Ordezkapenen errEAlitateak eta gezurrak
Lasai egoteko motibo ugari dagoela erakutsi du azken egunotan berriro Hezkuntza Sailak. Lasai egoteko esan du, ordezkorik ez daudela, baina horri aurre egiteko norberaren gauzatarako baimena eskatzeko irakasleek duten eskubidea, bertan behera gelditzen dela. Gorputz Hezkuntzako irakasleen grebaren aurrean, ikastetxez ikastetxe aritu dira ikuskariak dei zuzenak egiten. Beraz, argi ikus daiteke dena “kontrolpean” dutela. Baina, jaso al du norbaitek deiren bat EAdministrazioaren aldetik zenbat ordezkapen bete gabe gelditzen ari den jakiteko? Bestaldera begiratzea omen da ez ikusteko modurik hoberena.
Eta zertara dator hau guztia? Aurreko hilabetetan zenbait arazo eman bazen ere, abenduan zehar nabariagoa egin zen gure ikastetxeetan ordezkapenen betetze maila ohikoa baino askoz baxuagoa zela, ez bakarrik espezialitate berezietan, arruntetan ere. Hezkuntza Saila konturatu zen azkenean premiazko neurriak hartu behar zirela eta zerrenden irekiera berezia egin zuen urtarrilaren hasieran, lehenbailehen ordezkapenetarako pertsona gehiago izateko. Dena martxan zirudienean, gero eta dei eta komunikazio gehiago jasotzen hasi ginen, ordezkapenak betetzen ez zirela salatuz. Ikastetxeei premiazko kontsulta egin ondoren, eta Administrazioarekin hitz egin eta gero, salaketa publikoa egitea erabaki genuen, zerrendak ireki eta 25 egunera egoerak berean jarraitzen zuelako. Hiru egun geroago agertu zen Sailburua parlamentuan ikasturtearen hasieran gertatutako kaosaren inguruko azalpenak ematera. Campos jaunak ez zuen pasatzen utzi bere burua zuritzeko aukera, garbi utziaz ordezkapenen inguruko arazoaren errua ez dela Hezkuntza Sailarena. Gripea da erantzule nagusietako bat, tituludunen falta nabarmena dago eta ordezkapenen zerrendaren araudia “oso garantista” da, hau da, araudiak gehiegi babesten ditu zerrendetan dauden ordezkoak. Beraz, naturak, irakasle eskolek eta ordezkoek dute ordezkapenak ez betetzearen ardura. Harrapazak/n!
Lerro hauen bitartez gogor salatu nahi dugu Hezkuntza Sailaren ardura falta, harrokeria eta axolagabekeria. Ez gara penizilina asmatzen ari esaten badugu arazo estruktural bat badagoela, tituludunen falta arazo honen adierazle bat izanik, baina honek ezin du estali ordezkapenen gaian erantzukizun nagusia Hezkuntza Sailarena dela. Aurreikuspen falta nabarmena izateaz gain, kudeaketa negargarria egin du – eta hala jarraitzen du – ordezkapenen zerrendekin, baina ez dute onartuko. Gainera, berriro atera dute ahulenen kontra jotzeko jokaera paranoikoa, ordezkoak disparaderoan jarriz, eta langileen eskubideak bertan behera utziz. Formazioa edota birziklapen jarduera batzuk ere kolokan gera daitezke, zenbait liberazio eta ikastarotan parte hartuko duten irakasleen ordezkapenak ezin direlako ziurtatu. Hori dena gutxi balitz, gaia “naturalizatu” nahi du sailburuak 2010 urte arte arazoa luzatuko dela esanez.
Axolagabekeria, ardura falta eta kudeaketa negargarria gertatzen direnean, bada ohitura demokratiko osasuntsu bat gure administrazio honetan batere ohikoa ez dena. Agian horrexegatik gogorarazi nahi genieke. Zer moduz dimititzen baduzue?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: