Miniikastaro baten kronika

No profile photo Hakkama tolestu ezinik | 2008-03-03 00:00

Gipuzkoako Judo Federazioko Aikido atalak sei hilez behin, gutxi gorabehera, ikastaro bat antolatzen du. Aurten, martxoaren 1ean izan zen, eta ihaz legez, Anoetako borroka arteen udal zentro berrian. Bi ordu iraun zuen, besterik ez, baina ikasteko nahikoa material eman ziguten irakasleek. Miguel arduratu zen lehen orduaz, eta Jose Luis, bigarrenaz. Ai-hanmi katatedoriko proposamena batak, ushiro ryotedorikoak besteak. Miguelentzat oso garrantzitsua da oinarria, kihon delakoa: hainbat ukemi egin genituen, irimi-tenkan (chudan no kamae eta jodan no kamae), shikko… Ondoren, ai-hanmin, esan dudanez, kokyu-ho egiten hasi ginen: irimin sartuz eta lokian atemia emanez, eta lokitik behera besoan absorbituz. Kokyu-horekin jarraitu genuen, nik hemen Zarautzen lantzen dudan moduan: barrutik irimi-tenkanen bidez absorbituz. Gero, irimi-nage omote egin genuen, eta gero, oso gustuko dudan forma bat landu: ikkyo egiteko absorbitu eta, ukeren besoaren azpitik, irimi tai no henka eginez sartu. Izugarri dut gustuko. Bariazio horrekin, kote-gaeshi eta nikyo egin genituen, besteak beste. Tente egoteko gogorarazi behar izan zidan Miguelek; itxuraz, makurtzeko joera daukat. Haren klaseetara joateko gogo handia daukat. Beharbada, astearte eta larunbatetan Jose Luisen klasera joaten jarraitu eta, ostegunetan, Miguelen klasera joaten hasiko naiz. Pilo bat gustatuko litzaidake.
Jose Luisek, atsedenaren ostean beroketa apur bat egin eta gero, ushiro ryotedoriko lanari ekin zion. Shiho-nage egin genuen lehenengo. Gorka ondoan neukan eta harekin egin nuen. Zarauzko ikaslerik berriena da eta ordura arte ez zuen sekula ushiro ryotedori egin. Hasieran, forma ortodoxoa landu genuen, baina gero, torik egin behar izan zuen eraso (chudan-tsuki), eta ukek, toriren eskumuturra ai-hanmin geldiarazi ondoren, ushiro ryotedorin heldu behar zion. Ikuspegi aldaketa eskatzen du teknikak horrela egiteak, baina hori da, alde batetik, gure lana: aldaketatarako prest egotea, aldaketak onartzea eta haietara egokitzea. Horixe uste dut nik, bederen. Azken batean, izugarrizko ikastaroa izan zen.
Baina gauza garrantzitsu gehiago gertatu dira asteburuan. Larunbatean, lagun batzuk etorri ziren Zarautza. Arratsalde ona pasa eta afari ederra egin genuen. Gure Nora oso ondo portatu zen jatetxean: biberoia hartu eta lo zerraldo geratu zen. Eta igande goizean, Zumaiako Herri Krosa egin nuen: 10.200 m-ko lasterketa, 46:53an. Itzela! Amaitzera joan nintzan eta ia egin nuen nire markarik onena!


Utzi iruzkina: