Ostiral gorria

No profile photo gorabeherak | 2024-04-26 20:18

aintzanem6@gmail.com 1714158608248

Emakume bat naiz, bai. 

Gizena, bai. Eta ez zait kirola egitea gustatzen. C'est vrai. Jateko ohitura txarra dut. Eta arnastekoa, hori ere.

Gazte autista eta gizen baten ama naiz, bai.

Ez dut titulu unibertsitario pila bat. Hala da. Lehen saiakera unibertsitarioa, gaztetakoa, ez zen oso arrakastatsua izan. Laugarren mailan uztea erabaki nuen eta lanera jo, asko sufritu ondoren. Lan asko egin nuen, baina ez nuen titulurik. Lagunek esaten zidaten "baina nola ez duzu titulurik edukiko". Zuk dakizun guztia jakinda. Daukazun gaitasun eta profesionaltasunarekin. Eduki behar da bat. Eta horrela, ikasten ari naiz. Nire ordu libreetan. Atsegin dut ikastea. Oraingo esperientzia hau bai, notei begira behintzat, arrakastatsua da. Eta gutxi falta da amaitzeko. Baina ez dut amaitu.

Etxekoandrea naiz ere. Eta nire etxea ez da munduko garbiena. Ez ditut nire etxekideak oso ondo hezi: arropa zikina txokoetan botatzen dute eta lokaztutako zapatekin ibiltzen dira etxe guztitik dena narrastuz. Donostian euria egiten du, arraioa. Gainera maindireak eta toailak aldatzeko ohitura dugu. Halako burgesak.

Lan egiten dudan lekuan soldatak ez dira altuak. Egin nezakeen beste arlo batetan lan. Edo ez. Ze egin ohi nuen soldata hobea nuen leku batetan. Baina emakumea naiz. Eta gizena. Eta autismoa duen ume baten ama naiz. Eta "bazatoz nire gelara?" esan zidaten, eta "orain ama zarela alpertuko zara" esan zidaten, eta "emakumea izanik ez zara zuzendari izatera iritsiko, ez zaitez saiatu" esan zidaten, eta semea autista zela jakin nuenean, eta loditzen hasi nintzenean, gauza gehiago esan zizkidaten. Esan zidaten "soldata jaisten dizugu" eta esan zidaten "ez duzu ezertarako balio" eta esan zidaten "itsusia zara" eta esan zidaten "alde egiten ez duzun arte zigortuko zaitugu". Azken hau ez zuten hitzetan esan, baina ekintzekin bai, oso ozenki esan zuten.

Eta alde egin nuen, eta orain egiten dudan lana askoz gehiago atsegin dut, eta horrek bizitza hobetzen du. Baina soldata txikia dut.

Eta horregatik egiten dut lan orduz kanpo. Soldata gehiago behar dudalako. Nire semearen aitak pentsio bat kobratzen duelako eta nahiz eta urtero Himalayara joateko diru nahikoa baduen eta K2-a igo duen, bere semaren gastu estrak (denak) ordaintzeko dirurik ez du.

Eta gainera ez naiz nahiko argaltzen. Eta neumonia bat hartzen badut errua kirola egiten ez izatearena da, horregatik bainago gizen (dio gizonak). Joan nadila gimnasiora, nire ordu libreetan.

Eta nola nire etxekideek etxea asko zikintzen duten, etxea garbitzeko astean 3 orduz etorri dadin emakume bat kontratatua dut. Kontratua dut lan-eskubide guztiak bermatuz, ondo tratatuz, ondo ordainduz, zainduz. Eta datorren astean ezin du etorri eta deitzen dit eskatzeko ea etxea garbia mantetzen saiatuko naizen. Ni deitzen nau, ez nire senarra edo nire semea. 

Semea ere gizen dago, oso. Lortu dugu bere higienea zaindu dezan, ondo lo egin dezan, bera bakarrik jantzi dadin, krisiak gainditu ditzan. Autismoa izanik ere, izugarri hobetu da. Harro egoteko moduan. Baina janariaren kontrola ez dugu lortu. Eta gizentzen jarraitzen du. Eta haserrealdi bortitzak ditugu etxean hori dela eta.

Eneko ez da zu eta ni bezala haserretzen. Eneko haserretzen da.

Badago janariarekiko antsietatea erregulatzen duen botika bat, dio psikologoak. Eskatu zita endokrinoan, emango dizute botika. Zentzua dauka. 

Autista da, baina ama ona izan nahi dut. Esaten didate ama ona izan behar dudala. Superama bat naizela. Ardura osoa duen ama. Eta jartzen dut behar dudana ekintzak eta jarduerak egin ditzan. Egiten du igeriketa, egiten du futbola, egiten ditu aisialdi jarduerak, egiten ditu denak ordainduta. Ze ez duzue pentsatuko inork berarekin atera nahi duenik ordaintzen ez badiot, ez da? Autista da eta, nola! 350 euro hilean? Bai, 350 euro hilean. 

Hori bai, autonomoa da. Oso. Mendekotasun laguntza jaitsi beharko dugu denon dirua ondo banatu behar baita denon artean, ez da, zuek?, kontratu publikoetatik zatitxo bat eramaten duzuen guzti horiek? ez da? 200 euro gutxiago hilean.

Goazen ba, superama hori! Zu indartsu eta ausarta!: Osakidetza dagoen moduan egonda ere, lortu dut zita endokrinoan. Hamar mila buelta eman ondoren. Berarentzat. Niretzat eskatzen dudanean ezezko borobila jasotzen dut. Berarentzat bai. Ados, botika. Baina zuk ordainduko duzu, ze klaro, kariño, zu pringaua bat besterik ez zara. Erregea bazina uzkia milikatuko nizuke, baina zu izanik, kariño, 300 euro hilean. 

300 EURO HILEAN. 300 euro gehiago hilean. Ardura gehiago egunero. Egiteko gehiago segunduero. Exijentzia gehiago BETI, EDONON, EDOZEINDIK.

Joan naiz botikara. Botikakoak flipatu du. Baina, ze arraro zu ordaintzera behartzea. Normalean ez da horrela izaten. Hori esan du? Nik hori ulertu diot.

Bueno, ba, norbaitek ordaindu nahi dizkit sexu zerbitzuak? Denbora libre pila bat daukat! Kroketak ere badakizkit egiten nire minus berrehun mila nanosegundu libreetan. Ez nago alokairuzko haurdunaldi bat egiteko adinean, hori ez. Ui, ahazten zitzaidan, zaharra naiz.

Eta neumonia izan banuen ere, gaur ez naiz gimnasiora joan. Eta horrela, ziur, laster harrapatuko dut beste bat, ez dudalako nire burua zaintzen. Kale.

Kale

KALE

Kale eta hiribide. 

Haserrea. Inpotentzia. Negarra.

Ostiral gorria. 

Nekatuta nago.

 

 

Hau zuentzat. Denontzat. Har ezazue den moduan: okada. 


Utzi iruzkina: