Federazioko monitore ikastaroa (Guadalajara, 2007ko uztaila)
Hilaren 2an Guadalajarako Pax hotelera iritsi ginenean, zerbitzariaren aurpegiak, ispilu bat bezala, egun haiek zelangoak izango ziren adierazi zigun, baina ez ginen ohartu. Ozta-ozta eman ziguten afaltzeko, beranduegi zelakoan. Ikastaroan zehar jan behar genuenaren atarikoa izan zen, baina ohera joateko irrikatan geunden. Usain txarreko pasilloa. Usain txarreko gela. Beroa, kristorena. Dena den, izugarri ondo egin genuen lo, gau hartan eta gainerako guztietan. Biharamunean hasi zen ikastaroa. Lehenengo eta behin, gosari triste samarra, eta gero, izen ematea eta ikastaroaren aurkezpena, RFEJyDAko Eskola Nazionaleko zuzendari Juan A. Delgado Tostadoren eskutik. Zazpi izan ezik, judokak ziren monitoregai guztiak, eta gehienak, umemokoak. Arrastian, klase praktikoak tokatzen zitzaizkigun; bueno, denei aikidokei izan ezik. Eta hori ere adierazgarria izan zen. Izan ere, Aikido ez baina denetik egin dugu. Zergatia? Pedro Fournier arduratzen zen Aikido klase espezifikoez, eta ez zeukan Aikido egiteko gogo handirik; denbora gehiena eman zuen hitz egiten. Izan ere, defentsa pertsonaleko ordu gehiago egin genituen. Alde horretatik, desengainu handia hartu dugu gehienok. Gutxi gorabehera, horren tankerakoak izan ziren egun guztiak: goizetan, ikasgai komunak (judoken ikuspuntutik prestatuak eta judokentzat bereziak): kudeaketa (dojoko ikasleengandik dirua lortzeko zenbait trikimailu), anatomia, fisiologia, heziketa fisikoa, psikologia, pedagogia (oso praktikoa eta erabilgarria), lehen sorospenak, defentsa pertsonala eta legedia. Informazio gehiegi hain denbora gutxirako, eta bitan izan ezik, azterketak egin behar izan genituen. Hori ezusteko ederra! Hainbeste denboraren ondoren, berriro ikasi behar! Klaseak, berez, ondo egon dira, eta nork bere kontura –gura badu, bederen– ikasten jarraitzeko oinarriak eman dizkigute. Arrastietan, Aikido klase espezifikoak genituen, aikidoka guztiok batera, eskualdeko entrenatzaileekin eta entrenatzaile nazional bakarrarekin batera. Hasierakoak teorikoak izan ziren. Klase praktikoetan aritzeko irrikatan nengoen, baina irakasleak teorizatzeko izugarrizko gogoa zeukan, eta seizan eman genuen denbora osoa. Bi arrastitan soilik sartu ginen tatamira! Eskerrak Burgosko mutil bat, Ruben, 2. danerako azterketa prestatzen ari zela eta gauetan, afaldu ostean, entrenatzeko biltzen ginela. Azterketarako bere ukea izateko eskatu zidan, eta ohore handia izan zen niretzat; asko ikasi nuen harengandik, haren mugitzeko moduagatik (igartzen zaio Parisen Tissierren Zirkuluan emandako denbora). Haren esanetara jarri nintzen, behar zuen guztia ikasten laguntzeko. Azkenean, oso kezkatuta bazegoen ere, itzelezko azterketa egin zuen. Tribunalekoek zoriondu eta guzti egin zuten! Janariarenak beste kapitulu bat merezi du. Otorduak ez ziren batere oparoak (sukaldariak magia egin behar izan zuen). Egia da ez genuela goserik pasatu, baina batek baino gehiagok gelan otartekoak prestatzeko materiala erosi zuen, eta kanpora atera ginen hirutan edo lautan, afari gozoagoen bila. Baina, zalantzarik gabe, giroa izan da onena. Oso ondo konpondu gara. Batzuk atsegin handiz akordatuko gara egun haiekin: Ruben, Aitor (Barakaldoko toledoarra), Adrian, Antonio (Linareskoa), Juan Carlos (Iwama power, Santanderkoa), Raul (Erandiokoa), Alberto (tito wushu, Erandioko ere bai), Tie (Algortakoa, Iñakiren ikaslea), Dani (Formenterako berritsua), Bego (Irungoa, Adrianen eta bion ziurtagiriak jaso zituena), Arantza (Iruñako neska jatorra) eta askoz gehiago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: