Altsasuko Herri Jardunaldiak

No profile photo Altsasuko Gaztetxea | 2010-04-20 21:57

Altsasutik eta Altsasurentzat: Haltzez beteriko lekua. Hori izan zen, duela denbora askotxo, altsasuarrek herri gisa antolatu eta garatzeko aukeratu zuten lekua. Horrexegatik elkartzen dira, jardunaldi hauen logotipoan, altzaren orria eta herriaren izenaren lehen hizkia. Ez dugu hosto ximelik nahi, adarrak biluzturik uzten dituztenak lurrean azkeneko loa bilatzeko. Gure hostoak adarretik adarrera dantzan dabiltza eta bizitasuna jariatzen dute alderik alde. Batzuk txikiak, besteak handiak, batzuk zerura ihesean eta beste batzuk larrea edo ibaiondoa laztantzen... Baina denak altzari behar duena emanez: bizia. Horixe da izan nahi duguna eta aurkeztu nahi dizueguna. Alde batetik, altsasuar guztiak, gure zuhaitza, gure herria janzten doazen hosto txikiak, altza hosto diztiratsuak herri-sustraien erritmoan dantzan, poztasun kulturalez beteriko adar erraldoiak (musika taldeak, dantzariak, hip-hop, festa herrikoien batzordeak, ihauteria...) Bargatik emeki emeki datorren haizean kulunka euskaraz solasten diren hostoak, herri-zuhaitz honen zati izan nahi duten kimu gazte baina sendoak. Zuhaitza ez da oso handia, baina harro dago ezkerraldera okerturik egoteaz. Handitzen jarraitu nahi dugu eta etor daitezkeen ezbeharren aurrean gu ez gara kikiltzen. Garai zailak dira, bai, baina errealitate honen aurrean atsekabeak alde batera utzi behar ditugu eta herritarrak elkartzeko eta eztabaidatzeko marko ezberdinak eraiki behar ditugu. Izuak, markak eta desadostazunez gaindi baditugu elkartzen gaituzten gauzak: Altsasu aurrerakoi, ezkertiar eta euskaldun bat. Elkar gaitezen eta parte har dezagun altza garbitu eta berritzeko. Hemen herri proposamen bat aurkezten dizuegu, Altsasun dauden indar herritar, euskaltzale eta aurrerakoiak biltzea helburu duena: Altsasuko Herri Jardunaldiak, apirilaren 23, 24 eta 25ean. Egun hauetan zehar arazo eta gai ezberdinak jorratuko dira, hala nola dinamika berriak aurkeztu. Gehien kezkatzen gaituzten gaien inguruan eztabaidatzeko aukera egongo da: egoera sozioekonomikoa, hezkuntzaren barneko aukerak eta hobekuntzak, genero ezberdintasun eta diskriminazioak edota gazte mugimenduaren egoera eta antolakuntza. Jai eredua eta herritar partehartze kulturala jorratuko duen mintegia edo proiektu komunikatibo berriak alde batera utzi gabe. Amaitzeko, hor izango ditugu ere eskubide zibil eta politikoak eta guztion partehartze eta elkartzea bilatzen dituzten dinamikak, kanpoko erasoen aurrean herria indartuko dutenak. GALDU BEHAR AL DUZU? ZURE IRITZIAK UTZI BEHAR DITUZU? ETOR ZAITEZ ETA PARTE HARTZAZU, HEMEN DUZU AUKERA. EMAN EZAZU IZENA GUSTOKOEN DITUZUN MINTEGIETAN.


Utzi iruzkina: