Sistemaren eta Errepresioaren aurrean...

No profile photo Altsasuko Gaztetxea | 2009-07-31 12:04

ekin dezagun batera!

Gazte mugimenduaren aurkako erasoari erantzuteko, Nazio manifestazioa egingo da abuztuaren 7an Donostiako Boulevardetik.

<<Euskal Herriko gazte mugimenduak eraso larria jasan du Guardia Zibilak Gaztesarearen aurka egin duen operazio berriarekin. Gaztesarea euskal herriko gazte mugimenduaren ahotsa eta bilgunea da; sistema kapitalista patriarkalaren aurka dauden euskal gazte guztien aterkia, ahotsik gabekoen bozgoragailua; mass media handi eta manipulatzaileen aurrean errealitatea herritik eta gazte ikuspegiaz lau haizeetara zabaltzen duen komunikazio proiektua da Gaztesarea. Gure herrian aldaketa sozialerako beharrezkoa den tresna, eztabaidagune eta borroka ezberdinen topaleku da Gaztesarea.

Horregatik eta ez beste ezergatik jo dute oraingoan Gaztesarearen kontra. Guardia Zibilak erabili dituen arrazoiak aitzakiak baino ez dira. Gazte mugimenduaren proiektua izaki, estatuen eta boterearen jo puntuan dago Gaztesarea, estatuen zapalkuntza eta kapitalismoa kolokan jartzen baititu, eta honenbestean errepresioa eta indarkeria beste biderik ez zaie geratzen ur jarioa gelditzeko.

Hala ere, honek ez du etenik izango, Gaztesarea ez baita paper puska bat edo interneteko web orri hutsa. Urteetako lanaren ondorioz Gaztesarea gazte mugimenduan dagoen errealitatea da, sustraiak ongi errotuta dituen proiektua da.

Orain inoiz baino gehiago, bat egin eta sistemaren aurka borroka egiteko garaia da, bestelako Euskal Herri baten alde. Gure alternatibak eraikitzen jarraitzeko ordua da, mundu gris hau kolorez jantzi dezagun.>>

Gaztesarea aurrera!




Utzi iruzkina: