskema desberdin erakusten dizkigute, bat mundukoa eta bestea Euskal Herrikoa; munduko taulan ikusten da neolito aroko berritasunak laborantza eta artzaintza izan zirela, Euskal Herriko taulan artzaintza baizik ez da ageri; eta horixe errepikatuko dute dibulgazioko lan gehienek. Mezu subliminala da gure izaera, gure euskal idiosinkrasia, betidanik artzaingoan datzala. Nahiz eta zerealak jadanik Kristo aurreko 4000garrenetan lantzen ziren Gipuzkoan.
Egia da ez ditugula arrazoiak falta artzainak maitatzeko, miresteko ere askotan. Eta gero, birloratuta gauzkate haien irudiek: Eguberriko jaiotzan nor ezartzen dugu lehen lerroan Belengo portalean, bildots bat besoetan? Nor ez du artzain onak gogatu –hau da, axuriak otsoetarik begiratzen dituenak, berak jan nahi dituelako? Nor zen gaiztoa, Abel artzaina ala Cain laboraria? Eta gainera Txomin Agirreren Joanes...
Eguneroko bizimodu tradizionalean, aldiz, herri oso menditsuetan ez ezik, artzainak baino askozaz gehiago ziren nekazari hutsak, supizteko joera estimu handian ez zutenak. Baina ez da orain zertan berpiztu laborari eta abeltzainen arteko borroka arketipiko hori, segur aski ez da gehiago arazoa, hemen bederen. Kontua da, batzuek lurra eta beren burua pozoitzen dituztenean, nor den galtzaile; eta besteek bizidunak oro kiskaltzen dituztenean, ea irabazlerik baden.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: