Eztanda

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2009-03-04 18:37

Lanean pasa ditu egunak apenas lorik egin gabe. Atzo, pertsianak beheraino jeitsi, gelako atea ondo itxi eta goiz sartu zen ohean. Hain zegoen nekatua... belarriak burkoa ikutzerako hartu zuen loak.

Goizaldean, gaueko iluntasun absolutua hautsi duen argi izpi iheslari batek esnatu du. Kaka! Ez du inoiz lortzen pertsianaren goikaldeko zulotxoak estalita geratzea. Bah. Jada berdin dio. Badaki ezingo dela berriro lokartu. Kolpean altxatu da eguneroko laranja zukua prestatzeko, baina lurrera erori da ia. Ohean eseri da une batez. Buruak eztanda egingo duela dirudi, bere gorputzeko odol guztiak bertatik irten nahiko balu bezala. Noizbehinka gertatu ohi zaio. Burukominek nahi dutenean erasotzen diote eta, aste bat pasa dezake horrela, zoratzeko moduan. Astiro altxatu da oraingoan, kontu handiz, bururako pastilla horietako bat hartzeko. Laranja zuku prestatu eta ohera itzuli da horretaz behintzat gozatu ahal izateko. Lorik ez du egingo, baina ondo etorriko zaio atseden hartzea. Argia itzali du burukomina okertu ez dadin eta zabaira begira geratu da, berreskuratu berri duen iluntasunean. Orduan hasi da pentsatzen, bere bizitza errepasatzen... eta beldur da, beti bezala.


Utzi iruzkina: