Zer egiten dut nik borroka honetan?

No profile photo gorabeherak | 2022-10-30 01:03

aintzanem6@gmail.com 1667085672156

Ziur naiz askok ez duzuela ulertzen trans, queer, ez bitar, sexualitate edo genero disidenteetan bizi diren pertsonen defentsan dudan jarrera sutsua.

Askok ez duzue jakin nahi ere. Ea, zuek ez segi irakurtzen. Jakinmina edo zalantza duzuen beste guztiak, etorri nirekin. Nire bizipena kontatuko dizuet.

Ni ez naiz ez bitar, trans, maritxu, bollera, intersexuala, bisexuala edo asexuala. Akaso gero eta asexualagoa naiz, baina beldur naiz hori ez ote den txiste txar baten moduan ulertuko. Ez nuke nahi.

Emakume europar zuri, zis, heteroa naiz. Nahiko nagusia jada gauza iraultzaileak egiteko. Hetero kuriosa ere ezin didazu esan, sikiera, lastima.

Bazterketarako iturriak bilatu nahi badituzu, baditut, jakina, emakumea naiz, gizena naiz, autismoa duen semea dut, ezkerra naiz (ezkerrarekin idazten dut eta ideologikoko hortxe nabilela esango nuke), zahartxoa, ez naiz aberatsa, euskalduna naiz eta independentista. Hori besterik ez. Gainontzekoan arauan sartzen naiz perfektamente.

Desobedientea, izan nahiko nuke, oso erromantikoa da, baina nahiko formala naiz. Lotsa ematen dit hau esateak.

Zer axola dit niri bada sexualitate disidenteen borrokak?

Egia? Axola dit migrarien eskubideak axola didaten bezala, hegoalde globaleko biztanleen eskubideak axola didaten bezala, gaitasun bereziekin bizi diren pertsonen eskubideak eta emakumeon berdintasuna bezala: pila bat.

Nola iritsi naiz ni transen eskubideen alde borrokatzera?

Pertsonen eskubideek axola didatelako hasi nintzen lanean Gehitu elkartean. Ez gay, lesbiana, trans, bi edo eta abarren eskubideak gainontzekoenak baino gehiago inporta zaizkidalako, baizik eta gay, lesbiana, trans, bi edo eta abarren eskubideek gainontzekoen guztienak bezala axola didatelako.

Ez nekien orduan ezer pertsona transen inguruan. Ez nekien bereizten genero eta sexualitatea, edo zer den sexua  sexologoentzat eta zer sexologo ez direnentzat, ez nekien zer den ez bitartasuna, zenbakienaz gain, edo queer filosofia, ez nuen ezagutzen Butler eta uste nuen nire emakumetasuna nire umetokiak ematen zidala. Bai, hori uste nuen.

Are gutxiago nekien diskurtso ezberdinez, bollera politikoei edo euskal elkarteen arteko diferentziei buruz. Ez nekien, baina gai (ez gay) nintzen Gehitu koordinatzeko, helburua oso argi nuelako: euren eskubideak defendatzea, zintzoki eta gezurrik gabe. Lehen lerroan ez, baina antolaketan bai. 

Bide horretan ezagutu ditut pertsona transak, dezente eta oso ezberdinak batetik bestera, eta ikasi dut LGTBI+ kolektiboaren barnean alde handia dagoela batzuek eta besteek dituzten eskubide eta bazterketa mailaren artean. Belarriak eta begiak zabal-zabal ireki ditut eta entzun diet. Besoak ireki ditut eta besarkatu ditut. Barre egin dut beraiekin eta negar egin dut beraiekin. Ez dut beti ulertzen esaten dutena. Askotan galdetu behar izan diet: ez dizut ulertu, azalduko didazu kontzeptu hori? Askotan eszenatoki berri batera naramate esaten dituzten gauzek. Gelditu eta hausnartu behar izaten dut. Batzuetan ados nago, beste batzuetan ez. Baina beraien borrokaren alde nago, beti.

Laburbilduz, transen alde nago gure inguruko pertsona gehienak baino baztertuagoak eta zigortuagoak daudela ikusi eta sentitzen dudalako, ez dago beste arrazoirik.

Feminista ere banaiz. Sutsuki, oso fuerte, etengabe, Onintzak esango lukeen bezala “desde el moño hasta el coño”.

Eta ez dut uste queer ideologiak borroka feminista zapaltzen duenik, uste dudalako baztertuen borroka guztiek jatorri bakar bat dutela: ez gara arauan sartzen.

Hegemoniak, botereak, diruak, araudiak, zigortzen gaitu ez garelako erosoak, isilak, obedienteak, gure presentziak araua baldintzatzen du eta hori gaizki dago: ez gara gizonak, edo ez gara zuriak, edo ez gara aberatsak, edo ez gara argalak, edo ez gara funtzionalak ekoizpen sistemarako, edo ez gara ingeles hiztunak, edo ez gara heteroak, mendebaldarrak, katoliko edo judutarrak, edo ezkerrarekin idazten tematzen gara, edo ez zaizkigu beste sexuko pertsonak gustatzen edo sexu guztietako pertsonak gustatzen zaizkigu!

Eske dena egiten dugu gaizki!

Queer ideologia disidentea da, feminismoa disidentea den neurri berean, baina beste ezaugarri batzuetan fokoa jarriz.

Denon borroka da. Borroka bakar bat da. Eta ez da klasearen borroka soilik, nahiz eta klasearen borroka ere baden.

Transen borroka nabarmenki edo inplizituki gaitzesten duten askoren argudioa da emakumeon borroka estaliko dutela, eta trans pertsonek ez dituztela emakumeok, emakume izateagatik, jasaten ditugun bazterketa berdinak pairatzen.

Baina ze emakume ereduri buruz ari gara hori esaten dugunean:

Emakume aberats edo pobre bati buruz ari gara?

Perutarra da? Guatemaltarra?  Irandarra? Sudandarra? Suediarra?

Gazteegia entzuna izateko? Zaharregia?

Badu umetokia edo kendu behar izan diote? Edo umetokirik gabe jaio zen?

Hilekoa du, edo gazteegia da edo nagusiegia edo pilula hartuta ez zaio etortzen?

Ama da? Ez du izan nahi? Ezin du izan? Abortatu du inoiz? Berak erabakita, behartuta, espontaneoki?

Zaintzailea da? Soldatapekoa edo familia barnekoa?  

Gizena da? Edo Argala da?

Itxusia edo ederregia?

Puta ala lekaimea?

Bortxatu dute inoiz? Zenbatetan bortxatu dute? Eta zenbaten artean?

Zakila du edo ez du?

Eta titiak, baditu?  Kendu dizkiote? Handitu ditu? Bere kabuz hasi dira edo hormonen eta ebaketen bitartez sortu dira?

Ze koloreko azala du?

Ze neurri ditu aldaketan, gerrian, bularrean? Marilyn da edo ez da Marilyn?

Musulmandarra da? Judutar heterodoxoa? Ateoa?

Ze ikasketak ditu? Zer atsegin du? Zenbatetan egon da Erroman?

Gurpil aulki bati esker desplazatzen da? Zenbat lekuetan ezin du sartu?

Autismoa du?

Gonak jazten ditu? Eta burka?

Langilea da? Ikaslea? Kirolaria? Euskalduna? Ketxua?

Zenbat ardatzek gurutzatzen dute?

Ze emakumeren eskubideen aldeko borroka da feminismoa? Ze pertsonaren eskubideen aldeko borroka da? Zure eskubideen aldekoa? ZURE eskubideen aldekoa?

Berdintasunaren aldeko borrokak pertsona batzuk bai eta beste batzuk ez babestu nahi dituenean, ni ez nago hor. Kontzienteki ez behintzat.

Buenaventura de Sousari* duela gutxi entzun diodanari aipu eginez, azpigizakien borroka da, alboratuen borroka.

Azken aste honetan gurean ibili den eztabaida baten inguruan Hedoi Etxartek idatzi du gaur migrazioei buruz, kapitalismoaren aurrekoak direla.

Ba hori bera: borroka hau klaseen aurrekoa da, industrializazioaren aurrekoa, feudalismoaren aurrekoa, ezagutzen ditugun zibilizazio guztien aurrekoa da. Planeta honetan bizi garen pertsonen antolaketa soziala sortzen hasi zeneko garaian sortu zen, glaziazioen ondorengoa, nekazaritza sortu zenekoa, edo ehizarako antolatzen hasi zirenekoa. 

Eta nola egingo diogu aurre? Elkartzen, entzuten, ikusten, sinisten, beldur barik aurrera elkarrekin eginez. Nik ez dut beste biderik ikusten.

Horregatik nago hemen.


Utzi iruzkina: