ZORIONAK ONDARRU! ALLERIKO ETXEEN PROIEKTUA BERTAN BEHERA LAGA DU AUZITEGI GORENAK!

No profile photo ALLERI zainddu! | 2012-07-22 15:03

EAJ-PNVk aurrera eroan nahi zuen proiektua ilegala dela erabaki dute epaileek

Alleri ezin dela lur urbanoa izan, eta beraz eremu horien sailkapena aldatu behar dela esan du auzitegiak

Euskal Autonomi Elkarteko Auzitegi Gorenak Alleriko 500 etxeen proiektua legez kanpokoa dela erabaki du. Horretarako, ontzat hartu ditu Alleri Zaindu plataformak aurkeztu zituen arrazoiak. Hau da, babestutako padura bat ezin dela lur urbanoa izan, eta bertan etxeak egitea legez kanpokoa dela, ingurumenarentzako kalte bat izateaz gain.

Proiektu hau kaleratu zen lehenengo momentutik esan genuen legez kanpokoa zela paduran etxeak egitea. EAJ-PNVk ez zigun kasurik egin, eta aurrera jarraitu zuen. Eurek jakingo dute zeintzuk eta zenbat interes zituzten eraikuntza proiektu horretan. Herritarrok izan ginen geure denbora eta geure dirua ipini behar izan genituenak, paduraren kontrako eraso hau gelditzeko. Kalera atera ginen, jendearen etxeetara informazioa bidali genuen, salaketak sartu genituen… denbora asko eta milaka euro gastatu ditugu bidean. Merezi izan du, padura babestea lortu dugulako, baina gastuak hortxe ditugu oraindik.

Lege betearazleak direla dioten alderdi politiko hauek legeak hausten dituzte tartean interes ekonomikoak daudenean. Zergatik ez dute ordaintzen herritarrei entzun barik legez kanpo egin nahi zutena? Zergatik ordaindu behar dugu herritarrok legea bete dadin?

EAJ-PNVri gastatu ditugun milaka euro ordaintzeko eskatuko diogu hurrengo egunetan. Horretarako gutun bat bidaliko diegu fakturekin.

Bestetik, udalari eskatzen diogu Alleriko lurrak zaintzeko. Padura berreskuratzeko. Alleri etorkizunerako altxor bat delako: uxoletatik eta mareetatik babesteko, biodibertsitatea handitzeko, nekazaritza ekologikoa bultzatzeko, aisialdirako…

Ondarrutarron eta mugimendu ekologistaren garaipen handi bat izan da hau. Bide berdinetik jarraitzeko deia egin nahi diegu herritarrei, ingurumenaren eta geure osasunaren alde lan egiten jarraitzeko. Gogor lan eginda, geure bazterrak zaintzea lortuko dugulako! Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!

Alleri Zainddu plataforma

Ondarroan, 2012ko uztailaren 20an



Utzi iruzkina: