LANBIDE-KARRERA ALA ELKARLEHIA?
Irakasleon lan-baldintzak arautzen dituen 187/2007 Dekretuaren 70. artikuluan balizko lanbide-karreraren negoziaziorako konpromisoa aipatzen da zehatz-mehatz. Akordioa izenpetu zuen sindikatu bakarraren iritziz, CCOO alegia, hau izan behar da bidea gelaren barruko irakaste-funtzioa baloratzeko, zerbitzu-urteak, irakasleen prestakuntza eta lanbide-gaurkotzea baita ikastetxearen hezkuntza proiektuarekiko atxikimendua ere pizgarri ekonomikoen bidez saritzeko. Planteamendua kurioso samarra azaltzen zaigu, halere. Etengabeko prestakuntza eta proiektuarekiko inplikazioa, alde batetik, berez daude jada kontenplatuta irakasle izaerari berari atxikiriko profilean eta lanbide honi dagozkion funtzio ezberdinen artean txertatuta. Hau kontuan harturik, beraz, nola eska daiteke pizgarri ekonomiko bat irakasle guztion soldataren barruko betebeharreko funtzio bi hauek bereziki ordaintzeko, hau da, batzuei gehiago eta beste batzuei gutxiago ala ezer ez? Zerbitzu-urteak, aldiz, antzinatasunaren araberako osagarrietan ere ordainduta daude. Kontua eta eztabaida sor daiteke, orduan, eskas baloratuta ote dauden. Eta hala balitz, kontzeptu horiengatiko denontzako igoera berbera eskatu beharko litzateke, ez besterik, denoi exiji baitakizkiguke, guztiok bete beharko genituzke-eta. Ikuspuntu horretatik, bada, saritzeko modukoak izan daitezke ezohiko jarduera batzuk (aste beteko ikasketa bidai batean parte hartzea edo zuzendaritza karguren bat betetzea , esaterako). Eta kasu honetan ere, zergatik izan behar da dirua planteatzen den konpentsazio bakarra? Denbora librea ez ote da, adibidez, justuagoa eta askoz ere solidarioagoa? Abiapuntua bada, berriz, irakasle guztiok, funtzio berdinak ala oso antzekoak betetzen ditugula gure lanbide ibilbidean zehar, oro har behintzat eta egoera zein momentu konkretu batzuetan gaur bati bihar besteari zeregin edo ardura bereziren bat eskatu arren, ezinbesteko ondorioa izan behar da soldata ere berdina izan behar dela. Berariazko pizgarriek istiluak eta eragozpenak baino ez dituzte sortzen gure ikastetxeetako eguneroko funtzionamenduan eta irakasleen artean, azken boladan tutoretza eta koordinazioarekin nahikoa eta soberan ikusi dugun bezalaxe. Baina proposaturiko lanbide-karrera honek bultzatzen duen soldaten sailkapenaren bestelako ondorio kaxkarrak beste lan arlo batzuetan ere ikus ditzakegu. Esaterako, zer pasatzen ari da azken hilabeteotan Osakidetzan? Arazo nagusiak ez ote datoz lan berbera betetzen duten langileen arteko bereizketa sortzen duten pizgarrietan guztiz oinarrituriko ustezko lanbide-karrera baten ezarpen inposatu batetik? Gure hezkuntza sistemak zein irakasleok behar duguna da bene-benetan betetzen ditugun funtzio guztien errekonozimendu duina, bai dirutan bai denboran, gure eguneroko arazoei aurre egin diezaieketen lankidetza eta koordinazioa sustatzea, guztiz beharrezkoak diren figura berrien ezarpena, irakasle berrien kontratazioa, baliabideen hornidura egokia,… Hau da, lan-baldintza guztiak guztiontzako ere hobetzea, ez bakarrik eskupeko ziztrin bat gutxi batzuentzako.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: