Bi Gehi Bat Hiru.

acb 1456130451854 ACB Blog (Eki-Dbh4) | 2009-05-14 16:22

Bi gehi bat, hiru

Zonakako defentsa


    Urriaren 5ean hasi zen 2008-2009 denboraldia. Hiru euskal talde ACB ligan, saskibaloiko mailarik gorenean. Maiatzaren 9a, herenegun. Liga bukatu zen eguna. 2009-2010 denboraldian ere hiru euskal talde ariko dira ACB ligan. Bi talderen jarraipena ziurtzat jotzen zen: Tau Baskoniarena eta Iurbentiarena. Bruesarena ez, eta lortu du. Irautea omen pausorik zailena, baina zailtasunak ez dira desagertuko hurrengo sasoian, batez ere alor ekonomikoari dagokionez. Talde guztientzat. Europan ere Euskal Herriko bi taldek jokatuko dute urria-azarotik aurrera. Baskoniaren parte hartzea jakina zen, Iurbentiarena ez. Bigarren urtea dute, jarraian. Hori ere oso pauso garrantzitsua da. Biek elkarren aurka jokatuko dituzte titulurako final-laurdenak. Batek bakarrik egingo du aurrera.

Arnasa

    Iurbentiaren egitasmoak Bartzelonan hartu zuena. Iurbentiak galdu egin zuen, baina jardunaldiko beste emaitzek lagundu egin zioten, eta titulua irabazteko kanporaketak jokatzeko sailkatu da bigarrenez jarraian. Kanporaketek Europako atea irekitzen diote parez pare, eta Europak, sosak biltzeko bide etzanagoa. Jakina baita dagoeneko Iurbentiak ez duela taldea babesten jarraituko. Babesle berriari Kopa txapelketako egoitza eta Europa eskainiko dizkio Bizkaiko taldeko zuzendaritzak, eta hori menu erakargarria da. Konfiantza aldetik ere oso garrantzitsua da zortzigarren postua. Batez ere Iurbentiak ia ezinezkoa zuelako zortzi onenen artean sailkatzea hilabete atzera, Pamesaren aurka galdu ondoren. Taldea hazten ari da, eskailerak igotzen urte batean bai, eta hurrengoan ere bai. Pentsatzekoa da taldeko zenbait jokalari oporrak noiz iritsi zain zeudela, batez ere atzerritarrak. Banic, Pasalic, Lewis, Blums, Seibutis, Markota... Denek egun gutxi egiten dituzte taldean, euren aberrietara itzultzeko gogoa izaten baitute. Oraingoz, 10 egun itxaron beharko dituzte hegazkina hartzeko. Gutxienez.

Lautik hiru

    Gutxienez, Iurbentiak aurkari Tau Baskonia izan arren, gasteiztarrak kaleratzeko gai delako. Tau desagertu antzean ibili da azken hiru asteetan. Berlingo Lauko Finaletik at geratu zen aurrena, eta, ondoren, liga erregularreko txapela irabazi zuen, liga bukatzeko hiru jardunaldi geratzen zirela. Liga irabaztea da orain gasteiztarren erronka. ACB ligako entrenatzailerik onena gidari dutela ekingo diote, Dusko Ivanovic hautatu baitute ligako entrenatzailerik onena. Baskoniak bi tituluak irabazi ditu dagoeneko sasoi honetan: Superkopa eta Kopa. Liga irabaziko balu, hirugarrena litzateke. Hiru titulu, jokoan dauden lauretatik. Arabarren denboraldirik onena izango litzateke, lauetan garrantzitsuena den txapelketan, Euroligan, kale egin badute ere. Tauk Iurbentiaren aurka ekingo dio, eta finalerdietan Bartzelona topatuko du ziurrenik -Pamesaren aurka jokatuko dute kataluniarrek final-laurdenetan-.

Bulego jarduna Donostian

    Bruesak 12. postuan bukatu du liga, eta denboraldi hasierako helburua bete. Ondo bete, gainera. Duintasunez bukatu du liga Bruesak, Malagan, Unicaja ahaltsua asko behartuz. Bulegoko jardunaren ordua da. Pablo Laso entrenatzaileak, Gorka Ramoneda presidenteak eta German Cea gerenteak aste pare bat daramatzate kontuak egiten, aukerak aztertzen. Ez dute euren asmoen berri eman, baina jokalari dantza laster hasiko da Illunbeko bulegoetan. Batzuk kontratua berritzeko joango dira, besteak kitapena kobratzera. Sanchezek eta Pankok kontratua daukate -estatubatuarrak eten dezake, horrenbesteko bat ordaintzen badu-. Lasok Isaac Lopezek eta Ricardo Urizek jarraitzea nahi du. Alex Urtasunek eta Andradek zaila dute, Hopkinsek eskatzen duen diruaren arabera jarraituko du, eta Popovic, Marconato eta Lou Roe ez dira Donostian geratuko. David Doblas geratzen da. Zuzendaritzak jarraitzea nahi du, baina ez du funtsezkotzat jotzen kantabriarra.


Utzi iruzkina: