Sustengu jaialdia Azkoitiko Matadeixe kulturgune okupatuan. Otsailak 4
Datorren otsailaren 4ean, igandearekin, artsaldeko 7:30etan, AHT EZ GUNEAren aldeko jaialdia antolatu du Azkoitiko “Matadeixe” Kulturgune okupatuak.
Maialen Lujanbio, Anari, Fermin Muguruza, Joseba Tapia eta Gorka Urbizu-k (Berri Txarrak taldeko kantariak) parte hartuko dute jaialdi honetan.
Sarrerak 10 eurotan izango dira salgai, AHTren aurkako herri mugimenduari laguntza emateko.
Jende askok ez du jakingo, agian, Abiadura Handiko Trenaren aurkako AHT EZ Erresistentzia Gunea egin denik. Bi hilabetetan zehar, azaroaren 3tik urtarrilaren 7ra, Arabako Urbina herrian elkartu garenontzat, AHT EZ GUNEA desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidetik proiektu txikitzaile horren obren hastapenari oposizioa egiteko topagunea izan da. Lanen oinetara eraman dugu protesta, ekintza zuzenari lehio bat ireki eta AHTren inposaketari aurre egiteko ahalmena daukagun kontzientzia suspertzeko.
Urbinan, hain zuzen, herri-batzarrak deituta, AHTren
inguruko lehen herri-galdeketa egin zuten uztailean, biztanleen artean dagoen desadostasun
irmoa adierazteko. Etxe guztietan ikus daiteke “AHTrik EZ” dioen banderola bat
eskegita. Honi gagozkiola, nabaria da Araban kalteturiko herrietan jendeak
AHTri erakusten dion aurkakotasuna. Eta ez da harritzekoa, AHTak Eibar-Gasteiz
autopistarekin eta beste hainbat azpiegiturarekin batera ingurumenean eragingo
lukeen erasoa beldurgarria baita, lurra erabateko hondamenera eramanik.
Horregatik, herriak AHT EZ GUNEA egiteko eskura dituen azpiegiturak erabiltzeko
eskaintza egin du: bolatokia, junta-etxea eta plaza.
Urbinako erresistentzia gunea norberaren ilusioaren eta
partehartzearen arabera eraikitako borroka espazio autonomoa izan da. Batzuetan
obretan sartu eta kateaketa ekintzak eginez lanak gelditu ditugu; beste batean nekazaritzako
lurrak okupatu asmoz jarritako itxiturak eraitsi; bestetan kontzentrazioak,
martxak, pintaketak, informazio buzoneaketak eta kalteturiko biztanleei bisitak
egin dizkiegu; eta sarritan batzarrak, mahainguruak, herri bazkariak eta adin
guztietako jendeari elkartzeko aukera eman dioten jai kutsuko ekitaldiak
antolatu ditugu. Urbinara jende asko hurbildu da egun hauek guztietan, eta
hamabostaldi batean eskualde eta erakunde ezberdinen artean txandak ere egin
dira (Durangaldea, Goierri, Gasteiz, EHNE, talde ekologistak...).
Erresistentzia topatu eta gobernuek indar frogaren hautua egin dute, berriro ere, errepresio polizialarekin herri mugimenduari eraso egiteko. Horren lekuko ditugu Ertzaintzak nahiz Guardia Zibilak AHT EZ Gunean egindako 141 lagunen identifikazioak, 25 pertsonen auziperatzeak eta 5 atxiloketak; baita Urbinaren inguruan eman diren etengabeko patruilak, helikopteroen hegaldiak, kontrolak eta auto miaketak, obretan zinpeko goardian despliegea, mendian ibiltzeko debekuak, etabar. Horrela hasi dituzte AHTren lanak. Une honetan, “Altuna y Uria” enpresa eraikitzaileak –Arrazua-Ubarrundia eta Legutioren arteko AHTren zatiko lanen adjudikatzaileak-- 4 hilabete daramatza Luku herrixkaren ondoan AHTrentzat pasabide bat eraikitzen, Eibar-Gasteiz autopistaren azpian. Porlanaren erregeek lur-eremu berriak okupatzeko eta obrak zabaltzeko asmoa daukate berehala: egin kontu, AHTren eraikuntza lanetan 635 milioi euroko gastuak agindu dituzte Espainiako gobernuak eta Jaurlaritzak 2007 urtean. Bistan denez, agintari-teknokratek AHTren inposaketan aurrerantz eraman nahi gaituzte ihesi!
Hala ere, AHTren aurkako herri mugimendua egunetik egunera
indartsuagoa da, eta bere aldarrikapenak eta helburuak argiak dira:
1) AHTren proiektua geldiaraztea eskatzen du, AHTak eragingo lituzkeen ondorio ekologiko, sozial eta ekonomiko larriengatik, baita nekazaritzari eta lurraldearen orekari eragingo lizkiekeenengatik ere.
2) Inposaketa errefusatu eta kalteturiko herriei erabaki ahalmena itzultzea eskatzen du.
3) Horrekin batera, instituzioetatik ezartzen ari den
garraio eta gizarte eredua eztabaidagai jarri eta sakonki eraldatu behar dela
eskatzen du. Alde askotatik datoz lurraren aurkako erasoak, eta inguru
naturalak hondatzen ari diren neurri bertsuan, ezartzen ari zaigun
jendarte-moldeak edonolako gizarte-kultura proiektu alternatiboren hondamena dakar
berekin. Hortaz, ezinbestekoa da jendea antolatzea, eztabaida bultzatzea, eta
desarrollismoaren eragin suntsitzaileak atzean uzteko egungo gizarte ereduaren
eraldaketa sakon bati ekitea..
Hori denagatik, AHTren aurkako herri mugimenduarekin bat egiteko eta euskal herri guztietara zabaltzeko dei egiten dugu. Bakoitzak bere auzoan,
ikastetxean, lantokian, gaztetxean eta herrian badugu zereginik proiektu txikitzaile hori borrokatzeko.
Beraz, otsailaren 4ean artsaldeko 7:30etan Azkoitiko “Matadeixe” kulturgune okupatuak AHT EZ GUNEArekin bat eginez antolatu duen sustengu jaialdian biltzeko dei egiten dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: