Aizkorripetik begirada bat bota diot Euskal Herriari...
... eta hamaika gauza ikusi ditut begiradak iraun duen segundu erdi horretan. Poesia ikusi dut, prosa, musika, kazetaritza; eguzkia ikusi dut zelai berdeak alaitzen, haizea belar moztu berria orrazten, eta urrutira, oso urrutira, itsasoa, brisa freskoa honaino iristarazi nahian.
Paisaia ederra ikus liteke Aizkorritik. Alde batera Araba, bestera Gipuzkoa. Gertu Bizkaia ere bai, eta urritixeago Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere bai. Dena ikus liteke Aizkorritik. Euskal Herri guztia, nahi izanez gero. Baina ni Aizkorripean nago. Mendiaren azpian ageri den haranean. Haran ederra, portzierto.
Aizkorripean alaitasuna senti liteke. Mina ere bai, samina, edota tristura zenbaitzutan. Euskal Herri guztian bezala. Hau ez da ezberdina. Baina bai berezia. Ba omen du honek xarma berezia. Erakusterik izango ote dut egunen batean!
Bitartean, inguruan ikusitakoa kontatzen saiatuko naiz. Ikusitakoa eta sentitutakoa. Burutazioak, besterik gabe, edota ausartuz gero, literatura pixkat ere bai (hala deitzerik balego, behintzat). Baina ideiak jasotzea ere gustatuko litzaidake, posible izanez gero noski, ahal izanez gero. Gehiegi eskatzea ote da?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: