Dena aldrebes egiten zuen neskatila
Goizean goiz
afaltzen zuen. Lehendabizi postrea, gero xerra eta bukatzeko entsalada. Ohea desegiten
zuen goizero. Eta pijama jantzi ondoren, autobusaren geltokia joaten zen.
Eskailerak gora jaisten zen eta kalera irtetzeko igotzen zituen.Lanerako bidaian
berarekin topo egiten bazenu, agurra botatzerakoan beti “adio” esaten zuen. Ez
al zen agurra ba?
Hamaika hilabeteko oporrak zituen, eta hilabete bakar bat egiten zuen lan. Txikitan Pentsio plana egin zioten gurasoak, eta handik gutxira bere filosofia ikaskuntzak amaitu zituen. Eta azken egunetarako dagoeneko erosita zituen biberoia eta haur-oihalak.
Beti urduri egoten zen hain gustoko zituen Curling partidak ikusten zituenean, amaierara erabat lasai helduz. Musika entzuten zuenean, atzetik aurrera pasatzen zituen KDko abesti zerrenda. Eta liburuak ez zituen inoiz bukatzen. Noski, amaieratik hasten ziren bere irakurketak eta...
Mutilak beti gorrotatzen zituen ezagutzerakoan, eta uzteko momentuan amodioz beteta zegoen gure neska. Baina xehetasun hori arrunta zen gaur egungo nesken artean.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: