Antzuolan, Orain ezker abertzalea!

antzubloga 1456130951231 antzubloga | 2007-03-08 18:55

Hemen bildu gara geure burua abertzale eta ezkertiartzat dugun antzuolar talde bat. Adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak. Guztioi ardura batek batzen gaitu, azken lau urte hauetan Antzuolako herriak pairatu duen egoerak hain zuzen ere.

Azken urte hauetan ezker abertzalea Udaletik zeharo baztertua izan da. 2003ko Udal Hauteskundeen ondoren herriaren zati handi bat eskubide politikorik gabe gelditu zen. Antzuolako herritar guztiok ondo dakigu egoera horrek zer eragin izan duen herriarengan. Udalaren politika eta herritarren nahien artean izugarrizko hutsunea egon da. Herritarren eskakizunak ez dira kontuan hartu eta gaur egun Udala ez da herriarena.

Honen aurrean ez dugu eskuak gurutzaturik egoteko asmorik. Inoiz baino beharrezkoagoa da demokrazia Udalera itzultzea. Abertzale eta ezkertiar garen heinean, Udal partehartzaile baten sinisten dugu. Herritarren nahi eta asmoekin bat egingo duen Udaletxe bat beharrezkoa da. Horregatik, INDARRAK BILTZEKO GARAIA da. Horretarako Antzuolako pertsona anitz jada lanean gaude, herri honen benetako beharrei begira eta herriarentzat eginiko programa bat Udalera eramateko asmoz.

Herri honek ezker abertzalea merezi du eta inoiz baino beharrezkoagoa da ezker abertzaleari dagozkion eskubide guztiak berreskuratzea.

Lotsarik gabe eta lanerako gogoz esaten dugu: ORAIN ANTZUOLAN EZKER ABERTZALEA.


Utzi iruzkina: