Alleriko etxin proiektu, PARATA!

No profile photo ALLERI zainddu! | 2010-07-28 16:57

Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Gorenak bertan behera laga du behin behinean Alleriko paduran 500 etxebizitza eraikitzeko Ondarroako Udal Gestoraren plan berezia. Epaitegiak kontuan hartu ditu herri mugimenduak aurkeztutako arrazoiak. Besteak beste: plana zahartutako arau subsidiarioen gainean egin dela; ezin dela IKL-LIC babes ekologikoa daukan espazio bat lur eraikigarri izendatu: edota herrian dauden etxebizitza huts guztiekin, paduran 500 etxe egitea ez dagoela justifikatua.

Arrazoi hauek, eta beste asko, behin eta berriro aurkeztu dizkiogu Udal Gestorari, hamaika alegazioren bitartez (nahiz eta udalak bakarrik 7 alegazio sartu genituela esan). Baina sekula ez dute kontuan hartu herritarrek emandako azalpen bat bera ere. Udal Gestorak beste interes batzuen arabera osatu du plan hau: interes ekonomikoekin, eraikuntza enpresak diru publikoarekin hornitzeko asmoarekin, hain zuzen ere. Egoera honek ondo erakusten du zein den Gestora honen izaera: herritarren eskariei kasurik egin gabe, negozioa egitera etorri dira herrira. Eta oso arriskutsuak dira, herri honentzako, eta bere ingurumenarentzako.

Herri mugimenduak egindako ahaleginak gelditu du, momentuz, sarraski hau. Udaleko Gestorako arduradunengatik izan balitz, proiektuak aurrera egingo zukeen, herritarren beharrizanak edota legediak kontuan eduki barik. Arau hauste posible bat egin dute ia-ia, modu kontzientean eta herritarrek aurkeztutako arrazoiei kasurik egin barik. Eta arau hauste honen bultzatzaileek izen eta abizenak dituzte: Udal Kudeaketa Batzordeko kideak dira.

Gainera, ezin dugu ahaztu proiektu honen lehen zatia martxan dagoela oraindik. Udal Kudeaketa Batzordeak Zaldupetik Allerira doan bidean obrak egin nahi ditu, Alleriko etxeetara gasa, ura, elektrizitatea… eramateko. Baina Auzitegiak 500 etxeen inguruan hartutako erabakiak legitimitatea kentzen die pasealekuko obrei ere, bi proiektuen izaera eta eragin sozial eta ekologikoak antzerakoak direlako. Obra horiek ere gelditzea beharrezkoa da! Eta geldituko ditugu!

Gure aldetik, herritarrei dei egiten diegu hurrengo aste eta hilabeteetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Denon esku dago geure padura defendatzea; eta baita diru publikoa onura publikorako erabil dadin eskatzea, edota legitimitaterik gabeko Udal Kudeaketa Batzorde honen jarduera ilunak salatzea.

Eskerrik asko eta aurrera!

Alleri Zainddu plataforma!

http://paperekoa.berria.info/harian/2010-07-29/013/007/ondarroako_padura_batean_500_etxe_eraikitzeko_plana_gerarazi_du_ebazpen_batek.htm

http://www.gara.net/paperezkoa/20100730/212934/eu/Ondarroako/Alleri/padurako/proiektua/guztiz/geldirik/ez/dagoela/ohartarazi/dute/


http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20100730/vizcaya/justicia-frena-construccion-pisos-20100730.html


Utzi iruzkina: