ORDEZKAPENAK ETA ARDURAGABEKERIA
Uneoro atzamarra zaurian sartzen ari garela ematen du, baina Administrazioak aurrera eramaten dituen zenbait ekintza ezin ditugu salatu gabe utzi. Orain gutxi ireki diren ordezkapenak egiteko ordezkogaien zerrenden irekierarekin has gaitezen.
DENAK ireki dira eta horrela jarraituko dute kontrako agindua iritsi bitartean. Hasiera batean ez daukagu ezer honen aurka, honekin bideratu baitaitezke, alde batetik ordezkapenak garaiz egitea eta bestetik langile berrien sarrera. Baina esan behar dena da irekiera hau BERANDU egin dela eta atzerapen honek ikastetxeetako eguneroko martxan eta langileen lan baldintzetan modu negatibo batean eragin duela.
Hona gure azalpenak: ikasturte hasieratik ordezkapenen hornidura ez da ona izan ikastetxe askotan, ezta zenbait espezialitatetan ere, Administrazioaren esanetan, ordezkorik ez dagoelako.
Ordezkogaien falta honek urtarriletik aurrera norberaren gauzetarako baimen guztiak bertan behera geratzea dakar.
Ez dugu zalantzan jartzen langileen falta hau, baina ardura Administrazioarena da, aurreikuspen falta erakutsi duelako. Gure sindikatutik behintzat, denbora daramagu aipatutako zerrenden kudeaketa arrazionala egiteko eskatzen, honek dagoeneko hondatu samar dauden langileen baldintzetan okerrera egitea ekarriko duten egoerak saihestuz.
Norberaren gauzetarako baimenak bertan behera uztearen erabakiak berriz, Lan Akordioaren urratze nabaria da, bertan lehen egunetik ordezkatzeko konpromisoa hartu ondoren, orain dekretu bidez baimen horiek deuseztatu dituztelako. Barre egitekoa izango litzateke, gai serioa ez balitz.
Dena den eta ongi pentsatuz gero, ez gara harritu behar Administrazioaren jokabide honekin:
Nola aplikatu dute 2 urteko geletarako sinatutakoa? Pertsonala aurrezteko formula batekin. Zer gertatzen da 59 urtetik gorako langileriaren lanaldiaren murriztearekin? Datorren ikasturtean saiatuko omen dira… EPAko orientatzaileak zer? Aurreko erantzunak balio digu…
Alegia, Administrazioak eta badakigu nork sinatutakoaren ez-betetze maila puntuz puntu aztertzen joango bagina, tamaina honetako iruzurrik ez litzaiguke faltako.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: