Torturak badirau eta Oier du izena

No profile photo aitziberkarkamo | 2017-04-07 01:01

Gara 2017/3/23

“Errelato” hitza azken urteotako diskurtsoen gako bihurtu den honetan, ezin uler daiteke iragan astean Sandra Barrenetxeak eskeinitako tortura testigantzak horren oihartzun txikia eduki izana; eta ulergaitza baino gehiago ere, epaituak izan diren Guardia Zibilen abokatuak biktimaren kontrako neurri judizialak har daitezela eskatzeak eragindako sumindura eskasa.

“Borreroak baditu milaka aupegi” zioen kantuak eta latza bada ere, horrenbeste urte igarota eta ustez emandako aurrerapausoak ibilita ere, abestiak zioen “existitzen ez dena ez da existitzen eta kitto” inoiz baino ezaguera haundiagoz aplikatzen ari dira gure inguruko alderdi, hedabide eta ustez eraldaketara etorritako estatu mailako eragile politikoak ere.

Alderdien eta jendartearen axolagabetasuna, autozentsura edo makiabelikoki diseinatutako isiltasun informatiboa dira egungo borreroaren aurpegiak eta Sandraren errelatoarekin legez, larriki gaixo diren euskal herritar presoekiko dagoen isiltasuna etikoki onartezina da ustez bizikidetza helburu duen herrian.

Errelatoa idazteko zenbait kapitulo itxi beharra dago. Minbizia eta metastasia duen Oier Gomezek, larriki gaixorik dauden beste presoen moduan, etxean beharko luke jada eta horrela ez den bitartean, “errelato” madarikatua odolez idazten jarraituko dugu.


Utzi iruzkina: