Gerran desagertutako aitonaren bila

twitter: aintzanemug gora beherak | 2016-09-26 20:49

aintzanemug 1474921499746

Errenteriako Udalak irailak 13an gerran desagertutako 4 udal langile eta EAJko zinegotzi bat omendu zituen.

Gure etxean albiste honek eragin handia izan du zinegotzi hori aurreko post batean aipatutako gure aitona baitzen,

Serapio Mendarte jauna, gure amaren aita.

Izeba eskerra irakurtzen Irailak 13ko omenaldian

Ez nuen aitona ezagutu, noski; 1937ko ekainak 13an edo 14ean hil baitzuten Bilbo inguruan. Baina badut, ama-izebek kontatutakoaren eta lekukoen kroniken bitarteko, bere izaeraren inguruko ideia. Abertzalea zen, euskaltzalea, elizkoia, enpresa-gizona eta beste edozer ezaugarriren gainetik, perrejila esaten diegun horietako pertsona: saltsa guztietan sartzen diren horietakoa. Zaharregia zen gerrara joateko baina, gudari sartu zen. Horretan ere ezin izan zuen egonean egon.

Aitona eskubiko lehenengoa da

Gudari horien artean eskubitik hasita lehena da aitona Serapio.

Ez dakigu oraindik ze zuloan egon daiteken. Txikitan Derioko kanposantuan zegoela uste nuen, izebak azaldu zidan arte: bere garaian bere heriotza ziurtatu ahal izateko erabilitako trikimailu bat izan zen hura. Amonak egoera normaltzeko beharra zuen; aitona non zetzan ez zekien inork, eta Derion zegoela asmatu eta "frogatu" zuten. Izan ere joana naiz hara, eta bere izena bertako erregistroan azaltzen da. Izena bai, Derioko kanposantuan dago. Hezurrak berriz, ez.

Duela gutxi jakin dut Iñaki Isasmendik bere “Nire denboraldi ibilerak” lanean aipatu zuela aitona hil zuteneko pasartea.

Berak dioenez, Txanton bere lagunari entzuna, Sondikatik Deriorako bidean geldiarazi zuten Francoren soldaduek aitona zeraman kamioia, bertan hil eta hantxe utzi zuten gorpua. Ez zen izan Isasmendi bera lekuko bertan.

Sondika eta Derio artean beraz, bai, baina, zein zen 1937an Sondikatik Deriorako bidea? Errepide nagusia izango al zen egun haietan gudariek erabiltzen zutena, ala zeharkako bideak bilatuko al zituzten etsaiak saihesteko? Non zeuden ekainak 13-14ean Francoren soldaduak?

Hor hasi nintzen bada galdera hauen erantzuna eskainiko zidan informazioa sarean bilatzen. Eta aurkitu nuena erabat ezustean harrapatu ninduen:

Ikusi hemen

Pueblos del Pais Vasco aldizkariaren egileen artean, Serapio Mendarte, Aitzol, Lauxeta eta beste izen batzuen alboan. Argitalpenaren azala ikus dezakezue post honen irudi nagusian. 

Berehala ikusi genuen ere aldizkari honen ale bat KMko artxiboetan gordetzen dutela eta hara joan ginen, ikustera. Artikulu asko sinatu gabekoak dira. Ezin dugu jakin beraz zertan parte hartu zuen aitonak. Baina baieztatu ahal izan dugu aitonaren izena hortxe dagoela.

Ez dut ulertzen zer egiten duen hor aitonaren izena, baina zirraragarria da garaiko pertsonai garrantzitsu horiekin elkarlanean ibili zela pentsatzea.

KMko artxiboaren arabera aldizkaria 1940 urte ingurukoa da eta Bartzelonan argitaratua izan zen.

Baina hori ez da posible.

1940ean aitona hila zen, Aitzol eta Lauaxeta bezala. Felix Larrañaga, Auñamendi entziklopedian aurkitu dudan mendizale eibartarra bera bada, gerran fusilatu zuten ere.

Ramón de Azkue agintari jeltzalea el Duesoko espetxean hil zen gerra amaitu baino lehen.

Luis Alava, ezaguna denez, 1941ean hil zuten erbesteko Eusko Jaurlaritzak aginduta erresistentzia antolatzen saiatu ondoren.

1940ko Espainian pertsonai horiek egindako lan bat argitaratzea sinesgaitza da.

Laburbilduz, sarean zalantza bat argitzeko informazio bila murgildu nintzen eta orain bi galdera ditut.

Non daude aitonaren hezurrak, lehena, eta nork, non eta noiz argitaratu zuen aldizkari hori, bigarrena.

Norbaitek hauetako bat argitzeko informaziorik balu, eskertuko nioke partekatzea...


Utzi iruzkina: