Autismoa Martini azaldua

twitter: aintzanemug gora beherak | 2018-04-12 23:25
2

aintzanemug 1523568663415

Apirilaren 2an ospatzen den “Autismoaren kontzientziaziorako eguna” dela eta 8 urteko Martinek amari galdetu dio: Zer da autismoa?

Eta amak ez daki erantzun zuzena eman ote dion. Hori dela eta niri eskatu dit laguntza.

Ziur naiz ama horren erantzuna perfektua izan dela, eta ez dakit ni autismoa zer den azaltzeko gai naizen.

Ez naiz aditu bat, autismoa duen mutil baten ama bat besterik ez naiz ni; baina saiatuko naiz nik ezagutzen dudana Martini azaltzen, amak eskatu didalako.

 

Kaixo Martin.

Amak esan dit autismoaren inguruko jakin mina sortu zaizula, eta nik autismoa duen mutil baten ama naizenez, azalduko dizut nik dakidana.

Nire semeak Eneko du izena, eta 12 urte ditu.

Eneko ez dago gaixo...ez goaz medikura autismoa dela eta, behintzat. Autismoak ez dio sukarra sortzen, edo mukiak, edo belauneko mina. Izan ere, oso indartsua da Eneko, eta oso gutxitan gaixotzen da.

Baina, autismoa du. Eta, hori ez dakigu oso ondo zer den...medikuek ere ez dakite, egia esan. Ikerketak egiten dituzte laborategietan, eta uste dute sortu genuenetik gurasook nahi gabe pasa diogun zerbait dela.

Norbaitek esango zizun zuri amaren antza edo amamaren antza duzula, edo osaba baten irribarrea...autismoarekin antzeko zerbait gertatzen dela dirudi. Autismoa pasa diogu Enekori, baina ez dakigu nola.

Eta gainera, Eneko jaio zenean ez genion nabaritzen...

Badakizu noiz konturatzen hasi ginen? Ba, hitz egiten hasi zenean, beste umeekin parkean jolasteko adina ailegatu zitzaionean...

Hasieran ni, eta pixkanaka pixkanaka inguruko guztiok, ikusten hasi ginen Enekoren portaera pittin bat berezia zela. Beste umeekin modu bitxian jolasten zuela eta gehiago gustatzen zitzaiola bakarrik abesten egotea...edo hitz egiten poliki poliki ikasi zuela...

Orduan, Enekok ia 3 urte zituenean, Gautenara joan behar genuela esan ziguten. Gautena Gipuzkoako Autisten gurasoen elkartea da. Eneko ezagutu zuten eta han esan ziguten egiten zituen gauza bitxiak normalean autistek egiten dituztela eta oso posiblea zela Eneko autista izatea.

Beldur handia sartu zitzaidan orduan, Martin, nik ez nekielako zer zen autismoa eta nola zaindu behar nuen Eneko.

Baina urte asko pasa dira, eta urte hauetan Enekoren ama izaten ikasten eta bera ezagutzen joan naiz.

Eta beldurra desagertu zait ikusi dudalako Eneko ez dagoela gaixo eta nik gero eta hobeto egiten dudala Enekoren ama izate hori.

Enekok gauzak ezberdin ikusi eta ulertzen ditu. Gehienontzat oso garrantzizkoak diren gauzak berari ez zaizkio pito bat axola, eta beste batzuk berriz, gehienoi ez zaizkigu axola eta Enekorentzat oso garrantzitsuak dira.

Adibidez: Enekok oso memoria ona du, eta urtebetetzeak eta datak gogoratzen ditu. Urtebetetze eta data asko eta asko. Orduan, norbait ezagutzen duenean “Kaixo, ni Eneko naiz eta zu?” esan beharrean, esaten dio “Zure urtebetetzea noiz da? Zenbat urte dituzu? Non bizi zara? Munduko ze herrialdetan egon zara? Nola esaten da Rumania rumanieraz?”

Erantzuten diozun arte behin eta berriz galdetzen dizu berdina eta zuk zerbait galdetzen badiozu ez dizu erantzuten.

Zergatik? Ba, bera gauza horiek klasifikatzen gustora dagoelako eta ez da konturatzen gehienontzat hori ez dela elkarrizketa interesgarri bat.

 

Aizu, baina, luzatzen ari naiz eta ez zaitut aspertu nahi!!!

Gauza bat gehitu esan nahi dizut bakarrik: autista ez garenak, bakoitza ezberdina gara. Eta autista direnak ere, badituzte beraien artean ezaugarri berdin gutxi batzuk, baina denak pertsona ezberdinak dira. Ezagutzea merezi duen pertsona ezberdinak.

 

Eta beste gauzatxo bat: artikulu honetan ikusten duzun mapa Enekok eginak da, Enekori mapak behin eta berriz egitea asko gustatzen zaiolako.

 

Hemen bukatuko dut, Martin, baina, noski, oraindik gehiago jakin nahi baduzu, galdetu besterik ez duzu!

 

Muxu handi bat!

 


Utzi iruzkina: