William
Shakespeare idazle klasikoak idatzi zuen ondoko profezia hau:
“Nafarroa izanen da munduaren miragarria… ” .
Ez
da izan Nafarroan askatasunaren alde egin ez duen belaunaldirik, eta
orain guri dagokigu profezia haren lekukoa hartzea; alegia, historiak
lapurtutako askatasuna berreskuratzea. Izan ere, mendez mende
ibilitako bidearen ondotik datorkigu etorkizuna gu geuk idazteko
ardura.
Askatasun
goseak elkartzen gaitu, kateak hausteko premiak eta Nafarroa herritar
librez osatutako nazio libre gisa ikusteko grinak biltzen gaitu gaur
eta hemen. Horixe da belaunaldi bat hurrengoarekin mendez mende lotu
duen zilborrestea. Amaiurren eta Noainen Nafarroaren
askatasunarengatik borrokatu zirenak; guda karlistetan fueroak
defendatu zituztenak; Errepublika garaiko borrokaldietan Euskal
Estatutoaren aldarrikapena eta nekazarien -eta langileen- eskubideak
bat egin zituztenak; Frankoren diktadurari oldartu zitzaienenak; eta
baita Francoren ondoren ere, demokrazian sinistuta, Euskal Herriaren
askatasun eta eskubideen defentsan jarraitzen dugunak helburu
berdinaren alde borrokatu gara: euskal nazioaren batasuna ekarriko
duen Nafarroaren askatasuna.
Eskarmentu
latza izan dugu orain arteko historian, baina ikasi dugu askatasuna
lortzeko bidea ez dela samurra. Euskal Herria askatzeko bide horretan
oztopo nagusi bat dugu: lurraldearen zatiketa. 1980 urtean,
“Pitxerraren haustura” izeneko artikuluan garbi iragarri zuen
Telesforo Monzonek, esaldi honetan: “Estrategia argia da. Euskal
nazioa apurretan zatitu nahi dute zati bakoitzak norabide ezberdin
bat hartu dezan, pitxerraren berrosatzea ezinezkoa eginez”
Nafarroa
bereizteko hamaika argudio baliatu dituzte espainolek eta frantsesek:
gudak, traizioak, iruzurra, gezurra… edozer baliatu dute Nafarroak
ez dezan askatasunik izan, edozer baliatu dute Nafarroak ez dezan
izan munduaren aurrean agertzeko behar duen botere politikorik.
Gaur
gaurko nafarrok badugu erronka haundi bat: XXI. mendeko historia
idaztea. Eta erantzukizun horretarako gertu egon behar dugu.
Nolakoa
den geure ardura, halakoa izanen da konponbiderako konpromisoa.
Konponbide
demokratikoa lortzeko prozesuan parte hartuta, aukera ikaragarria
izanen dugu errotik aldatzeko herriari bizkar emanda eraikitako
egoera politikoa.
Prozesua
bera demokratikoa izan dadin, Nafarroak parte hartu beharko du; parte
hartu behar du elkarrizketa bidez akordioak lortzeko helburuarekin
osatuko den mahai amankomunean. Prozesuak hiru oinarri izanen ditu:
Estatuen inposizioa eta betoak bukatzea, lehenik; elkarrizketa
demokratikoa izatea, bigarren; eta azkenik, herritarron egitekoa
erabakiorra izatea prozesu osoan.
Euskal
Herriak pairatzen duen gatazka egoera konpontzeko prozesuak bermatu
beharra dauka nafarron eskubidea parte hartzeko, hasieratik bertatik
eta aukera berdintasunean. Guri dagokigu, herritarroi, eragile
sozialei, sindikalei eta politikoei erabakitzea nola parte hartu
Euskal Herria osoan eragiten duen prozesu honetan.
Parte
hartzeko deia eta gonbita egin nahi dizuegu nafar guztioi; “Nafarroa
izanen da munduaren miragarria”, Shakespeareren profezia, bete
dadin. Gure aurrekoengandik jaso dugun kemenak eskura jarri digu
aukera historiko hau.
Abenduaren
2an manifestazioa eginen dugu. Manifestazio horrekin indarrak bildu
nahi ditugu Nafarroaren alde, askatasunaren alde, Nafarroa kuttun eta
miragarri honen alde, Nafarroatik Euskal Herria egitearen alde.
Zure
atxikimendua eskatzen dugu. Bidaliguzu, mesedez. Parte hartu eta
mobilizatu!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: