Nire ahizpari

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-07-20 18:55

Gaur heldu da nire ahizpaz hitz egiteko ordua. Gaur ez dut irainduko, ez dut esango zer egiten duen gaizki, gaur ez naiz gehiago haserretuko. Duela gutxi liburu batean irakurri nuen hurrengo zatitxo hau:

"Era como si estuviera enfadada continuamente. No como se enfadaban los niños, de modo que pronto se les pasa..., sino de manera diferente. Sólo que no había motivos para el enfado."

Horrela sentitzen naiz ni normalean nire ahizparekin, agian izango da ni naizenaren guztiz kontrakoa delako, egia esan, ez dakit, goian esan dudan bezala, ez omen dago arrazoirik... nire buruari ematen dizkiodan aitzakiak aipa ditzaket, eta egia da, nik horrela sentitzen dut. Ez zait gehienetan gustatzen nola portatzen den ahizpa, txikia izanik nahi duena lortzen du eta mugarik ez duela ematen dit niri, horregatik nahiago dut urrun gelditu denbora guztian sermoia alferrik botatzen ibiltzea baino.

Baina onartzen dut, pasa egiten naiz. Oso pertsona hotza naiz, eta haserrea ez den beste edozein sentimendu adieraztea izugarri zaila egiten zait, ia ezinezkoa. Baina neure onetik ateratzeko gaitasuna baldin badauka ere, bere ezaugarrietako asko miresten ditut, eta asko maite dut bera. Oso ume aktiboa da, jostaria, soziablea, esku zabala gehienetan... kirola ez du gustuko, kirolak txoratu egiten du, eta ezin da geldirik egon, askotan hori da urduri jartzen nauena, baina bestalde bere poztasuna adierazten du, ez da batere pasiboa. Zortzi urte baino ez ditu eta handi handi dago.. Aitak esan zidan behin ahizpa nola hazten den galtzen ari naizela, gauza askoren errua bota diodala berak errurik eduki gabe, ezin dudala barnean daukadan amorrua berarekin ordaindu, aprobetxatu dezadala orain, ume bat dela.

Gauero irratia entzuten lokartzen naiz, 'Beste gu' programa jarrita. Lehengunean joandako gonbidatua Dawn sindromedun neska gazte bat zen, bere sendiarekin batera. Elkarrizketa bukatzen ari zirela, aurkezleak Amari eta ahizpari galdetu zien ea zerbait berezirik esan nahi ote zuten, eta ahizpak esan zuen, askotan jendea Gobernuz Kanpoko Erakundeetan sartzen dela laguntzera, primeran dagoela hori, baina etxekoak laguntzea ere ez dugula ahaztu behar.

Ez da beharrezkoa norbait gaixo egotea, dirurik ez edukitzea edo ezberdina izatea laguntza behar izateko, mundu guztiak behar baitu laguntza. Momentu horretan konturatu nintzen hainbestetan esan didatenaz, nire ahizparekin dudan jokaera ez da bidezkoa. Etxean izandako egoerak ez dira ohikoenak, baina ez ditu berak sortu... Beraz, merezi zuen hau, askotan oso kantsagarria izan daitekeen arren, nire ustez mizke hazitako umea izan arren, askotan gaizki portatzen den arren, aitari kasurik egiten ez dion arren... nire ahizpa da, eta asko maite dut. Muxu bat, Nagore!


Utzi iruzkina: