Historiarekin hitzordua
Historiarekin hitzordua
Liga erregularrean etxean partidarik galtzen ez duen talde bakarra bihur daiteke Tau Baskonia gaur, Bartzelonari irabazten badio
Bartzelona sasoiko dago, baina ezin du arriskatu, Lauko Finala du hurrengo astean
A. Urbistondo.
Gaur, esaterako. Nork daki ACBren 25 urteko historian zein taldek lortu duen balantze onena liga erregularrean etxean jokatu dituen partidetan? Nork zein taldek lortu duen liga erregularreko betiko marka onena? Aste honetan haizatu dira datu horiek guztiak, Tau Baskoniak orain arteko markak hobe ditzakeelako, historian bere lekutxoa egin. Gasteizko taldeak bi marka horiek hobe ditzake, gaur, eta liga bukatzeko falta diren hiru jardunaldietan, eta hori Tauren indarraren erakusle bikaina da. Bi marka horiek ontzea baino garrantzitsuagoa da tituluak lortzea, baina marka berri horiek lortzeko aukerak Baskoniaren jarduna ederresten du.
2008ko apirilaren 26a. Liga erregularra bukatzear zen, eta Tau Baskoniak Cajasolen aurka galdu zuen etxean (77-85). Ordura arteko lana ez zen espero bezain ona izan, eta akats horrek Tauk titulua lortzeko kanporaketetan egingo zuen bidea laburra izango zela iragartzen zuen. Iragarpenek, ordea, kale egin zuten, eta Baskoniak Liga irabazi zuen, finalean Bartzelona hankapean ibiliz. Igandean urtebete beteko da Cajasolen aurkako porrot hura gertatu zenetik, eta Tauk urtebete egingo du ligan etxean partidarik galdu gabe. 20 lortu ditu, bata bestearen atzetik, horietatik 15 denboraldi honetan.
Urte oso bateko marka hori kolokan dago. 16-0 balantzea, inork lortu gabeko markari koska zailena geratzen zaio: Bartzelona. Lauko Finalik gabe utzi zieten kataluniarrek arabarrei bi aste atzera, eta marka ikusgarri hori ere ken diezaiekete. Bartzelona da, hain zuzen, liga erregularra etxeko partida bakar bat galdu gabe bukatzear egon den talde bakanetakoa. Hiru denboralditan geratu da atarian, baina partida bat galdu zuen.
16-0 balantzea sekulakoa da, eta balantze hori lortzeko modua ere goraipatzeko modukoa. 15 partidetan, Tauk 10 puntuko aldeaz irabazi du, eta nagusitasun handia erakutsi. 17,1 puntu izan da Baskoniak batez beste lortutako aldea, eta Pamesa bakarrik izan da gai 10 puntuko langa hori murrizteko. Gai izango al da Bartzelona Tauren marka zapuzteko?
Partida gogorra espero da
Artekari edo apustu etxeen aurreikuspenei erreparatzen zaie sarri kirol dema batean zer gerta litekeen hausnartzeko. Biek ala biek faboritoaren alde egiten dute, normalean. Tau eta Bartzelonaren artean gertatzen dena interesgarria da oso. Gaurko partidarako Bartzelona jotzen dute faborito argi, baina ACB liga irabazteko, aldiz, Tau Baskonia. Azalpena honakoa izan daiteke: Bartzelona sasoiko une onenean dago. Iritsezin ari dira, Lakovicek bere sasoi puntu onena lortu, eta saskipeko lau jokalari bikainak elkarren artean ezin hobe moldatzen hasi ondoren. Egoera hori behin-behinekoa da, kosta egin zaie dinamika garaile horretara iristea, eta litekeena da orain duten sentipen bikain hori aste batzuetako kontua izatea, Liga jokoan jartzen denerako desagertzea. Hau da, Bartzelonak beldurra ematen du orain, baina ez du konfiantza handi-handirik ematen bi hilabeteko epean.
Bartzelonak beldurra ematen du, baina Tau mendeku gosez dago, eta zail jarriko dio oso garaipena. Besteak beste Bartzelonak sobera ezin duela arriskatu badakielako. Xavi Pascualen taldeak begi bistan du denboraldiko hitzordu garrantzitsuena, Berlingo Lauko Finala, eta ezin du sobera arriskatu. Liga erregularra irabaztea ere oso garrantzitsua dela jakitun da Pascual, eta neurtu egin beharko du, edo dena eman. Tauk, aldiz, ez du zer gorde. Liga da sasoia bukatu bitartean daukan erronka bakarra, eta hirugarren titulua lortzeko lehen pausoa etxeko abantaila lortzea dela badaki. Hori liga erregularra irabazita lortzen da, eta arabarrek ziurtatuta izango dute sari hori gaur Bartzelonari irabaziz gero.
Liga erregularra, 16-0 balantzea etxeko partidetan eta marka berria, eta marka berri bat lortzeko aukera. Liga erregular osoan bost partida baino gutxiago galtzea. Ez du inork lortu. Tauk lor dezake. Beste marka bat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: